Elikagaien Bankuetako boluntarioak Bermeon batu dira
2022an Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 417 boluntario aritu ziren: 178 Gipuzkoan, 186 Bizkaian eta 53 Araban. Bermeok Elikagaien Puntua berreskuratuko du datorren hilabetean.
Bizkaiko Elikagaien Bankua arduratu da aurten Bizkai, Araba eta Gipuzkoako elikagaien bankuetako boluntarioen urteko batzarra antolatzeaz, eta Bermeo aukeratu dute bilera egiteko. Hala, Nestor Basterretxea aretoa bete dute gaur [maiatzak 11], eta 230 boluntario inguru batu dira.
“Zer edo zer amankomunean daukagun pertsonak gara, eta balioan jarri behar dugu. Pertsona zaurgarriei laguntzeko daukagun prestutasunak batzen gaitu. Une oro lanean gaude elikagaiak ez daitezen alferrik galdu, eta ingurumenarekiko ardura ere badaukagu, beti horren aldeko lanetan ari gara”, esan du Daniel Fernandez Elikagaien Bankuko Euskadiko Federazioko presidenteak. Bi hitz nabarmendu ditu: esperantza eta ekina: “Egunez egun dauzkagun zailtasun guztiei aurre egiteko esperantza behar dugu. Eta, ekinez lan egiten dugu egunez egun, xahutzearen aurka borrokatzen eta zaurrenengatik arduratuta”.
Boluntario guztien lana eskertu gura izan dute. 2022an, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 417 boluntario aritu ziren: 178 Gipuzkoan, 186 Bizkaian eta 53 Araban. Era berean, gizarte osoaren babesa eskertu dute, baita komunikabideena ere.
Kezkak. Boluntarioak kezkatuta agertu dira elikagaiak xahutzearen aurkako legearengatik. Uste dute “aldaketa handia” ekarriko duela: “Jatetxeek, hotelek, supermerkatuek…ezin izango dute elikagairik bota, eta moduren batera antolatu beharko dira soberan daukatena emateko, bestela isun handiak jasoko dituzte. Hala, horretatik onura atera gura dutenen gainetik egin beharko dugu”. Uste dute, gainera, legearen izena “ez dela egokiena”, ezin zaizkielako pertsonei hondakinak eman: “Iraingarria da”.
Boluntarioek uste dute erraztasunak eduki beharko lituzketala, eta erosten dituzten elikagaien BEZa 0 izan beharko litzatekeela.
Ardura agertu dute ere Europako Funtsak “ziurrenik” elikagaiak emateari utzi, eta txartelengatik ordezkatuko dutelako; “ez dakigu, hortaz, elikagaien bankuen papera zein izango den”. Aurten, jada, Europar Batasunetik ez dute jasoko ez esnerik ezta oliorik ere, “zulo handia” izango dela nabarmenduta. Aurretik “erronka handia” daukatela aipatu dute: “Ematen ari diren aldaketei aurre egiteko prest egon beharko gara”.
Boluntarioek uste dute erraztasunak eduki beharko lituzketela, eta erosten dituzten elikagaien BEZa 0 izan beharko litzatekeela; “horren aldeko kanpaina egin beharko genuke, antza denez gobernua ez dagoelako horren alde”.
Une “zailak” bizitzen ari direla diote, egoerari “aurpegia ematen” saiatzen ari direla gaineratuta. “Esku artean dauzkagun baliabide guztiak erabiliko ditugu gero eta gehiago diren pertsona zaurgarriei lagundu ahal izateko”.
Gaurko batzarrean gogorarazi dute bihar eta zapatuan [maiatzak 12-13] egingo dela elikagaiak batzeko udaberriko kanpaina. “Banatzen ditugun oinarrizko otzarak prestatzen jarraitu ahal izateko, kanpaina ondo atera behar da”.
Idoia Platas Bermeoko alkateordeak ere parte hartu du batzarrean, eta boluntarioen lana goraipatu du: “Zuek barik mundu hau askoz ere txarragoa izango litzateke. Ezinbestekoak zarete”. Esan du udal gobernuaren helburu nagusia dela guztiontzako Bermeo bat sortzea, “inor atzean utzi barik”. Horregatik dio “ezinbestekoa” dela boluntario elkarteen babesa. “Bizkai, Araba eta Gipuzkoako gizarte politikak aurreratuenetarikoak badira ere, ez dira nahikoak. Hasitako bidea ona bada ere, oraindik ere badago zeregina. Boluntarioak erakundeak iristen ez diren lekuetara iristen zarete. Zuek barik ezin daiteke kohesionatutako gizarte bat eduki, eta gizarte modura bultzatu gura ditugun balioak dituzue: solidaritatea, enpatia, kolektibitatea…”.
Alkateordeak aipatu batzarra baliatu du Bermeok datorren hilabetetik aurerra Elikagaien Bankuko puntua berreskuratuko duela esateko.
Arabarentzat lekukoa. Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren lekukoa hartu du aurten Bizkaikoak, eta gaur, Arabakoak jaso du, datorren urtean Gasteizen batuko baitira urteko batzarra egiteko. Bermeora bertaratutako boluntarioek herria ezagutzeko aukera eduki dute batzarra amaitu ostean. Itsasontzian irteera bat egitekoak ziren, baina eguraldiagatik ezin izan dute egin. Baina lau taldetan banatuta bisita gidatuak egin dituzte udalerriko txoko guztiak ezagutzeko. Kasinoak batuta, eguna anaitasun bazkaria eginez amaitu dute.