Urdaibaiko bost puntutan hondakinak bilduko dituzte zapatuan
Izena eman behar da Ekoetxearen webgunean, eta leku gutxi geratzen direla esan dute. Garbiketa lanetan parte hartzen dutenek doan bazkaltzeko aukera edukiko dute Ekoetxea Urdaibaiko Madaixagane jatetxean.
Ekoetxea Urdaibaik eta Izaro Subek elkarlanean antolatu dute zapatuko [ekainak 10] garbiketa kanpaina. Hondakinen garbiketa “elkarlanean” egin asmoz, herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera; hori bai, parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman behar dute Ekoetxearen webgunean.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen herenegun [ekainak 5], eta horren harira antolatu dute zapaturako “hondakinen garbiketa handia”. Hala, Urdaibaiko bost puntutan banatuta batuko dituzte hondakinak.
- Gaztelugatxeko San Juan. Oinez (Gehienezko edukiera: 60).
- Bermeoko portua.(Gehienezko edukiera 50).
- Busturia: zundaketa, miaketa eta mikroplastikoen bilaketa. Oinez (Gehienezko edukiera: 20).
- Oka ibaia. Oinez (100 gehienez) eta kayakean itsasadarretik (30 gehienez).
- Murueta. Oinez (Gehienezko edukiera: 90).
Izena ematerako orduan herritarrek adierazi beharko dute zein lekutan egin gura duten hondakinen bilketa. Jakitera eman dutenez, leku gutxi geratzen dira.
Zaborra sortzea eta hondakinek eragindako kutsadura garaiko “ingurumen arazo nagusienetako” bat dela diote
Antolatzaileek azaldu dute helburua “gure lurreko eta gure kostaldeko hondakinek eragindako kutsadura ezabatzea” dela, batez ere, erabilera bakarreko plastikoek eragindakoa, “horiek baitira kanpaina horren protagonistak”.
Zaborra sortzea eta hondakinek eragindako kutsadura “garaiko ingurumen arazo nagusienetako” bat dela azaldu dute: “Gure osasunari eta planetako biodibertsitateari eragiten die. Horren adibide da minuturo milioi bat plastikozko botila saltzen direla mundu osoan, eta horietako askok gure itsaso eta ibaietan amaitzen dute; 400 urte baino gehiago behar izaten dira deskonposatzeko”.
Erronka handi hori konpontzeko, “garrantzitsua” da horien ustez gizarteko eragile guztiak inplikatzea, baita herritarrak ere. Urdaibaiko ingurua garbitzeaz gain, pertsonak “kontzientziatu” gura dituzte, “ekintzetara pasatzeko eta konponbidearen parte izateko”.
Andoni Bastarrika artistak izurde baten hondarrezko eskultura bat egingo du Busturiako San Antonio hondartzan
Garbiketaz gain, beste hainbat ekintza antolatu dituztela jakitera eman dute. Ekimenean parte hartuko dutenak 10:00etan hasiko dira garbiketa lanetan. Bitartean, Andoni Bastarrika artistak izurde baten hondarrezko eskultura bat egingo du Busturiako San Antonio hondartzan. Ondoren, 14:00etan, elkarlanean aritu diren bolanturioentzako doako bazkaria egongo da Urdaibai Ekoetxeko Madaixagane jatetxean. Azkenik, 15:30ean, aurkitutako mikroplastikoen analisia eta diagnostikoa egingo dute. Era berean, plastikoak murrizteko aholku praktikoak emango dizkiete bertaratutakoei.
“Konpainia onean egun bikaina pasatzeko” aukera egongo dela eta “denen artean biosfera erreserba garbiagoa eta plastikorik gabea lortzeko” lan egingo dutela azaldu dute.
2019an egin zuten Zero Plastiko Urdaibai Ozeanoen Munduko Egunean. Orduan 8 tona hondakin batu zituzten 2.500 boluntariok eta 300 urpekarik Urdaibaiko kostaldean, Gaztelugatxetik Elantxoberaino.