"Liga oso parekatua eta estua izan da, eta koparik onenetarikoa, desberdinena"
Gernikan eta Araskin egon ostean, lehenengoz Euskal Herritik kanpoko talde batean aritu da Izaskun Garcia, Tenerifen. Ane Olaetak, berriz, AEBetako unibetsitate ligatik espainiar ligara egin du salto, eta Lugoko Ensino taldean bete du denboraldia.
Izaskun Garcia Urlezaga (Muxika, 1992) eta Ane Olaeta Larrauri (Gernika-Lumo, 1999) joko antolatzaileek lehen mailako bi taldetan bestelako egoeran bete dute denboraldia. Garciak “une gogorrak eta gorabehera asko” bizi izan ditu Tenerifen, klubaren arazo ekonomikoen ondorioz; azken postuan amaitu dute liga. Olaetarentzat, ostera, espainiar ligako lehenengo denboraldia izan da, eta egokitzapen lana egin behar izan du. Asteburuan Valenciak lortu du liga garaipena, eta hurrengo denboraldira begira daude dagoeneko jokalariak eta klubak.
Amaitu berri den denboraldiaren ze balorazio egiten duzue?
Izaskun Garcia: Pertsonalki, esperientzia polita izan da. Kanpora joan gura nuen, Euskal Herritik kanpo saskibaloian jokatzearen esperientzia ezagutu. Leku zoragarri batean egon naiz, eta ezagutu dudan jendeak asko eman dit. Profesionalki, berriz, uste dut atzerapauso bat eman dudala; aurreikuspen oso altuak zituen talde batera joan nintzen, baina horiek bigarren hilabetean apurtu ziren. Denboraldi oso gogorra izan da. Gainera, ez digute garaiz ordaindu. Profesionalki urte zaila izan da.
Ane Olaeta: Emakumezkoen Ligan lehenengo urtea izanda, egokitzapenerako urtea izan da. Pausoz-pauso joan behar izan naiz, pauso txikiak ematen, eta datorren urterako aurtengo denboraldiak balio izatea espero dut, baita niganako konfiantza indartzeko ere. Helburua jokatzea zen, eta lortu dut, beraz, pozik nago. Izan ere, AEBetako Ligarekin alderatuta, desberdina da hemengoa, eta nabaritu dut.
Ane Olaeta: “Gutxinaka egokitzen eta hobetzen joan naiz, eta entrenatzailea ulertzen”
Alderik nabarmenena zein da?
A.O: Alderik esanguratsuena taktika da. Emakumezkoen Ligan gehiago pentsatu, eta erabakiak askoz arinago hartu behar dira, eta aurkariak ere esperientzia askokoak dira. Basearen postuan jokalari on asko dago, eta horien aurrean erabakiak arin eta ondo hartzea ez da erraza. AEBko unibertsitate ligan ez dago horrenbesteko esperientzia alderik. Han fisikoari ematen zaion garrantzia taktikari ematen zaio hemen. Joko horretara egokitzeko, egunero lan asko egin behar izan dut, eta entrenatzaileak asko lagundu digu; gutxinaka-gutxinaka egokitzen eta hobetzen joan naiz, eta entrenatzailea ulertzen.
Izaskun Garcia: “Uste dut profesionalki atzerapausoa eman dudala; urte zaila izan da”
Bertigoa edo presioa sentitu zenuten denboraldi-aurrean edo liga hasieran?
A.O: Presioa ez, lehenengoa urtea izanda, jolastu, minutuak eduki eta maila ematen nuen edo ez ikusi nahi nuen. Bakarrik aukera bat nahi nuen, eta jokatu. Eta hori pasatu da. Hasieran, presio apur bat baneukan, horrela jokatzera ez nengoelako ohituta. AEBetan maila gehiago ematen nuela sentitzen nuen, baina hemen maila handiagoa daukaten jokalariekin jokatu dudala kontuan eduki behar nuen, eta, orduan, ezin nuela lehen egiten nuena egin. Maila igotzea beti dago ondo; gehiago ikasten duzulako, eta hobetzeko balio dizulako. Agian, gauza batzuetan ez naiz hobetu, baina beste batzuetan bai.
I.G: Presioa ez, baina uztailean eta abuztuan asko prestatu nintzen, hara nire puntu onenean heltzeko. Maila altuenean heldu nahi nuen, hasieratik dena emateko, eta eurak ere ikusteko ez nintzela erdizka heltzen. Etxetik kanpoko esperientzia zelan biziko nuenaren beldur gehiago eduki nuen. Taldean pisua edukitzeko gogotsu joan nintzen, fitxaketa izanda, ahal nuen guztia emateko. Orain, psikologioki egonkorrago ikusten naiz, presioa kudeatzen dakit, gozatzeko gogoagaz ere banago. Presioak ez dit hainbeste eragiten, eta hori gozamenera eroaten dut.
