Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta aurrekoetan egin modura, egun horren harira Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Busturiko Ekoetxea Urdaibain egin du ohiko bilera.

Goizean iritsi dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta sailburuak Busturiko Ekoetxea Urdaibaira. Izan ere, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, bertan batu dira ohiko bilera egiteko. Bertan, harrera egiteko zain zuten Busturiko zinegotzi Naiara Ruiz.
Besteren artean, ingurumen hezkuntza bultzatuko duen BOOST proiektua aurkeztu dute. Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean, lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua ingurumen hezkuntza bultzatzeko BOOST proiektuaren kide diren eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariekin bildu dira. Aipatu bileran azken hilabeteetan egindako lana baloratu dute, eta hurrengo jarduerak elkarrekin diseinatu dituzte. Erakunde horiek, besteak beste, jasangarritasunerako ingurumen hezkuntzari buruzko berrikuntza eta gaikuntza plataforma bat abian jartzen lagunduko dute, “ingurumen erantzukizun berri baterantz ikasten lagunduko duten komunitateak aktibatzeko”. Jakitera eman dutenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan ingurumen hezkuntzagaz konprometituta dauden 30 eragile daude atxikituta; erregistroak zabalik jarraitzen duela gogorarazi dute.
Tapiak azaldu du proiektuaren helburua zubiak eraikitzea dela: “Ingurumen hezkuntza ikasgeletara eta ikasgeletatik haratago eroateko lankidetzan aritzea; komunitatearen ahaleginak aldaketa eraginkor baterantz zabaltzeko diziplina anitzeko sareak eraikitzea; ingurumen hezkuntzaren arloan Bizkai, Araba eta Gipuzkoan lan egiten duten eragile guztien komunikazio kanal erreferente bat izatea; eta ingurumen/klima hezkuntzaren arloan hezitzaileak gaitzea, bizi osoan etengabeko prestakuntza bultzatuz, egoeretara eta testuinguruetara egokituta”.

BOOST proiektuan parte hartzen duten Ingurumen hezkuntzako Eragileekin bildu dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia sailburua. Argazkia: Irekia
Ingurumen hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du Tapiak: “Ingurumen hezkuntza etengabeko prestakuntza prozesu bat da, non herritarrak informatuta eta inplikatuta dauden, eta tresnak, gaitasunak eta konpromisoa dituzte garapen iraunkorraren alde banaka zein taldean jarduteko, iraunkortasunaren hiru ardatzak kontuan hartuta (soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa)”.
Hala, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu du Bizkai, Araba eta Gipuzkoak “ingurumen hezkuntza bultzatzearen eta herritar guztiei hedatzearen alde” egin duela, “ez soilik enpresen, erakundeen eta hezkuntzaren esparruan”.
Eskola jasangarriaren diploma. Gobernu Kontseilua egiteaz gain, beste urte batez, Eskola Jasangarria ziurtagiriak banatu dituzte gaur [ekainak 6] Ekoetxea Urdaibain. Eskolako Agenda 2030 Programan parte hartzen duten 25 ikastetxe publiko eta itunduk jaso edo berritu dute ziurtagiria. Horien artean, Muxikako Urretxindorra Herri Eskolak ziurtagiria berritu du, “berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren alde egiten duten lanagatik”. Lehendakaria eta sailburu guztiak egon dira ekitaldian, baita ere ikasle, irakasle eta ikastetxe horietako udalerrietako ordezkari eta alkate ugari.
Denen izenean, zenbait ikaslek jasangarriak izateko egiten dituzten ekintzak deskribatu dituzte. Diplomak banatu ostean, lehendakariak programan parte hartu izana eskertu eta aitortu du, eta “hezkuntzak mundua aldatzeko duen garrantzia” nabarmendu du. Era berean, “planeta behar bezala ez zaintzeagatik” aurreko belaunaldikoen izenean “barkamena” eskatu die: “Badakigu jarrera horrek ondorioak edukiko dituela, eta horietako batzuk ikusten eta pairatzen ari gara”.
Cyberzaintza. Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak, bestalde, Gobernu Kontseiluak onartu duen Cyberzaintza Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia Sortzeko Lege Proiektua aurkeztu du. Erakunde publiko berri horrek berezko nortasun juridikoa edukiko duela esan du, eta Internet eta teknologia berrien erabileraren ondoriozko mehatxuei “modu integralean eta zeharkakotasunez” aurre egiteko sortuko da. Eusko Legebiltzarrak onartzen duenean, agentzia berria Segurtasun Sailari atxikituta egongo da eta Eusko Jaurlaritzak, agentzia sortzen denetik aurrera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan zibersegurtasunaren arloko arriskuei aurre egiteko “beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak” edukiko ditu.

ErNE, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuek deituta, ehunka ertzain batu dira gaur Ekoetxea Urdaibairen kanpoaldean protesta egiteko. Lan baldintzen negoziazioan, agenteek “ez dutela borondate faltarik erakutsi” esan dute. Euren ustez administrazioa da “bidea zailtzen” ari dena.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren arabera, “erabat gezurra” da 2012tik ertzainen lan baldintzak ez direla aldatu esatea. Bere esanetan, lan baldintzen akordioak hiru aldaketa eduki ditu ordutik. Negoziazioetarako “beti prest” egon direla aipatu du.