"Boto kopurua jaitsita ere, norberak gora egitea albiste izugarria da"
EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Foru Hauteskundeetan; duela lau urte baino 16.000 boto gehiago jasota, 15 jesarleku lortu dituzte.
Bizkaiko Batzar Nagusietarako Busturia-Uribe barrutiko EH Bilduren zerrendaburua da Jon Arriola Espilla berriatuarra. 51 hautetsietatik 15 eskuratu ditu koalizio abertzaleak; bost eserleku irabazi dituzte, horietako bat bertoko barrutian. Hauteskunde kanpainako inkesten aurreikuspenak gainditu dituzte, inoizko emaitzarik onenak lortuz.
Foru hauteskundeetako emaitzak eskuetan, zelako balorazioa egiten duzu?
Emaitzak oso-oso onak dira EH Bildurentzat. Busturia-Uribe barrutian hiru jesarlekutik bostera pasa izana albiste handia da. Bizkaian 16.000 boto gehiago lortu ditugu, lau urtean horrelako jauzia ematea emaitza itzela da. 15 juntakide izango dira guztira, inoizko gehien. Lea-Artibain, herri denetan gailendu gara Ispaster eta Etxebarrian izan ezik. Lea-Artibain EH Bildu da lehen indarra udal zein foru hauteskundeetan, diferentzia handiagaz: 1.300 bozka. Gernika-Lumo, Lekeitio eta Markina-Xemein bezalako plaza handiak berreskuratu ditugu. Herri txikiago askotan ere gure sendotasuna indartu dugu, emaitzak hobetuz, boto kopurua bikoiztu edo hirukoiztuz.
Lurralde tradizionalki jeltzalean, Euskal Herriko joera positiboa mantentzea lortu duzue.
Bizkaian 132.000 bozka lortu ditugu. 2011ko EH Bilduren olatuaren markak gainditu ditugu, alde handiz, gainera, juntakideetan zein boto kopuruan. Eta kontuan hartu behar da aurten duela lau urte baino askoz jende gutxiagok bozkatu duela. Boto kopurua jaitsita ere, norberak gora egitea albiste izugarria da.
Zeintzuk izan daitezke EH Bilduren gorakadaren arrazoiak?
EH Bildu asmatzen dabil herriagaz konektatzen; argi dugu herriarentzat gobernatzen dugula eta ez alderdiarentzat. Joera hau saretu egin da. Herriaren nahiak eta eskubideak aurrean jartzen ditugu, horrek gure emaitzak onak izatea egin du. Udal hauteskundeetan, orokorrean, gobernatu dugun herri guztietan igo gara, eta hori ez da bat ere erraza, horrek esan nahi du lan ona egiten ari garela. Lortu dugu EH Bilduk gobernatzaile onaren etiketa edukitzea.
“Erakutsi dugu alternatiba egon badagoela, eta hori EH Bildu dela”
Abstentzioak, beste alderdi politikoei guztiei ez bezala, kasu honetan mesede egin dizue?
Hauteskunde kanpainan jakin izan dugu gure hautesleak bozkatzearen garrantziaz jabetzea, eta garrantzi horren jakitun, hauteslekuetara eramaten ere jakin dugu. Horregatik, emaitzak mantendu bakarrik ez, hobetzea ere lortu dugu. Alderdi guztietatik, esango nuke batez ere EAJ izan dela kaltetu nagusia; 50.000 boto galdu ditu Bizkaian bakarrik, horiek biztanle asko dira eta eragin zuzena dute. Euskal Herri osoan galdu ditu, baina gehien bat Bizkaian, aginte gehien izan duen lurraldean.
Zeintzuk dira zuen helburuak Bizkaiko Batzar Nagusietarako datorren agintaldian?
EH Bilduk orain arteko bideagaz jarraituko du, hori da arrakastaren bidea. Udalez udal herritarrekin herria hurbiltasun osoz kudeatuz. Herriagaz konektatuta jarraitu behar dugu. Politika eraldatzaileak garatu ditugu jada, eta horiek indartu behar ditugu, krisi garai honetan mundua eraldatzen ari da, eta horrek exijitzen du maila mantendu behar izana,herritarrak erdigunean jarriz. Bizkaian oposiziotik jarraituko dugu, baina bigarren indarra garenez, azken agintaldian baino lidergo handiagoagaz ariko gara. Erakutsi dugu Bizkaian alternatiba egon badagoela eta alternatiba hori EH Bildu dela. Datozen lau urteetan jarraituko dugu herri desberdinetako elkarte eta herritar desberdinekin harremanetan egoten, horien nahiak ezagutu eta oposiziotik Bizkaian ere eraldaketa martxan jarriko dugu.