Birziklarte Lehiaketaren sariak banatu dituzte
Udalak lehenengoz antolatu du herriko ikastetxeei zuzendutako lehiaketa. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako 120 bat ikaslek parte hartu dute.
Bermeoko Udalak iaz martxan ipinitako Zeurie be bada garbiketa eta birziklatzeari buruzko sentsibilizazio eta informazio kanpainaren barruan antolatutako Birziklarte Lehiaketako sariak gaur goizean (ekainak 8) banatu dituzte, Gizarte eta Kultura Etxean. “Kanpainaren helburuetako bat izan da bermeotarrari sentsibilizazioa piztea, Bermeo gure etxea dela kontziente izateko, eta gure etxean egiten ez ditugun gauzak kalean ere ez ditugula egin behar adieraztea”.
Lehiaketaren helburuak azaldu ditu Aritz Abaroa jarduneko alkateak: “Egunerokotasunean hondakin pila bat sortzen ditugu, eta horiek birziklatu egiten ditugu, edukiontzi desberdinetara botatzen ditugu. Baina, batzuetan ez gara kontziente zertarako birziklatzen dugun, zein den birziklapen horretatik sortzen den materiala edota zer lortzen den birziklatzeari esker. Horregatik sortu dugu lehiaketa”. Birziklarteren bitartez, birziklapena sustatu eta ume eta gaztetxoen artean birziklatzeko “ohitura onak transmititu” gura izan dituzte, eta era berean, ikasleak irudimena eta sormena lantzera bideratu. “Eta, era berean, asmoa izan da ikasleak konturatzea sarri askotan sortzen ditugun hondakinek bigarren, hirugarren edo laugarren bizi bat eduki ditzaketela”. Talde lana bera zein talde lanean irudimena lantzea garrantzitsua dela gogoratu du Abaroak.
Bermeoko lau ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako 120 ikasle baino gehiagok parte hartu dute. Jarduneko alkateak umeek materialak berrerabiliz objektu berriak sortzeko egin duten “lan eta ahalegin handia” goraipatu eta nabarmendu du. Era berean, ikastetxeei, ikasleei eta irakasleei eskerrak eman dizkie, eta sarituak zein saririk lortu ez arren parte hartu duten denak zorindu ditu.
Udalak lehiaketa gauzatzeko eduki duen laguntza eskertu du. Bermeoko Benito Barrueta Arte Elkarteko Jose Ramon Galdonak, Jabi Santa Eufemiak eta Pedro Laspiurrek, Garbikerreko ordezkari batek eta Bermeoko Udaleko ingurumen teknikari batek eta kultura teknikari batek osatu dute epaimahaia. Besteak beste, originaltasuna, erabilgarritasuna, konplexutasuna eta erabilitako materialak zeintzuk izan diren kontuan hartu dute.
Talde horretako ordezkarien arabera, irabazleak aukeratzea “oso zaila izan da”, ikasle guztiek maila handia erakutsi baitute: “Harrigarria izan da haien irudimena eta egindako lana eta ahalegina. Zalantzarik gabe, Bermeoko ikasle horien artean artista bat baino gehiago aterako da”.
Sariak. Irabazleek egurrezko garaikurrak eta birziklatutako materialagaz egindako motxilak jaso dituzte, eta Mungiako Koopera Reusing Center eta Zornotzako Bizkaiko Zabor Berziklategia bisitatzera joango dira. Horrela, birziklatzeko plantek nola funtzionatzen duten bertatik bertara ezagutuko dute, baita berrerabiltzeak eta birziklatzeak enplegua sortzeko, hondakinak murrizteko eta garapenerako lankidetza-proiektuak babesteko bitarteko gisa daukan garrantzia ere. “Eskerrak emanez, aipamen berezia egin nahi diot Bizkaiko Foru Aldundiari, eta, bereziki, Garbikerri. Epaimahaia osatzeaz gain, lehiaketa martxan jartzen eta bere testuinguruan ekimen desberdinak egiten lagundu digulako”, esan du Abaroak. Izan ere, aldundiak Bizkaian hondakinen tratamendurako dauzkan instalazioetara bisita birtualak egiteko aukera izan dute ikastetxeetan. Garbikerreko teknikarien eskutik ezagutu dute Bizkaian zelan tratatzen diren hondakinak, zer egiten eta zer sortzen den hondakin bakoitzagaz.
Sarituak
LH 5-6. mailak:
- 1. saria: Mohamed Andaloussi, Beñat Ormaza, Urko Gabantxo, Danna Bernal, Leizuri Bernaola eta Blessing Ossagie (San Frantzisko Herri Ikastetxea).
- 2. saria: Alize Renteria, Unax Diego, Ane Medina, Urko Franco, Gorka Velasco eta Eider Egaña (Eleizalde Ikastola).
DBH. 1-2 mailak:
- 1. saria: Haizea Eguez, Elaia Azpeitia, Naroa Ugalde eta Naroa Bercedo (Eleizalde Ikastola).
- 2. saria: Danel Etxebarria, Denis Androni eta Enaitz Rodriguez (Eleizalde Ikastola).