Talde aldaketak beste jokalariengandik ikasteko aukera eman dizue?
A.O: Lagun asko egin ditut Lugon, denak izan gara adin tarte berekoak eta hasieratik talde bat izan gara. Han bakarrik zaudenean, eta gauzak hain ondo ez doazenean, horrek asko laguntzen du. Oso ondo sentitu naiz, alkarren babesa eta laguntza eduki dugu.
I.G: Ni konturatu naiz saskibaloian Gernikan hazi izateagatik sekulako zortea eduki dudala. Ez gara konturatzen txikitatik zelako entrenatzaileak ditugun, eta zenbat ikasi dugun, taktikoki, adibidez. Dena landuta eduki dut. Tenerifen, adibidez, ez dago hemen daukagun maila. Euskal Herrian, bai Araskin bai Gernikan entrenatzaileek daukaten maila itzela da. 11 urteetan eduki dudan zorteagaz konturatu naiz, zelako mailan egon naizen, zelako entrenatzaileekaz eta horiek zelako lana egiten duten nigaz.
Urte hasierako taldearen helburuak bete dituzue?
A.O: Talde modura, aurreikuspenak gainditu ditugu. Oso gazteak izan gara denok, bataz bestekoa 25-26 urte bitartekoa izan da, eta esperientzia askoko taldea izan ez arren, ilusioz jokatu dugu. Ondo egin dugula uste dut. Esperientzia falta, hala ere, nabaritu dela esango nuke. Erregina Kopara joateko helburua geneukan hasieran, eta aukera eduki genuen, baina azken partidua alde nabarmenagaz galdu genuen. Urte hasieran denek uste zuten mailaz jaitsiko ginela, eta 11. postua lortu dugu.
I.G: Tenerifeko hasierako aurreikuspenak oso onak ziren. Aurrekontua, taldea eta abuztuko denboraldiaurreko taldea sailkapeneko lehen postuetan egotekoa zen. Helburuak ziren Erregina Kopa jokatzea, play offetan sartzea eta hurrengo denboraldirako EuroCupera sailkatzea. Abuztuko taldearentzako posible ziren horiek, baina lehen hilabetean, arazo ekonomikoengatik entrenatzailea eta jokalari on asko joan ziren, eta aurreikuspen denak apurtu ziren. Ordutik, ahal zen modura aurrera egitea eta eustea izan dira gure helburuak.
Hiru entrenatzaile izan dituzue. Horien joko eredura egokitzea zelakoa izan da?
I.G: Lehenengo entrenatzaileagaz oso zaila izan zen egokitzapena. Jokatu dudan klub guztiek familia giroa izan dute beti, eta Tenerifen bestelakoa zen egoera, baita nire rola eta taldean izan dudan garrantzia ere. Han fitxaketa bat nintzen, eta entrenatzaileak nire %150 lortu gura zuen. Hasieran, arraroa zen hala sentitzea, fitxaketa garrantzitsu bat izatea, eta beti ondo erantzutea. Hala ere, entrenatzaile horrek hilabete eta erdi bakarrik iraun zuen. Bigarrena nire gustukoa zen, baina hilabete bakarrik egon zen gurekin. Denbora horretan taldeak gora egin zuen, ondo lehiatu genuen. Hala ere, ez ziguten ordaintzen, eta entrentzaileak alde egitea erabaki zuen. Hirugarren entrenatzailearentzat egoera zaila izan zen; beretzat lehen aldia zen lehenengo entrenatzaile modura, eta ez zeukan laguntzarik. Denon artean saiatu ginen ahal genuen modura aurrera egiten. Psikologikoki oso gogorra izan da denboraldia. Partiduetara ahal genuen modura heltzen ginen, junior mailako jokalariekin lehiatu dugu, eta nire rola lehiatzea baino gehiago, eurei laguntzea eta irakastea izan da.
Hiru partidu irabazi dituzue ligan. Egoera horri zelan aurre egiten zaio?
I.G: Arazoa ez zen irabaztea edo galtzea. Lehiatuz gero, ondo sentitzen ginen. Zerbait positiboa ateratzen saiatzen ginen norgehiagoka bakoitzetik. Profesionalak izan gara, egunero entrenatu dugu, eta egoera horri aurre egiten saiatu gara. Ez geunden lehiatzeko edo irabazteko motibazioagaz, baina gure helburua ahal zen guztia ematea izan da.
Ensinoren denboraldia, berriz, gorabeheratsua izan da.
