"Basapiztiei eta, batez ere, basurdeei buruz hitz egin nahi dut"
Geuretik Sortuak beka irabazi du Perezek, eta literatur lana idazteko "inspirazio bila" egon da Ajangizen, Errigoitin eta Muxikan. Herritarren istorioak eta kontakizunak jaso ditu.
Zertan ibili zara Busturialdean azken aste hauetan?
Geuretik Sortuak proiektuaren beka literatur lan bat garatzeko da, eta Ajangiz, Errigoiti eta Muxika dira egokitu zaizkidan herriak. Horiek ezagutu behar izan ditut, herrien idiosinkrazia, izaera eta xarma nolabait jasotzen duen literatur lan bat garatu behar dut. Orain dela bi aste Ajangizen egon nintzen, aurrekoan Errigoitin eta oraingoan Muxikan. Herriaren eta herriak eskaintzen duenaren arabera, bakoitzean jendearengana hurbiltzeko ekintza desberdinak garatu ditut. Niri jendeagaz berba egitea interesatzen zait, euren istorioak jasotzea.
Zeri buruzkoa izango da zure literatur lana?
Berez, basapiztiei eta, batez ere, basurdeei buruz hitz egin nahi dut, basurdea basoaren alde basati horren errepresentazio bezala hartuta. Gauean basurde bategaz topo egiteko obsesioa daukan pertsonaia baten istorioa da, edo izango dela uste dut, orain, agian, gauzak aldatzen doaz eta. Natura eta gizakiaren arteko talka hori eta alde basati horren bilatzea jaso nahi ditut. Hona helduta eta hemengo errealitatea ezagututa, pinudi eta eukaliptoen eta bertoko basoaren arteko gatazka horri buruz ere hitz egingo dudala uste dut. Ideologietan sartu gabe, baina basoari buruz hitz egingo dut, modu batean edo bestean, basoa presente egongo da.
Eta zelakoa izango da?
Bidali nuen proposamena edo proiektuaren ideia oso irekia zen, eta oraindik bada; ez dakit oso ondo zein izango den emaitza. Beti esaten dut literatur lanetan magia ere gertatzen dela; hilabete askotan materiala eta ideiak pilatu eta buruari bueltak ematen dizkiozu, ogia labean bezala, badoa apurka-apurka egiten, eta idazten jartzen zaren egun horretan ateratzen dena, agian, ez zen benetan zuk hasieran pentsatuta zeneukan hori. Baina, lotura bai izango du, seguru.
Eta nola elkartu zara herritarrekin?
Ajangizen udaletxekoek jendea aurkeztu zidaten, eta, gero, elkarrizketak antolatu nituen. Baserrietara joan naiz, beste batzuekin tabernan elkartu naiz, eta batzuk herriko leku bereziren bat erakutsi didate. Solasaldi ederrak izan ditugu. Errigoitin, lehenengo egunean bilera-askari bat egin genuen. Herriko jendea gonbidatuta zegoen, eta elkartu ginenean, neure burua aurkeztu, eta proiektua zein zen kontatu nien. Luze egon ginen hizketan. Horrez gain, haurrekin ere egon nintzen; udalak bazeukan herriarentzako buruhandiak sortzeko proiektua, eta antzerkilaria naizenez eta umeekin asko lan egiten dudanez, eurekin tailer bat egin genuen bi buruhandiak erabakitzeko. Hor ere atera ziren herriko istorioak eta pertsonaiak, eta oso baliagarria izan zitzaidan.
Zure kontura ere ibili al zara herriotan barrena?
Asko ibili naiz auzoz auzo, eta mendi bueltak ere egin ditut. Justu hirurak herri oso sakabanatuak dira, auzo asko eta distantzia nahikoa luzeak dauzkate. Basoaren, naturaren eta basapiztien inguruan idatzi nahi dudanez, jendeagaz biltzeaz gain, basoetatik eta bideetatik pixka bat galdu naiz.
Aktorea zara, eta zure lanbideagaz lotutako tailerra emateko aukera ere izan duzu.
