Adituek gidatutako ibilbide arkeologikoen eskaintza bueltan da
Uztailean eta abuztuan eskainiko dituzte Urdaibaiko Ibilbide Arkeologikoak, eta horiek egiteko aurretiaz izena eman behar da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibilbide Historikoak programak Urdaibaiko aztarnategietarako ibilbide arkeologikoak, Lea eta Barbadun ibaietan zeharreko Burdinen Ibilbideak eta Bizkaiko Zin-bide historikoa biltzen ditu.
Ekainetik irailera bitartean eskainiko dituzte aurten ere, eta horiek egin ahal izateko 688 85 66 89 telefonora deituta edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita izena eman behar da.
Urdaibaiko Ibilbide Arkeologikoetan Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5.000 urteko historia, Neolitotik Erdi Arora, ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, uztailean eta abuztuan. “Eskaintza kultural honek, Bizkaiko historiaren sekuentzia erabakigarriak zabaltzeaz gain, iraunkortasuna eta natura-ingurunearekiko eta ondare-baliabidearekiko errespetua bermatu nahi ditu. Horregatik, bisitak talde txikietan egingo dira”.
[IKUSI IBILBIDE ARKEOLOGIKOEN EGUTEGIA]
Arkeologian, biologian, toponimian eta euskal filologian adituak direnen eskutik, bisita batzuk tren turistikoan egiten dituzte eta beste batzuk oinez, eta zeinu-hizkuntzako bisita bereziak ere badaude.
Berrikuntza modura, Foruko Erromatar Herrixkan ari diren arkeologia-taldeen lana bertatik bertara ezagutuko dute bisitariek. Gainera, bertako eta Arrolako Oppidumeko bisitak errealitate birtualarekin osatu dituzte.
Hain zuzen ere, bost dira gune arkeologikoak: Arrolako Oppidumeko aztarnategi arkeologikoak (Arratzu), Foruko Erromatar Herrixka, Tribisburuko Nekropoli Erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozargo Gaztelua (Ereño) eta Katillotxuko Estazio Megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).
[IKUSI IBILBIDE ARKEOLOGIKOEN EGUTEGIA]
Zin-bidea, irailean. Bestalde, Bizkaiko Jaunak Foruak zin egiteko zeharkatzen zituen tokietan murgiltzeko gonbidapena eskaitzen du Bizkaiko Zin-bideak: “Gure lurralde historikoaren bihotza zeharkatu eta gure nortasun politikoaren jatorria ezagutzeko modu interesgarria da; ondarea, historia, mendi-ibiliak eta paisaia batzen ditu”.
Hiru etapetan banatuta dago: Bilbo-Larrabetzu (17 km), Larrabetzu-Gernika-Lumo (18 km) eta Gernika-Lumo-Bermeo (20 km).
1. etapa irailak 8an izango da, 2.etapa 9an eta 3. etapa 10ean. Irailaren 15an,16an eta 17an, ostera, autobusez egingo dute zin bidea. Oinez zein autobusez egin, Bilboko Unamuno plaza izango da topagunea. Oinezko etapetarako 08:00etan elkartuko dira. 2. eta 3. etapen hasierako lekura autobusez joango dira, eta hiru etapetan autobusez bueltatuko dira. Bestalde, irailaren 15an,16an eta 17an, autobusez ibilbide egiteko 09:00etan aterako dira Bilbotik.