Gernika FS, 2.B mailara igotzeko kanporaketetan
Gernika-Lumoko taldeak Gasteizko Aurreraren kontra jokatuko du igoera faseko lehenengo jardunaldia, asteburu honetan. Partidu bakarrera "edozer gertatu ahal bada ere", igoera lortzeko "hautagaia" da talde gernika-lumotarra; ilusio horregaz daude jokalariak.
Aurreko asteburuko aurkariaren kontra lehiatuko da play off-etan talde gernikarra: Gasteizko Aurreraren kontra. Domekan (maiatzak 28), 18:00etan jokatuko dute partidua. Jokalariak igoera lortzeko lehian sartu direlako “pozik” daude, eta “esperantza onekin”.
Gernika FSk garaipenagaz amaitu du asteburuan liga; 4-1 irabazi zion talde arabarrari. Gernikako kluba hirugarren geratu da, eta Gasteizkoa bigarren, eta, beraz, play off-etan elkarren kontra aritzea egokitu zaie.
Gernika-lumotarrek ligaren azken aurreko jardunaldian bermatu zuten igoerako lehia horretan sartzea, eta, beraz, ligako azkenengo partidura “lasaiago” joan ziren. Era berean, Gasteizko Aurrerak ez zeukan ezer jokoan, bigarren postua ziurtatuta zeukalako. Ligan gasteiztarren kontra nagusitu badira ere, badakite aurkariak ez direla “guztiz erlaxatzen”, eta ligako azken jardunaldian ere, ez zeuden partidua oparitzeko prest. Etxeko taldetik ez zuten jokalari denek jokatu, eta Gernika FSkoak “lehenengo minututik azkenengora arte hobeak” izan ziren, eta “momentu batean ere ez zuten sufritu”.
Gernika FSk garaipenagaz amaitu du liga, eta hirugarren sailkatu da
Klub gernikarrekoen arabera, etxetik kanpo ariko badira ere, eureak dira faboritoak. “Dinamika onean” daude, “ondo jokatzen”, eta azkenengo partiduetan ez dituzte gol asko jaso. Gainera, denboraldian zehar zenbait jokalari min hartuta izan dituzte, eta orain, ia denak jokatzeko moduan daude: “Urte osoan zehar ez gara denok ia inoiz egon, lesioak izan ditugulako,eta orain, baten faltan, beste denok gaude jokatzeko moduan. Nahiz eta euretako batzuk beteranoak izan, jokalari fisikoak badituzte, eta, guk urteak badaramatzagu ere, aurretik ez gara areto futbolean aritu, futboletik etorritako jokalariak gara. Eurak txikitatik jokatu izan dute areto futbolera, eta hori igarri egiten da, ikusi egiten da”. Horrek eurei “abantaila” ematen die, baina, hala ere, Gernika FS “talde indartsua, sendoa” da: “Uste dugu partidu bakarrera inork ere ez duela gure kontra jokatu gura. Hori erakutsi dugu kopan; iaz bezala, aurten ere lauko finalera ailegatu gara, eta ia finalean sartzea lortu dugu bi urteotan. Itxura izugarria eman dugu. Fisikoki ondo egonez gero, uste dugu inork ezin gaituela irabazi”.
Igoerako beste kanporaketa, berriz, Donostiako Antiguoko eta Tolosako Laskorain taldeen artekoa izango da. Gero, bi kanporaketen irabazleak lehiatuko dira igoera erabakitzeko. Antiguoko geratu da ligako txapeldun, eta, beraz, etxean ariko da play off-etan. Talde donostiarrak “nahikoa erraz” lortu du liga garaipena, hamar puntu baino gehiago atera dizkio eta hamabost Gernika-Lumokoari. “Baina partidu bakarra da, eta euren kanporaketan ere edozer gertatu liteke”.
Ligaren balorazioa. Denboraldi “ona” egin dute gernika-lumotarrek; kopako zein helburuak bete dituzte. Gutxienez, kopan iaz lortutakoa berdintzea zuten helburua, eta, esan bezala, lauko finalera heldu dira oraingoan ere. Ligako sailkapenean, berriz, “iaz baino hobeto” geratu dira: “Helburuak argi eta garbi bete ditugu. Denboraldia hasi aurretik denok sinatuko genukeen hau lortzea, bai entrenatzaileak, bai jokalariok, bai presidenteak eta bai afizioak. Alde horretatik pozik gaude”.
Liga luzea da, eta momentu batzuetan nekea ere pilatu zaie taldeei: “Egia da batez ere bigarren bueltako momentu batzuetan, ahul samar ibili garela, baina, normala da, talde denok beherakada izan dugu, denboraldia luze egiten da-eta. Baina, azkenean, aurre egin, eta hirugarren geratzea lortu dugu. Denboraldi polita izan da, eta oraindino politagoa izan ahal da. Oso pozik gaude, sekulako gogoakaz, oso motibatuta”. 2.B mailara igotzeko “hautagaiak” direla azpimarratu dute, eta “aukera aprobetxatu” behar dutela argi daukate.