Gautegiz Arteagako Udalak energia plan integrala osatu du
Udalak energiari buruz landu duen "proposamen integrala" herritarrei aurkeztuko die eguenean [ekainak 1], 19:00etatik aurrera, Aretxederreta Kultur Etxean. Proposamenean "energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa gehitzeko" ekintzak jaso dituzte.
Klima-aldaketari aurre egiteko herriko plangintzari buruzko azterlana da, eta udal eredu energetikoan aldaketak planteatzen ditu, bai eta energia propioa sortzen lagunduko duten ekintzen bideragarritasuna eta herriko energia komunitate bat sortzea.
Herriko energia planaren helburuak dira lehen mailako energiaren kontsumoa murriztea, berotegi efektuko gasen emisioa murriztea, energia barriztagarrien ekarpena handitzea, herriko hazkunde ekonomikoa sustatzea eta kalitatezko lanpostuak sortzea –nekazaritzako eta basogintzako kudeaketa hobetzea bertako espezieak sustatuz– bai eta ere biodibertsidadea eta ekosistema babestea eta sustatzea, eta herriko sorkuntza banatua sustatzea eta energia-kontsumoa merkatzea.
Planean ezarritako helburuak lortzeko azterketa sakona egitea eta herritarren iritzia ezagutzea beharrezkoa dela esan dute
Azpimarratu dutenez, helburu horiek lortzeko “beharrezkoa” da udalerriaren azterketa sakona egitea eta, era berean, herritarren iritzia ezagutzea, “egungo egoeragaz eta zentzunez jarduteko beharragaz kontzientziatzea, eta herritarren eta udal administrazioaren arteko lankidetza moduak bilatzea”. Jasotako ekintzak hogei urtetan garatzeko aurreikuspena egin dute, aldizkako jarraipen txostenak eginez. Lehenengoa gehienez bi urteko epean egingo dute, planaren eragina eta eraginkortasuna baloratzeko, inbentarioak eguneratzeko eta ekintzen egoera eta jarraipena zehazteko.
Eredu berrien garapena. Bultzatzaileen ustez, plan horrek “aurrerapen handia” eta jasangarritasun eredu berrien garapena “bultzatuko” ditu herrian. Gaur egungo eta hurbileko ingurumen erronkei aurrea hartzeko, Euskadi 2030 Energia Estrategiagaz bat etorrita, gakoak ondokoak izan dira: Energia Barriztagarriak, Sorkuntza Banatua (tokiko energia sortzean datza); Eraginkortasun Energetikoa; Jasangarritasuna; Subiranotasun energetikoa; Ikuspegi holistikoa.
Juan Felix Naberan jarduneko alkateak xehetasunak eman ditu: “Plana martxan jartzeko arrazoi edo helburu nagusiak izan dira bizilagunentzat eta udalarentzat elektrizitatearen faktura merketzeko alternatibak bilatzea, atmosferara CO2 gutxiago isurtzea lortzea eta klima aldaketa arintzen laguntzea. Gero eta gehiago entzuten den gaia da hau, eta udala eta herritarrak planetaren eta eguneroko pertsonen preminazko arrazoiengatik kezkatuta gaude, hurrengo belaunaldiei mundu bizigarri bat uzteko daukagun erantzukizunagatik”.