Urdaibaiko museoaren egitasmoa "ezkutuan eta legeak gutxietsiz" garatzea salatu du Zain Dezagun Urdaibaik
Herritar taldeak hauteskunde kanpainan "ezinbesteko proiektutzat" aurkeztea, eta herritarrei "gezurrak esanez eta informazioa ezkutatuz" jokatzea leporatu dio EAJri.
Guggenheim Fundazioak Urdaibairako atondu duen proiektuaren kontra daudela adierazteko elkarretaratzea egin dute Zain Dezagun Urdaibaiko kideek gaur, Bermeoko Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian, Lameran.
Guggenheim Urdaibai museoaren egitasmoa “ezkutuan eta legeak gutxietsiz eta herritarrei gezurrak esanez eta informazioa ezkutatuz” garatzea eta hauteskunde kanpainan “ezinbesteko proiektutzat” aurkeztea leporatu diote EAJri. Diotenez, proiektu hori ez dago herritarrei begira eginda, eta beste interes batzuk ditue helburu: “Zoritxarrez, interes horien artean ez da sartzen Busturialdearen etorkizuna”.
Eskualde osoaren etorkizuna proiektu horren menpe jarri nahi dutela uste dute: “Gure etorkizuna, turismoaren esku utzi. Gure bizi-kalitatea, turismoaren esku. Gure gazteentzat behar luketen etxebizitzak, turismoaren esku. Gure hizkuntza, gure kultura… gure Urdaibai! Eta hori guztia, zeren truke? Argi daukagu ez dela enpleguaren truke, prekarietatearen eta eskubideen urraketaren truke baizik. Buruan sartu nahi digute eskualdeak behea jo duela ekonomikoki; herritarrei proiektu bat saltzeko, lehenik eta behin arazo bat dutela sinestarazi behar zaie, gero irtenbide posible bakarra eskaintzeko, eta hori Guggenheim museoa da. Non geratu dira Busturialderako egin diren plan sozioekonomiko guztiak? Administrazioetako apaletan, antza, hautsak estalita. Horietako batzuk aho batez onartu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, halere, ez dituzte sekula martxan ipini”. Administrazioek Busturialdeagaz “zor itzela” daukatela diote: “Eurak dira eskualdea hiltzen utzi dutenak, eta orain hortxe datoz, euren proiektuarekin eta guztion diruarekin berpiztu nahian”.
EAJren izenean Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaia den Elixabete Etxanobek domekan esandako hitzen aurrean, euren kezka agertu dute: “Bai ala bai egingo dela esaten duenean, zer adierazi nahi du? Urdaibaiko biosfera-erreserba babesten duten arau eta lege guztien gainetik bada ere, egin egingo dela? Herritarren nahi eta benetako beharren gainetik bada ere, egin egingo dela?. Guggenheim Urdaibai proiektua ilunpean sortu zuten, eta garatu ere ezkutuan garatzen ari dira; ustez ezinbesteko proiektu bat bada ere, isilean gorde dute hauteskunde-garaia heldu arte. Gainera, zatika aurkeztu behar izan dute, osotasunak bultzatzaileak eurak be beldurtzen dituelako”.
Urdaibaiko biosfera eremua babestutako eremua denez, taldekoen hitzetan, alderdi jeltzaleak badaki “gaur egungo legea kontuan hartuta, ezinezkoa dela” proiektua egitea: ” Zergatik eskatu dio Espainiako Gobernuaren Kosta Legearen babes-eremua 100 metrotik 20 metrora murrizteko? Zer eskatu dute, legea aldatzeko, oro har, ala kasu eta leku zehatz honetan malgu jokatzeko? Lege horiek guztiak sobran badaude, esatea besterik dute”. Legea bete eta herritarrak errespetuz tratatu behar dela diote, eta “jarrera inposatzaileak” albo batera uzteko eta herritarren partaidetza bultzatzeko eskatu diote.
Euren iritziz, kultura ere ez dute bultzatuko; “are gutxiago hemengo kultura”. Orain arte, proiektuaz mintzatu izan direnetan, “behin ere ez dutela kultura aipatu” adierazi dute: “Ez kultura, ez artea, ez artistak… Eraikinen ardura kanpoko arkitekto bati esleitu diote, New Yorkeko bati, eta diskurtsoan dirutzak, milioi-dantzak eta sekulako etekin ekonomikoak baino ez dituzte aipatzen”.