Lagundutako bainu zerbitzua hondartza denboraldi osoan egongo da erabilgarri Bizkaian
Eguenean [ekainak 1] hasiko da Bizkaiko hondartza denboraldia. Busturialdean Laidatxun (Mundaka) eskainiko da lagundutako bainu zerbitzua; erreserbak aurretiaz egin beharko dira, BizkaiUp aplikazioaren bidez.
Beste behin ere, ekainaren 1etik [eguena] irailaren 30era arte luzatuko da Bizkaiko hondartza denboraldia. Aurten, baina, mugikortasun arazoak dituztenei zuzendutako lagundutako bainu zerbitzua denboraldi osora zabaltzea erabaki du aldundiak; orain arte zerbitzu hori bakarrik uztailean eta abuztuan eskaintzen zen. Ondoko hondartzetan egongo da zerbitzua erabilgarri: Gorliz, Bakio, Arena (Muskiz), Ereaga (Plentzia), Laidatxu (Mundaka), Isuntza (Lekeitio) eta Arrigorri (Ondarroa).
Amaia Antxustegi Irakunortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu lekeitiarrak azaldu duenez, erabiltzaileen eskaerak kontuan hartuta zabaldu dute zerbitzua. “Talde teknikoak zeuden aukerak aztertu ditu eta lagundutako bainu zerbitzua hartzeko ezaugarri egokiak dituzten beste bi hondartza gehiagotan ere eskaintzea adostu dugu”. Hain zuzen ere, Gorliz eta Bakio dira zerrendara gehitu diren herriak. “Zerbitzua zabaltzeko konpromisoa hartu genuen, eta bete egin dugu”, gaineratu du Antxustegik.
Zerbitzua erabiltzeko erreserbak. Lagundutako bainu zerbitzua erabiltzeko aurretiaz egin beharko dira erreserbak, BizkaUP aplikazioaren bidez (PlayStore – AppStore). Dena dela, erabiltzaileen erregistroa aurrez aurre egingo dute zerbitzu hori emateko hondartzetan egongo den karpan.
Helburua herritarrei “kalitate goreneko” zerbitzua ematea dela dio Antxustegik. “Herritarrek hondartzez gozatzea nahi dugu”. Bide horretatik, segurtasunean jarri dute beste behin ere arreta: 168 sorosle eta hondartzain ariko dira lau hilabetez Bizkaiko hondartzetan”.
Lantaldea. Egunero eskualdeko 7 koordinatzaile, koordinatzaile nagusi bat eta 88 sorosle ariko dira lanean. Busturialdean eta Lea-Artibain honela banatuko dira: 2 Aritzatxun (Bermeo), 2 Laidatxun (Mundaka), 2 Toñan (Sukarrieta), 4 San Antonion (Busturia), 6 Laidan eta 4 Lagan (Ibarrangelu), 2 Ean, 2 Ogellan (Ispaster), 3 Isuntzan (Lekeitio), 5 Karraspion (Mendexa) eta 2 Arrigorrin (Ondarroa).
Hondartzak garbitzen eta mantentzen 101 pertsonako lantaldea ariko da. Eta, iaz modura, aurten ere zakarrontziak hondartzetatik kanpo kokatuko dituztela diote; hondartzetako sarrera-irteeretan egongo dira.