A.O: Talde oso gaztea izan da, ez geneukan nabarmentzen zen jokalaririk, Blanca Millan salbu, baina lesionatu egin zen, eta denok jarri behar izan genuen zertxobait gehiago. Partidu asko galdu genituen bolada izan genuen, eta lan egin arren, ez genuen irabaztea lortzen. Ezin geniola inori irabazi uste genuen. Hala ere, egoerari buelta eman, eta gugan zein gure jokoan konfiantza hartuz, sailkapenean aurrerantz joatea lortu genuen.
Liga oso parekatua izan da aurtengoa. Kopara sailkatzeko aukera esku artean izan zuen Ensinok, baina helburu hori ezin izan zenuten bete.
A.O: Liga oso estua izan da. Partidu guztiek izan dute garrantzia handia, eta kopara sailkatzeko aukera izan genuen arren, azken partidua puntu askogatik galdu genuen. Hasierako helburua Kopara sailkatzea izan arren, lehenengo hilabeteetan ez genuen lehia horretan egotea espero. Baina lehia horretara heltzearren pozik gaude.
I.G: Niretzat bestelakoa izan da egoera. Erregina Kopa asteburu bakarrean lehiatzen da, baina sekulako garrantzia ematen diogu. Lan asko egiten dugu horra heltzeko, eta askotan oso arin pasatzen da. Kopan bizi den giroa eta antolatzen den guztia sekulakoa da. Guretzat bertara ailegatzea eta harmaila horietan zure taldeagaz egotea oso garrantzitsua da. Aurten, hasieran asko entrenatu genuen lehia horretara ailegatzeko, talde indartsua ginelako, baina arin joan zitzaigun asmo hori.
Kanpotik zelan ikusi duzue kopa?
I.G: Niretzat koparik onenetarikoa izan da, desberdinena. 12 urte daramatzat ligan, eta Avenida eta Girona beti izan dira kopa irabazteko faboritoak, eta azken urteetan Valentzia ere bai. Aurten, aurretik bagenekien zerbait desberdina gertatuko zela, ligan edonork irabazten ziolako edonori. Final-laurdenean, Lointekek Gironari irabazi zion, eta Zaragozak irabazi zuen kopa; asko poztu nintzen, lagun asko ditudalako han. Garaipen horrek edonork irabaz dezakeela ikusteko balio izan du, eta baita benetan balio duena talde modura jokatzea dela ikusteko ere.
Izaskun Garcia: “Emakumezkoen ligan beste urte bat, bi edo hiru jokatzea gustatuko litzaidake”
Ane Olaeta: “Eskaintza batzuk baditut, eta negoziaketetan ari naiz”
Liga zelan ikusi duzue?
A.O: Liga oso parekatua izan da, dibertigarria. Poztu naiz Zaragoza lehen postuetan egon delako, eta emakumezkoen saskibaloiaren aldeko apustua egin dutelako. Gustatuko litzaidake beste talde batzuek ere apustu hori egitea, eta ligan diru gehiago sartzea, liga profesionalizatzeko.
Alkarren ibilbidea jarraitu al duzue?
I.G: Egoera txar baten egon garenez, eta egoerak apur bat gainezka egin zigunez, ez dut liga hainbeste segitu. Baina, Aneren, Gernikaren eta Zaragozaren partiduak segitu ditut. Anek Ensinon jokatuko zuela jakitean piloa poztu nintzen, eta uste dut kristoren denboraldia egin duela, eta oso ondo egokitu dela. Guri liga honetara egokitzea urteak eta urteak kostatu zaigu; nire ustez, oraindino ez nago erabat egokituta, urtero gauza piloa ikasten ditut.
A.O: Gogoratzen naiz, hasieran, Santiagoko torneo bat jokatzera eurak ere etorri zirela. Euren taldeagaz konparatuta, beldur apur bat ere eman zigun euren kontra jokatzeak, talde oso ona zeukatelako. 11 urte nituenetik bere ibilbidea segitu dut; beti egon da goian, eta Gernikako erreferente bat izan da. Beragaz ere entrenatu dut, eta gogoan daukat umetan aitari esaten niola zein ona zen. Teneriferen liga segitu dugu; jokalari handiak dira, esperientziadunak. Uste dut taldean jokatzeak asko egiten duela, eta eduki duten taldeagaz, talde moduan jokatu ezean, pasatu zaiena pasatzen da.
Hurrengo denboraldirako eskaintzak aztertzen zaudete?
I.G: Eskaintzak edo aukerak aztertzen hasi aurretik, Tenerifeko klubagaz izan dugun kobraketen atzerapenaren arazoa konpondu gura izan dut. Ez dakit datorren denboraldian nora joango naizen, baina espero dut maiatza amaitu baino arinago jakitea. Lehenengo mailan segitu nahi dut, baina eskaintzen arabera, horiek aztertuta ikusi beharko dut konpentsatzen nauen edo ez. Urte bat, bi edo hiru gehiago jokatzea gustatuko litzaidake, eta Gernikan erretiratu nahi nuke. Ilusioa egingo lidake azkenengo urtea Gernikan izatea, hasi eta hazi nintzen lekua da-eta. Badakit maila handia dagoela, eta gaitza dela, EuroCupen ere baitago eta mailadun jendea behar da.
