Familiartean gogoratu dituzte Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean hil ziren 269 presoak
Gaurkoa oroimenean "garrantzi handia" daukan ekitaldia dela azaldu dute: "Memoriaren hariak batzen gaitu berriro Gernika-Lumon, ahanzturan geratu ez dadin".
Pipergorri Kultur Alkarteak Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean hil ziren 269 presoak omendu ditu gaur [ekainak 3]; familiartean egin dute omenaldia Gernika-Lumoko Zallo hilerrian, 269 Memorialaren aurrean, hain zuzen ere.
Gaurkoa oroimenean “garrantzi handia” daukan ekitaldia dela azaldu dute: “Memoriaren hariak batzen gaitu berriro Gernika-Lumon, ahanzturan geratu ez dadin”.
Pipergorrikoek ekitaldian gogorarazi gura izan dute ehundaka preso errepublikarrek bertan jasan zuten “egoera jasanezina”. Hildakoen gorpuak Gernika-Lumoko hilerrian lurperatu zituzten, eta ekitaldiagaz “merezi duten duintasuna” eskaini gura diete, “hildakoei zein haien familiei”.
“Fernandez eta bere kideak askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik sartu zituzten preso, beste era batera esanda, bigarren errepublika defendatzeagatik”
Duela 83 urteko ekainaren 3an hil zen Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarreko azken presoa, Benito Fernandez asturiarra; hortik, gaurko egunean ekitaldia egitearena. “Fernandez eta bere kideak askatasuna eta demokrazia defendatzeagatik sartu zituzten preso, beste era batera esanda, bigarren errepublika defendatzeagatik”, azaldu dute.
Memoria berreskuratzeko proiektu honetan, “esanahi garrantzitsua” izan duela diote senideen oroitzapenak elkarbanatzea, eta horregatik familiei eurei hitza eman gura izan die gaurko ekitaldian. Izan ere, Extremadurako, Andaluziako, Nabarnizko… presoen familiak bertaratu dira. Euren hitzak “harribitxiak” direla nabarmendu dute.
Gogoratzen dut Gernikara trenez iritsi ginean, bonbardaketagatik suntsitutako Gernika ikusi genuela. Ia enuen aita ezagutu, oso ahul zegoen.
Muskizko Konstantino Fernandez presoaren alabak aita gogoratu du gaur Zallo hilerrian. “39 urte zituela hil zen nire aita Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean, 1938an. Nire amak zenbaitetan bisitatu ahal izan zuen aita, ni eta nire aizpa behin bakarrik etorri ginen. Gogoratzen dut Gernikara trenez iritsi ginean, bonbardaketagatik suntsitutako Gernika ikusi genuela. Ia enuen aita ezagutu, oso ahul zegoen. Gu besarkatu ostean amari esan zion gu ez abandonatzeko. Handik lasterrera Muskizko zentralitara iritsi zen nire amarentzako mezua, aitaren heriotzaren berri ematen zuen. Beste bizi bat hasi zen gure familiarentzat. Ez genuen uste nire aitaren eta gainontzeko 268 presoen historia herri honetako historiaren parte izango zela, aintzatespena izango zutela eta hilobi baten faltan, horien guztien izenekin osatutako plaka bat izango zutela. Orain, loreak ekarri ahal ditugu”, azaldu du emozio osoz Fernandezen alabak.
Fernando Campinen senideek ere parte hartu dute gaurko omenaldian, eta bere ilobak hartu du hitza: “Nire osaba 17 urtegaz aldendu zuten familiarengandik. Denbora luzean ez genuen bere berririk izan, baina larri gaixotu zen eta Gernikara iritsi zen, bakarrik eta gaixorik. Gurasoek ez zuten haren berririk izan hil ostera arte, gainontzeko berririk barik. Eskerrak eman gura dizkiegu Pipergorrikoei egin duten lanagatik”.
Hainbat lekutan egon zen preso. Familiak Martinek idatzitako bost gutun gordetzen ditu. Bizi zuten egoera gogorraren berri ematen du horietan; hotza, gosea eta lan baldintza gogorrak.
Ramon Ferrer preso ohiaren familiak ere Gernikan egon gura izan du gaur, ilobek gogoratu dute osaba: “Kordoban jaio zen Ramon, familia anarkista eta bakezale batean, meatzariak ziren. Aitak esaten zigun osaba lasaia zela, inoiz ez zuela borrokatzen. Uste dugu 1937aren amaiera eta 1938 hasiera artean mugitu zutela, 18 urte zituen. Azken eskutitzetako batean 7 edo 8 pezeta bidaltzea eskatzen zituen arropa beroak erosteko, baina ezinezkoa izan zen. Gutxira iritsi zen heriotza-agiria, 20 urte egin eta astebetera hil zen. 2007an hasi ginen osaba bilatzen, Ondarroatik hasi ginen. Urte asko geroaro, nire ilobak Internetean osabaren izena jarri eta zerrenda batean ikusi zuen. Emozioz betetako unea izan zen. Udalera deitu genuen eta horien bidez jarri ginen Pipergorrigaz harremanetan. 2019ko urrian Gernikara etorri ginen eta elkarteko kideak ezagutzeko aukera izan genuen. Eskerrak eman behar dizkiegu gure senideen memoria eta ohorea mantentzeagatik”.
Nabarnizetik, Martin Gabikaldekoaren lobak egon dira gaur Zallon: “1913an jaio zen Martin Nabarnizen. Gerran AriztimuƱo batailoian aritu zen gudari. Hainbat lekutan egon zen preso. Familiak Martinek idatzitako bost gutun gordetzen ditu. Bizi zuten egoera gogorraren berri ematen du horietan; hotza, gosea eta lan baldintza gogorrak. Gallartako mehategian gaixotu eta Gernikara ekarri zuten, baina ez sendatzera. Familia beti zuen gogoan, eta hala adierazten zuen gutunetan. Familiako kontaktuei esker Martinen gorpua Nabarnizen lurperatzea lortu genuen. Amaiera duin bat izan du, izan zuen bizitza gogorrerako”.
Proiektuak hasieratik Gogora Institutuaren babesa izan duela adierazi dute. Jose Antonio Rodriguez Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak esan du “memoria daukan etorkizuna” behar dela, “egiazkoa eta 269 hildakoen borroka balioan jartzen duena”. Era berean, balioan jarri gura izan du elkarte desberdinek memoria berreskuratzeko egiten duten lana.
Ekitaldian, gainera, Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean hildakoen 269 izen-abizenak irakurri dituzte banan-banan, izena eta izana emateko. Lore eskaintza egin eta minutu bateko isilunea ere egin dute bertaratutakoek.