Sollubeko mendizaleek Ezkabako ihesaldiaren ibilbidea egingo dute hiru etapatan
Domekan [ekainak 4] egingo dute lehenengo etapa, eta irteera "bereziena" izango da. Bertsoak, lore eskaintza, ohorezko aurreskua... prestatu dituzte geldialdi desberdinetan egiteko.
Duela 85 urte, Ezkaba mendian (Iruñea) San Kristobal presondegitik ihes egin eta Frantziara iritsi gura zuten presoek egitea pentsatuta zeukaten bidea egingo du Bermeoko Sollube 707 mendizale taldeak. Bidea hiru etapatan egingo dute, eta lehenengo hitzordua domekarako [ekainak 4] zehaztu dute.
Ibilbidea iaz egitekoak ziren. Izan ere, San Kristobal presondegitik ihes egindako presoak omentzeko jarduerak antolatu zituzten mendizaleek: Lur azpitik lur azaleratuz izeneko erakusketa jarri zuten eta San Kristobaleko memoria, guztion memoria izeneko hitzaldia ere eskaini zuten. Hala ere, arrazoi desberdinak tarteko, ibilbidea bertan behera utzi zuten, eta aurten egingo dute.
1938ko maiatzaren 22an presondegitik 795 presok ihes egin zuten; Frantziara ihes egin gura zuten. Horietatik hiruk lortu zuten muga zeharkatzea, 586 berriro harrapatu egin zituzten eta 206 tiroz hil zituzten
Domekan [ekainak 4], Ezkaba eta Olabe arteko bidea egingo dute; 14 kilometroko ibilbidea dela zehaztu dute. Autobusez joango dira Ezkabaraino, eta 07:00etan aterako dira azokako geltokitik. 39 pertsona joan daitezke autobusean, eta lekuak ia beteta daude. Hala ere, interesa daukatenek 619 75 31 98 telefono zenbakira deitu dezakete.
Domekakoa irteera “berezia” izango dela adierazi dute mendizaleek. Sabin Bilbaok Sollube 707 mendizale taldeko kideak gogorarazi duenez, 1938ko maiatzaren 22an presondegitik 795 presok ihes egin zuten: “Frantziara ihes egin gura zuten. Horietatik hiruk lortu zuten muga zeharkatzea, 586 berriro harrapatu zituzten eta 206 tiroz hil zituzten mendian bertan”. Hala, horiek guztiak omentzeko asmoa daukatela iragarri du.
Lehenengo etapan bisita desberdinak egitea daukate aurreikusita. Lehenik eta behin, Ezkaba mendiaren hegoaldeko hegalean dagoen 1988an eraikitako oroigarrian egingo dute geldialdia. Bertan, Txinparta elkarteko Koldo Pla edukiko dute zain azalpenak emateko. Oroigarrian bertan Agur Jaunak abestuko dute, eta San Kristobal gotorlekurako bidea hartuko dute, sarrera nagusian geratuko baitira. Bertan, Iker Uriartek aurretiaz grabatuko dituen lau bertso jarriko dituzte, eta presoen omenezko lore eskaintza egingo dute. Ohorezko aurreskua ere dantzatuko du Lore Barrenak, Lorea Landaluze txistulariak lagunduta. Preso galiziar bik sortu zuten ereserkia abestuz utziko dute lekua, eta handik Botilen Hilerrira abiatuko dira. Ander Oleagak prestatutako hiru bertso irakurriko dituzte bertan, eta botiletan sartuko dituzte krabelin banagaz, Botilen Hilerrian bertan uzteko. Memoria Historikoaren Leku izendatuta dagoen Olabeko hobia ere bisitatuko dute domekan; han Txoriak Txori abestuko dute.
Bigarren etapa ekainaren 18an egingo dute (Olabe-Saigotsera-Erro Mendatea); lehenengoa baino zertxobait luzeagoa izango da da (21,8 kilometro).
Hirugarren eta azken etapan ere 21,8 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta uztailaren 2an egingo dute. Horretan, Erro Mendatetik hasita Sorogainera abiatuko dira, eta Urepelen amaituko dute.