Bermeoko 'Beti Euskal Herria' ontziko arduradunen jokaera salatu du LABek
Maiatzaren 8an, itsasoratzeko prest zeuden arrantzaleak eta 'Beti Euskal Herria' arrantzontziaren armadoreak "arrazoirik eta azalpen garbirik eman barik" ez zirela aterako esan zien. Gizarte segurantzan "zortzi arrantzaletik lau" zeuden alta emanda.
LAB sindikatuak Bermeon egin du gaur [ekainak 7] elkarretaratzea, hain zuzen ere, Beti Euskal Herria baxurako itsasontzia atzean zutela. “Momentuz” portuan amarratuta geratuko dela azaldu dute sindikatuko ordezkariek, eta hori Bermeoko portuarentzako “albiste txarra” dela diote, baita Euskal Herriko arrantzarentzat, eta “bereziki, ontziko arrantzaleentzat.
Maiatzaren 8an, itsasoratzeko prest zeuden arrantzaleak eta Beti Euskal Herria arrantzontziaren armadoreak “arrazoirik eta azalpen garbirik” eman barik ez zirela aterako esan zien. “Kofradiara jo zuten eta han esan zieten enpresak langile guztiak gizarte segurantzan bajan emanda zeuzkala. Aurreabisu barik, kontratu amaiera barik edo kaleratze gutunik barik, finikito eta kalteordainik barik, eta azalpenik barik”, azaldu dute LABeko ordezkariek. Gainera, gizarte segurantzan alta emanda “zortzi arrantzaletik lau” baino ez zeudela argitu dute. Egoera hori edozein enpresetan “larria” bada ere, “are larriagoa” da itsasoan lan egiten dutenentzat, “ezinbestekoak diren segurtasun, salbamendu eta lehen sorospen ikastaroak jaso barik daudelako”.
Beti Euskal Herria ontziaren arduradunek egin dutena, arrantza sektorearen “bilakaeraren isla” da sindikatu abertzalearen arabera: “Instituzioek sektorearekiko duten utzikeriak eta armadoreen interes pribatuek langileriaren zapalkuntza eta arazoak areagotzea dakar. XXI. mendeko esplotazioaren aurpegi bilakatzen ari da arrantza sektorea, hemen, etxean”.
Bermeoko ontziaren arazoak “Patronalaren eta instituzioaren arrazakeriari” erantzuten diotela aipatu dute, bereziki Euskal Herriko arrantza sektoreari eragiten diola gaineratuz: “Langile asko migratu eta arrazializatuak dira, Espainiako Estatuko atzerritarrei buruzko legeak baldintzatuta. Horrek ezkutuko ekonomian egotera behartzen ditu, oinarrizko eskubideak ukatuz”. XXI. mendeko “arrantza esklabismoagaz” amaitzeko, LAB sindikatuak exijitzen du langile horien eskubideak urratzen direnean “administrazioek bere gain har ditzatela erantzukizun politikoak, eta beraien lanaren jarraipen eraginkorra egitea, erregularitzeko mekanismo posibleak bermatuz, lan eta bizi baldintza duinak eduki ditzaten”.
Langileen eskubideak errespetatzeko, lan baldintza hobeak lortzeko eta injustizia horiekin guztien amaitzeko, “antolatu eta borrokatu” beharra dagoela nabarmendu dute, “inork ez digulako ezer oparituko”.