Ekoetxe Urdaibaik lehen sektoreaz hausnartzeko erakusketa jarri du
Ekoetxea Urdaibaiko erakusketan Artekom eta EHUko Campus Bizia Lab kolektiboen hamar obra inguru ikusi daitezke. Irailaren 3ra arte bisitatu daiteke.
Arteaz baliatuta, lehen sektorearen egoerari buruzko hausnarketa egitera bideratuta dago Busturiko Ekoetxea Urdaibain jarri duten erakusketa. Kontsumo eta ekoizpen eredu iraunkorragoak ezarriz, nekazaritza ekoizpenaren balioa berreskuratzea, landa eremua eta ekonomia zirkularra birbalorizatzea du helburu.
“Urdaibaiko natur ingurunea zaindu behar dugulakoan, kritiko, errespetuzko eta jakitun izatea funtsezkoa eta premiazkoa da. Beharrezkoa da hura bizitzea eta ikusaraztea”, azaldu dute. Premisa horregaz, Josu Rekalde, Nerea Legarreta, Jose Mari Herrera, Susana Jodra, Mikel Garate, Lidia Rekagorri, Mikel Arce, Pilar Soberon, Jose Angel Lasa eta Isabel Alvarez artista parte hartzaileek hainbat ikuspegi proposatzen dituzte artearen praktikaren ikuspegitik, eta bizitzak eta bere aniztasunak Urdaibaiko ingurune naturalagaz daukaten lotura planteatzen dute, batetik, eta zalantzan jartzen dute, bestetik.
Hori guztiori Urdaibai: izaki bizidunekin bizitza konpartitzen erakusketan ikusi daiteke. Bertan, Artekom (Trantsizio energetiko ekologikorako artea eta komunikazioa) eta Campus Bizia Lab (EHUren programa) kolektiboen hamar bat obra jarri dituzte. Aldi baterako erakusketa irailaren 3ra bitartean egongo da ikusgai, eta doan bisitatu daiteke.
Topaketak. Erakusketa osatzeko, Ekoetxea Urdaibaiko bisitariek lau topaketa saiotan parte hartzeko aukera izango dute; oraindik, baina topaketa horietako egunak zehaztu barik daude.
Artekom proiektuaren bitartez, iraunkortasunerako trebakuntza eta ikerketa jarduerak antolatu gura dituzte, artearen eta komunikazioaren arloan. “Unibertsitateko ikasleei, irakasleei eta beste profesional batzuei zuzendutako inpaktu-ekintzak jarri nahi dira martxan”, azaldu dute.
Campus Bizia Labek, EHUko irakasleen, administrazioko eta zerbitzuetako langileen eta ikasleen arteko lankidetza prozesua bultzatu nahi du, “unibertsitatearen barruan iraunkortasunaren erronkei erantzuteko”.