A.O: Jokatzen segitu nahi dut, noski; ilusio asko ditut. Agenteagaz berba egiten ari naiz, eta oraindino ez dago ezer lotuta. Eskaintza batzuk baditut, eta aukerak aztertzen ari naiz, negoziaketetan.
Azken urteetan ligan aldaketarik edo garapenik ikusi duzue? Aurrerapausorik eman da?
I.G: Hasi nintzenetik hona pila bat gauza aldatu dira. Adibidez, uste dut uda honetan gutxieneko soldata bat ezartzekotan daudela, datorren denboraldira begira. Gizonezkoetan gutxieneko bat badago, baina, nesketan, batzuk 300 euro kobratzen ari dira lehen mailan. Talde askok diru piloa daukate, baina fitxaketa handietan inbertitzen dute, eta etxeko lau-bost jokalari ia ezer kobratu barik eduki ahal dituzte; mutiletan hori ez da pasatzen.
Emakumezkoen saskibaloian diru gehiago inbertitzen ari al dira?
I.G: Hobetzeko lanean ari dira, eta urtero zeozer berria lortzen dute. Egia da jokalariontzat apur bat astiro doala. Orain dela 12 urte hasi nintzenean egoera askoz txarrago egon zen, baina, laster amaituko dut, eta ez da hobetu nik nahiko nukeen mailararte. Hobetzen badoa, baina astiro. Taldeen artean ere aldeak ikusten dira. Lehen Avenidak eta Gironak bakarrik zeukaten dirua, eta, orain, jende asko dabil ligan dirua sartzen, gero eta talde indartsuagoak daude. Denean moduan, garrantzitsuena dirua da, eta, alde horretan, aldaketa asko egon dira.
Eta zertan ez da zuon egoera hobetu?
I.G: Adibidez, gure egoera autonomia erkidegoen araberakoa da. Espainiako erkidego batzuetan jokalariak profesionalak dira, baina, lehenengo mailan jokatu arren, emakumeak garenez, hemen ez gaituzte jokalari profesionaltzat hartzen. Jardunaldi osora lan egiten dugu, goizez eta arratsaldez entrenatu, eta asteburuak okupatuta ditugu, eta horrek amorrua ematen dit. Andaluzian, bigarren mailan jokatzen dutenak ere profesionalak dira. Hemen, adibidez, futbolean bigarren mailan jokatzen duten mutilak ere profesionalak dira, eta kontuan hartu behar da eurek ez dutela goiz eta arratsaldez entrenatzen, ezta egunero ere. Hemengo saskibaloi jokalari mutilek bigarren mailan ere badaukate profesionalen agiria, eta horrekin, unibertsitaterako eta lanerako erraztasunak dituzte. Gu lehenengo mailan gaude, ezin dugu beste lan bategaz uztartu, eta ez gara profesionalak. Gauza horiek dira amorru gehien ematen didatenak. Soldaten kontua, gutxika-gutxika gorantza badoa, eta telebistan gehiago agertzen gara, bai, eta oso ondo dago, baina, lege aldetik, batzuek erraztasun horiek edukitzea, eta neskak garelako guk ez edukitzea ez da bidezkoa. Lege aldetik berdintasunik ez dago. Hor ez da aurrerapausorik eman. Konponbidea oso erraza da, gizonezkoek eta emakumezkoek baldintza eta eskubideak berdinak izatea. Horregatik, oraindino asko falta da.
Kirol arloari begiratuta, liga exijenteagoa al da?
I.G: Gernika lehen mailan hasi zenean, kristoren maila zegoela ikusten nuen. Gero urte batzuetan jaitsi zen, diru gutxiago zegoelako; liga ez zen hain ondo egon, eta jendea kanpora joan zen. Orain, ikusi da kanpora joan zirenak bueltatzen ari direla, eta ligan diru asko sartzen dagoela. Agenteek ere badiote liga indartsuenetakoa dela Espainiakoa; nazioartean ere balioa ematen zaio liga honi.
A.O: Urtearen araberako kontua ere bada, eta denboraldi barruan ere, WNBAgaz ere kointziditzen du denboraldiak, eta jokalari batzuk etorri arren, gero joan egiten dira edo ezin dute denboraldia amaitu, eta horrek maila apur bat jaisten du. Suposatzen delako horiek, handik datozenak oso-oso onak direla.