Kabidxen "herrira begirako hainbat lan" egiteko batzen direla gogorarazi dute erabiltzaileek
Jeltzaleek ohar bidez jakinarazi dute Kabidxeko jarduerak kultur etxean birkokatzea dela euren asmoa, "2023aren amaieran bertan ematen diren zerbitzuak udaletxera lekualdatzen direnean".
“Kabidxe ez da edozer gauza, ez da lokal edo txoko bat, Kabidxe Goiko Plazako gune soziala da; bertan batzen gara Bermeoko hainbat talde eta eragile, adin eta kolore guztietako jendea”, azaldu zuten Kabidxeko erabiltzaileek SOS Kabidxe lelopean barikuan [maiatzak 26] egindako agerraldian. EAJk Kabidxen Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroa kokatzeko asmoa duela iragarri ostean deitu zuten agerraldia.
Jeltzaleen proposamenagaz ez daude ados, eta horren aurka egingo dutela zehaztu dute. Agerraldian esan zuten Kabidxeko erabiltzeek “ez zutela horren berri”, eta “jokaera maltzurra” izan dela gaineratu zuten.
Kabidxen herrira begirako “hainbat lan” egiten dira: hitzaldiak, tailerrak, batzarrak… Olentzeroren Laguntzaileek, pentsionistek zein merkatu txikiko antolatzaileek behar dutenetan ere Kabidxe erabiltzen dutela aipatu zuten. “Herrira begira zer edo zer egin gura duten guztientzako lekua dago, ateak zabalik daude beti”. Horregatik, ez dute ulertzen ezta ondo ikusten ere, interpretazio zentro bat jartzeko mota horretako zentro bat “hankaz gora jartzea”. Horren aurrean, argi diote: “Ez gaude konforme”.
Kabidxeko erabiltzaileek gogorarazi dute, lokala ez dela udalarena: “BBKren obra soziala da, eta berbak dioen moduan, soziala da”. Azaldu dute 2012an Bermeoko Udalak eta BBKk lokala funtzio sozialetara bideratuta egotea adostu zutela. Parte hartze prozesu baten ondoren, eragile sozialei eskaintzea onartu zen, eta bertan dauden taldeek hitzarmena sinatu zuten orduko udal gobernuagaz –EH Bildu–.
Helburu sozialetara bideratuta dagoen lokala izanik, galdera bat egiten diote jeltzaleei: “Interpretazio zentroak beteko du helburu soziala? Guk dakigula, interpretazio zentroak museo egiteko edo turismora bideratuta daude. Non dago hor helburu soziala?. Uste dugu Gaztelugatxe gozoki gozoa dela, eta leku aproposean dago lokal hau”.
SOS Gaztelugatxekoen ustez, udalak “ezin du jarraitu” erabakiak “bere kabuz hartzen”, are gutxiago erabaki horiek “gune sozial baten desagerpena ekarriko dutenean”
Taldeen topaleku. Sorginorratz emakumeen taldekoen bilgune da Kabidxe: “Kabidxe kentzen baldin badute, eta kontuan hartuta berdintasun alorrean ere ez dutela ezer egin… ze aukera dago?”. Buselektrikue antzerki taldeak ere entseguetarako erabiltzen du Kabidxe, “udal lokalak ez direlako nahikoak”. Haserre agertu dira, “jokaera zikina” erabili dutela iritzita.
SOS Gaztelugatxe herri plataformakoak ere Kabidxeren parte eta erabiltzaileak dira. “Gure ustez hartutako erabakia guztiz desegokia da, bai edukiari bai formari dagokionez. Gune sozial bat ezin da turismoaren kobazulo bihurtu. Eman gura zaion erabilera berri horrek talka egiten du erabat gunearen oinarriagaz”. SOS Gaztelugatxekoen ustez, udalak “ezin du jarraitu” erabakiak “bere kabuz hartzen”, are gutxiago erabaki horiek “gune sozial baten desagerpena ekarriko dutenean”.
Bermeoko EAJk argitu du “ez dela egia” Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroaren proiektuak “tokirik barik” uzten dituela gazteria eta udalerriko kultur taldeak
Gogora ekarri dute apirilaren 3an udalak “argi eta garbi” komunikabideetan adierazi zuela batzorde bat eratuko zuela Gaztelugatxerako, “gobernantza eredu berri baten alde”. SOS Gaztelugatxekoek gune horretan parte hartzeko ekarpenak egin dituzte, “eta eskatutako urrats guztiak bete”. Oraindik, baina, udalaren berririk ez dute eduki: “Gure ustez, batzorde horren funtzioetako bat izan beharko litzateke Gaztelugatxeren inguruan antolatu gura diren ekintzak proposatu, baloratu eta bideratzea. Ostera, berriro ikusten dugu udalak kontrara eman gura dituela urratsak: lehenengo erabakiak hartu eta gero gerokoak; hau da, erabakiek ekar ditzaketen arazoak zelan edo halan kudeatu. Hori ez da bidea!”.
Birkokapena. Bermeoko EAJk argitu du “ez dela egia” Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroaren proiektuak “tokirik barik” uzten dituela gazteria eta udalerriko kultur taldeak: “2023aren amaieran, kultur etxean behin-behinean ematen diren udal zerbitzuak udaletxera lekualdatuko dira eta, beraz, mota guztietako kultura eta gizarte jarduerak hartzeko lekua berreskuratuko du”. Kabidxeko jarduerak kultur etxean birkokatzea da EAJren asmoa: “Inor ez da geratuko bere jarduera garatzeko lekurik gabe”. Kabidxe, berriz, “Gaztelugatxeri lotutako ondare kultural, natural eta tradizionalari balioa ematen lagunduko duen jarduera berri bat sortzea ahalbidetuko duen espazioa” bihurtzea dute asmo.
Gogora ekarri dute Kabidxe ez dela udalaren eskumenekoa: “Lokala erabili duten taldeek diote autokudeaketa eredu bat defendatzen dutela, baina, udalak bere gain hartu ditu bertan sortutako gastu guztiak”.
“Bermeoko Alde Zaharra balioan jartzea, dinamizatzea, aktibatzea, edertzea eta berreskuratzea helburu duen proposamen baten erabilera maltzurra egin gura dutenak, berriz ere, immobilismoan eta beldurraren erabilera populistan kokatuta daude”.