PR-BI 176 bidearen informazio berritua jarri dute Mundakako Goitiz auzoan
Saihesbideko zubia igarota kokatu dute informazio panela; QR kode bat du, ibilbidearen fitxagaz eta ibilbideak dituen bidezidorren jarraipen osoagaz.
Katillotxuko multzo megalitikoa abiapuntu duen PR-BI 176 bidezidor sareari buruzko informazio eguneratua ematen duen informazio panel berria jarri du Mundakako Udalak Goitiz auzoan.
Saihesbideko zubia igarota kokatu dute, hain zuzen ere, informazio panel berria. Panelak, gainera, QR kode bat ere badu, ibilbidearen fitxagaz eta ibilbideak dituen bidezidorren jarraipen osoagaz.
Mundakako herrigunetik abiatuta, PR-BI 176 bidezidorra Goitiz auzora igotzen da. Bertan, Mundakako “baserri ederrenetako” batzuetaz goza daitekeela azaldu dute udaletik, baita ere, bertako baratze, larre, heskai eta zuhaiztiak ikusteaz. Goitizetik pista handi bat igotzen da Mundakako ur-biltegira, eta aldapa handi batetik jarraitzen du Katillotxuko gailurreraino. Bertatik, estuarioaren, Laidako hondartzaren, Ogoñoko haitzaren, Atxarreko gailurraren eta haren magalak estaltzen dituen artadiaren mantu berde zabalaren ikuspegiez goza daiteke.
Ibilbideak Katillotxuko mendilerroa zeharkatzen du, trikuharrietaraino, historiaurreko hileta-arkitekturaren adibide dena.
Bidezidorra Sukarrietara jaisten da, Munitizko dorretxearen ondotik (XVI. mendea). Ibilbidearen azken zatiak Sukarrieta eta Mundaka arteko itsasertzeko bideak zeharkatzen ditu, Portuondoko kanpalekutik eta begiratokitik igarota.