"Zaindu dezagun geurea dena, eta bermatu dezagun gure etorkizuna"
Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeak jaso du Hegaluze Saria 29. Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian. Arrantzale eta kontserberek egiten duten "jasangarritasunaren eta kalitatearen aldeko apustua" herritarrek eta kontsumitzaileek "ulertzearen eta balioan ipintzearen" garrantzia azpimarratu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. Bere berbetan, "arrainaren inguruko erreferentziazko eskaintza gastronomikoa" lortzea da ekoizleen, erakundeen zein ostalarien helburua.
Itsasotik gure plateretara. 29. Arrain Azoka gastronomia ardatz hartuta dator. Gaurtik domekara bitartean, hurreratzen direnei “esperientzia gastronomikoa” eskainiko die.
“Bermeoren eta bertoko produktuen enbaxadorerik onenak bermeotarrok gara, eta Bermeo 365 eguneko Arrain Azoka izatea gura dugu”, esan du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak gaurko inaugurazio ekitaldian.
Azokaren testuinguruan, hiru egunez daukaten eskaintza “oparoa eta ikaragarria” da; auten ere, kultura, aisialdia eta kirola “oso presente” egongo dira, eta hori guzti hori posible egiten duten herriko talde eta bolondresen zein arrantza sektore osoaren eta erakunde publikoen lana eta laguntza eskertu eta goraipatu ditu Abaroak.
Arraina etxeetako sukaldeetan eta herriko taberna eta jantokietan eskaintzen jarraitzeko, herriko ostalaritzagaz eta ekoizleekaz batera lanean segituko dutela nabarmendu du, arrainaren inguruko erreferentziazko eskaintza gastronomikoa lortzea delako denen helburua. “0 Km filosofiari lotutako lehen mailako produktuak eta ostalariak badauzkagu, eta hori da baliatzen jakin behar duguna”.
Arrantzale eta kontserberek egiten duten jasangarritasunaren eta kalitatearen aldeko apustua herritarrek eta kontsumitzaileek ulertzearen eta balioan ipintzearen garrantziaz berba egin du: “Prezioen gerran sartuta dauden eta lan baldintza duinak edota espezie eta ozeanoen etorkizuna errespetatzen ez duten eskaintzak baztertu ditzagun. Zaindu dezagun geurea dena, eta bermatu dezagun gure etorkizuna”.
Hegaluze Saria. Ekintzailetza, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua aipatuta, San Frantzisko Herri Ikastetxea zoriondu du Abaroak: “50 urteko ibilbidean gure herriko ume eta gaztetxo askori, balio horiek eta beste hainbeste transmititu dizkielako aniztasunetik, inklusiotik eta unean-uneko sistema berritzaileetara egokiturik”.
Azokaren irekiera irudikatzen duen zinta moztu aurretik, jaso du Hegaluze Saria aurten 50 urte beteko dituen Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeak. Amaia Abaroa San Frantzisko Herri Ikastetxeko zuzendaria, Garazi Uriondo gurasoa eta Radu Ungureanu ikaslea igo dira oholtzara.
Ikastetxeko zuzendariak esan du ohorea dela saria jasotzea, eta 50 urtetan ikastetxetik pasatu diren guztiei eskerrak emateko momentua heldu dela gehitu du: “Gure proiektuaren parte izan direlako eta gaur egun ere direlako. Eskola publikoa izanik, beti egon da irekita denontzat, eta bere oinarriak bultzatu izan ditu gure hizkuntza, euskara, euskal eta herri ohiturak, kidetasuna, begirunea, elkarlana, berdintasuna, aniztasuna, esfortzua eta espiritu kritikoa, besteak beste. Eskolak gizarte guneak dira, eta egunerokoan gure gizarteko gertaerak landu behar ditugu, ikasleak txikitatik bertarako prestatuz”. Azaldu duenez, gizarteak dituen eran, eskolak ere aldaketa nabariak izan ditu arlo desberdinetan, eta horrek proiektu berritzaileak eraikitzera eraman ditu, beti ere, ikasle guztien “hezkuntza integrala eta gizarte kohesioa bermatuz”. Eskola publikoaren balioak indartzen jarraituko dutela nabarmendu du, “eskola publikoa denona eta denontzat delako”.
Eskola komunitate osoaren izenean, Bermeoko herria ere zoriondu du, “saria eurena ere badelako”. Eurena herriko eskola dela eta, eurengan jarritako konfiantzagatik eta eskolako proiektuan sinisteagatik eskerrak eman ditu.
Familia Elkartetik Hegaluze Sariko aipamena “pozik” hartu dutela esan du Garazi Uriondo guraso eta ikasle ohiak: “Saria baino, denok sarituak izan garelako; izan ere, denok gara eskola“. Saritu duten ibilbide luzea, “zati handi edo oso batean”, euren irakasleei zor dietela azpimarratu du, eurak izan direlako eskolaren “aurpegi zintzo eta leialak”. Urte guzti hauetan guraso elkartean parte hartu dutenentzat ere esker oneko berbak eduki ditu, “euren bolondres lana gogorra eta ezinbestekoa delako eskola aurrera eroateko”.
Arrain Azoka Elkartearen izenean Alicia Urkijok gogoratu du Hegaluze Sariaren helburua Bermeo izena zabaltzea eta udalerriari lagundu dion pertsona edo erakundea saritzea dela: “Hori da San Frantzisko eskolak daukan funtzioa, bertako geletatik pasatzen diren herriko haur guztiei lagunduz”. Bere berbetan, euskalduna, berritzailea, eleanitza, integratzailea eta publikoa, bere aniztasunaz “harro” dagoen eskola da: “Ikasle guztiei kultura ezberdinak ezagutu, ikasi, errespetatu eta partekatzeko aukera ematen die”.
Bestalde, aurtengo abuztuan 75 urte beteko dituen Arrantzaleen Museoa ere zoriondu du Bermeoko alkateak. Urte guzti hauetan “Bermeoko historia sozial eta ekonomikoa” ezagutara emateko egindako lana aitortu dio.
Bermeo Tuna Forum eta Atunaren Munduko Hirien Aliantza izan ditu hizpide alkateak. Berak esan bezala, gaur gaurkoz gure herriko jarduera ekonomiko “nagusiena” izaten segitzen du arrantzak eta bere balio kate osoak, eta “asko eta asko” dira kate horretan behar egiten duten bermeotar familiak: “Katea ez da eten, eta gure etorkizuna ere itsasoari eta arrantzari lotuta etortzea gura dugu. Hori horrela izateko ezinbestekoa da gure ozeanoak jagotea, eta arrantza praktika guztiak jasangarritasunean oinarrituta egotea. Apostu hori da Bermeo Tuna Forumen azpimarratu gura izan duguna”. Azpimarratu du herritarrak direla euren etorkizunaren aldeko apustua jasangarritasunetik egin behar dutenak, “herri arrantzaleak izan direlako, direlako eta izaten segitu gura dutelako.”