Guzan: "Agintaldi honetan ez da herriagatik eta herritarrengatik begiratu"
Azken lau urteak "gogorrak" izan dira Guzaneko zinegotzientzat; EAJgaz akordietara iristea "ezinezkoa" izan dela esan dute. Uste dute beharrezkoa dela komunitatea sortzea eta bake puntuak sortzea.
Guzan herri plataformak ere agintaldiko balorazioa egin du. Horien iritziz, agintaldi honetan “ez da herriagatik eta herritarrengatik begiratu”. Azken lau urteak “gogorrak” izan dira Guzanekoentzat; EAJgaz akordietara iristea “ezinezkoa” izan dela nabarmendu dute: “Bi pertsona akordio batera iristeko, garrantzitsua da biek, apur bat bada ere, amore ematen jakitea. Baina, lau urte hauetan udal gobernuak ez du amorerik eman”.
Oposizioan zegoen EAJtik “urrun” dagoen udal gobernua izan dela aipatu dute: “Gure sentsazioa izan da zer esanik ez geneukala. Zenbakiak begiratuta, Bermeon 17.000 pertsona gara, EAJk 4.000 boto izan zituen eta beste bi alderdien artean ia 4.000 boto ziren. Burdinezko eskuagaz gobernatu dute 4.000 pertsonen babesa dutenek”. Modu horretan, herriak “galdu” egin duela uste dute.
“Soberan geratzen zena eman baino ez du egin”, azaldu dute. Udal gobernuak “autokritikarik egiten” ez dakiela deritzote. Hala, gogorarazi dute osoko bilkuretara “kexaz” joan diren guztiei “inoiz ez dietela arrazoirik eman”, eta batzuk aipatu dituzte: “SOS Gaztelugatxe, Bermioko Mugimendu Feminista, greban zeuden garbitzaileak… Herri Babeseko boluntarioak ere askotan gutxietsi dituzte”. Uste dute udal gobernua “oso gogorra” izan dela herriagaz eta herriko taldeekin, baina “oso sumisoa” udalagaz eta enpresa handiekin.
Guzanekoen sentsazioa da herriak “30 urte atzera” egin duela, “jendea manipulatzeko modu zaharrak erabilita”
Diotenez, jeltzaleek “promesa asko” eginda hasi zuten agintaldia, baina “desilusioa” izan dela uste dute: “Ez dute Bermeo abante ipini. Herri garbi bat lortuko zutela esan zuten. Herria garbi dago, baina, orain arazoa omen da herritarrak direla zikinak. Ontziolak bere lekuan jarraitzen du”.
Guzanekoen sentsazioa da “jendea manipulatzeko modu zaharrak erabilita” herriak “30 urte atzera” egin duela. Azken urteetan “obrak egiteari baino” ez diotela garrantzia eman uste dute; “herriko komertzio txikiak eta gazteak alde batera utzita”.
Herritarrekin konektatzen. Gauzak lortzeko gogoz hasi zuen Guzan plataformak agintaldia, baina “laster batean argi geratu” zitzaien “ez zeukatela aukerarik”. Hortaz, euren denbora beste gauza batzuetara eman dutela diote: “Pentsatu genuen: Ez gara erabakiorrak izango, ezin izango dugu gauzak aurrera atera, baina inork ez gaitu isilduko eta udalean bizi den errealitatea kontatuko dugu”.
“Herritarren asebetetze maila ona zela esan zuten, baina ez zuten esan aurretik egindako inkestatik azken horretara asebetetze maila asko jaitsi zela”
Dokumentazioa lantzen ibili dira, ikusten zutelako “informazioa manipulatuta” saltzen zutela; “egia kontatu baino, gura dutena kontatzen dute”.
Herritarrekin “konektatzeko” bideoak egiten ibili dira agintaldi honetan: “Botoa ematen digutenekin konpromiso bat daukagu eta, ondorioz, barruan gertatzen dena kontatu eta azaldu egin dugu”. Modu horretara, herritarren babesa sumatu dute, feedback-a jasota. “Beste ikuspegi bat erakutsi dugu. Herritarrak ez dira tentelak, eta konturatzen dira propaganda asko dagoela”. Gizakerrek Bermeoko Udalarentzat egin zuen inkestaren emaitzak ekarri dituzte gogora: “Herritarren asebetetze maila ona zela esan zuten, baina ez zuten esan aurretik egindako inkestatik azken horretara asebetetze maila asko jaitsi zela”. Bideo bat zabaldu zuten “benetako datuak” eskainita.
Xixili. 2015ean Xixili eskultura zaharberritzeko beharra mahairatu zuen Guzanek, eta eskultoreagaz egindako elkarrizketa kaleratu zuten. Agintaldi honetan ikusi dute Xixili zaharberrituta, eta lanekin “pozik” daudela diote; “garrantzitsuena zen Xixili zaharberritzea, berdin zen nork egiten zuen”.
Uste dute beharrezkoa dela komunitatea sortzea eta bake puntuak sortzea: “Eztabaidarako puntuak bai, baina kohesiorako puntuak edukitzea ere garrantzitsua da”.