Eli Iturraspe izango da EH Bilduren Busturiko alkategaia
Iturraspek dio argi daukala zer den defenditu behar dena: "Ez gara herritarren gainetik dagoen zer edo zer, gu herritik sortu gara, denon alde".
“Gu ez gara politiko profesionalak, baizik eta kontzientzia politikoa daukagun busturiarrak”, azaldu du Iturraspe alkategaiak. Gauzak “beste modu batera” egin daitezkeela uste dute. Hala, euren denbora librean “ardura hartzeko prest” dauden auzokideak direla nabarmendu du.
Busturiko EH Bilduren asmoa ez da zerbitzua ematea: “Ez gara herritarren gainetik dagoen zer edo zer, gu herritik sortu gara, denon alde”. Modu horretara, “maite duten” Busturia egingo dute.
“Gure ustez, herri txikien indarra ez dago instituzioetan, baizik eta herritarretan. Instituzioak herritarren indarrak batzeko tresna izan behar dira: elkarteen ekimenak hauspotu, inteligentzia kolektiboa bultzatu, busturiarren ekarpenak egiteko guneak sortu… Indarrak batu, denon artean, denon gogokoa den herri bat egiteko”. Uste dute hori azken urteetan “galdu” egin dela; “ez da kasualitatea, ezberdintasun ideologikoa da”.
Uste dute euren programa dela “egokiena denen interesak defendatzeko”. Izan ere, euren ezaugarri nagusia “gauzak aldatzeko eta hobetzeko daukaten indarra” dela nabarmendu dute
Iturraspek esan du bera mugimendu asoziatibotik datorrela. “Presoen eskubideak defenditzen duen Sare elkartetik, animalien eskubideen aldeko Buskat elkartearen sortzaileetako bat naiz eta kide aktiboa. Oso garbi daukat zer den herritarren ikuspegia eta instituzioen lana uztartzea, ikastolen mugimendua barrutik ezagutzen dut, emakume feminista eta langilea naiz. Argi daukat zer den defenditu behar dena”.
Lantaldean lan egiten dutela dio, eta “ez euren ideologiako jendearentzat bakarrik, herri osoarentzat baizik”: “Gure helburua ez da alderdia, herria baizik, ezberdintasunak egin barik”. Izaera propioa daukate, eta euren ideiak eta programa bultzatuko dituzte, baina, “beti herritarren adostasunagaz, iritziak jasota”. Uste dute euren programa dela “egokiena denen interesak defendatzeko”. Izan ere, euren ezaugarri nagusia “gauzak aldatzeko eta hobetzeko daukaten indarra” dela nabarmendu dute, horretarako “ideiak badauzkatela” gaineratuta.