Muxikan antzerki tailerra eskaini nuen hango emakumeekin, martitzenean. Bi aldeetarako aberatsa izan zen; beraiek antzerki tailerra jaso dutelako pertsona berri batekin, eta nik tailer horretatik istorioak eta kontakizunak jasotzeko aukera izan dudalako. Antzerki tailerrak ematen oso ohituta nago, esperientzia handia daukat umeekin, nerabeekin eta helduekin. Erabiltzen ditudan baliabideetako batzuk aukeratu nituen, eta egin genuen lana bakoitzaren kontakizun batean oinarrituta egon zen. Nire laguntzagaz istorio batzuk bildu genituen, eta istorio horien inguruan egin genuen gero antzerki lan txikitxoa. Hartu-eman polita izan zen. Antzerkiaren bitartez beti dena da naturalagoa eta dibertigarriagoa, ez da hain formala. Nik herriei gauzak eskaini nahi izan dizkiet, baina horiek nire lanerako ere balio behar didate.
“Prozesuari denbora eskaini ahal izatea da bekaren gauza ederrenetarikoa”
Hiru asteotan zer biltzea lortu duzu? Zer jaso duzu?
Alde batetik istorioak, kontakizunak eta, beste alde batetik, esperientzia pertsonalak eta sentsorialak ere bai. Beti esaten dut beka honetako gauza ederrenetarikoa dela prozesuari denbora eskaintzeko aukera dagoela. Bizi garen moduan, ohituta gaude dena azkar eta epe laburrean egitera. Eta, hemen benetan atmosfera horretan sartzeko eta xehetasunak bilatu ahal izateko badaukazu aukera. Momentuz, hori da egin dudana; egun osoa koadernoagaz batetik bestera ibili naiz, xehetasunak, hitzak, kontakizunak, esaldiak, esperientziak, sentsazioak… jasotzen. Gero horretatik liburuan zer geratuko den ez dakit oraindik, hori ezin dut erantzun.
Zelako esperientzia izan da?
Hiru herrietan harrera oso polita izan da, eta jendearengandik irekiera polita topatu dut. Jendeak istorio eta esperientzia politak eskaini dizkit. Pertsona batzuek mendira lagundu didate edo basapiztiekin edo basurdeekin lotuta zegoen leku bereziren batera. Muxikan ere ehiztari batzuekin egon naiz arrasto batzuen bila, eta Errigoitin neska batek gauez basora eraman ninduen basurdeak egoten diren toki batera, eta soinuak entzuten egon ginen.
Jasotako dena ezingo duzu islatu, ezta?
Badakit material pila bat kaxoian geratuko dela, ipuin luze bat da, eta ez du ematen jasotzen ari naizen guztirako. Baina, hori guztia nolabait egongo da, eta idazketari emango dio beste dimentsio bat ere bai. Aurreko deialdian ere parte hartu nuen beka honetan; Villabona-Amasan egon nintzen, eta gauza bera gertatu zitzaidan. Konkretuki herriari buruz hitz egin nahi nuen, herriko istorioei buruz. Material piloa jaso nuen, eta oso zaila izan zen aukeraketa egitea. Baina esperientzia hori ez dizu inork kentzen. Eta herri bategaz halako konexioa egin ahal izatea, sakontasun horregaz, ederra izan zen, eta ederra izaten ari da orain ere bai.
Lana egiteko ze epe daukazu?
Beka hau bi urtekoa da, sorkuntza eta hedapenerako beka da, eta dizplina desberdinak daude: antzerkia, literatura, zinemagintza eta komikigintza. Orain egiten ari naizena sorkuntzaren partea da. Momentuz, informazio guztia biltzen ari naiz, materiala biltzen, eta abuztu amaieran berriz itzuliko naiz hona. Ipuin luzea entregatzeko irailaren 21era arteko epea daukat. Sorkuntza garatzeko denbora bat dago, eta gero ekoizpena egiten da, kasu honetan, edizio lan bat egingo da, liburua editatuko da eta, ondoren, hedapen-zirkuitua. Horretan, parte hartu duten herri guztietan aurkezten dira bai antzerki obrak, bai ikus-entzunezkoak bai liburuak. Herri desberdinetan egin den guztia aurkezten da. Zirkuitu kultural hori oso interesgarria da, herri txiki guzti hauetara ere kultura hau ekartzeko. Kasu honetan, hiru herri hauek batera parte hartu dute proiektuan, liburu berean egongo dira eta, beraz, aurkezpen bakarra egingo da, baina ez dakigu zein herritan.