Zazpi herri batu dira Atunaren Munduko Hirien Aliantzara
Gaurkoa Bermeo eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoarentzat hitzordu "historikoa" dela esan du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. Atunaren Munduko Hirien Aliantza sortuta, "lankidetza aginte baten oinarriak ezartzen" ari direla esan du Abaroak.
Ondokoak dira gaur gaurkoz Atunaren Munduko Hirien Aliantza osatzen dutenak: Bermeok, Majurok (Marshall Uharteak), Concarneauk (Frantzia), Mantak (Ecuador), Victoriak (Seychelles), Pago Pagok (American Samoa) eta General Santosek (Filipinas). Eta herri horietako ordezkariak izan dira gaur [maiatzak 3] Bermeon aliantza sinatzeko batu direnak.
Atunaren arrantzak 90 herrialde baino gehiagoren “garapen ekonomikoa dakarrela” esan du Abaroak Bermeoko udaletxe zaharberrituan egin den ekitaldian. “Lurralde horietako hiri askotan, atuna gure ekonomiaren eta gizarte-prozesuen funtsezko zatia da, baita ere gure historiaren eta gure etorkizunaren zatia”. Gaurkoa Bermeo eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoarentzat hitzordu “historikoa” dela esan du Abaroak, “iaz aurkeztu genituen nazioarteko bi konpromiso ofizialtzen baitira”.
Aritz Abaroa: “Etorkizunean, garapen ekonomiko, sozial eta kulturala eta gure bizilagunen ongizatea, neurri handi batean, arrantza industriaren balio katearen menpe egongo da. Gure lurraldearen eta atunaren hornidura kate osoaren giza garapen iraunkorrari laguntzeko konpromisoa dugun hiriak gara”
Atzo [maiatzak 2] Bermeo Tuna Forumen baitan Bilbon egin zen jardunaldian Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenaren akordioa sinatuta, eta gaur Atunaren Munduko Hirien Aliantza sortuta, “lankidetza aginte baten oinarriak ezartzen” ari direla esan du alkateak: “Erakunde publiko eta pribatuen arteko sinergiak sortzeko beharra jartzen ditugu mahai gainean, nazioarteko gobernantzatik erakarrita, ozeanoen iraunkortasunean aurrera egiteko, ezagutza zientifikorik onenean oinarrituta”.
Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatu duten herrietako ordezkariak
Aliantzaren sinatzaileak ozeanoen eta atun sektorearen balio kate osoaren kudeaketan eta garapen iraunkorrean laguntzeko helburua duten herriak direla esan zuen Abaroak. “Horrez gain, ekosisteman eta ingurumenean inpaktu negatiboa saihestea ere badute helburu”.
Zazpi herrietako herritarrak inplikatu gura dituztela esan du Abaroak: “Ulertu behar dute Atunaren Munduko Hirien Aliantzaren parte garela, arrantzagaz lotutako herria izan ginelako, arrantzagaz lotutako herria garelako eta sozialki eta ekonomikoki sektore honi lotuta garatzen jakin dugulako. Etorkizunean, garapen ekonomiko, sozial eta kulturala eta gure bizilagunen ongizatea, neurri handi batean, arrantza industriaren balio katearen menpe egongo da. Gure lurraldearen eta atunaren hornidura kate osoaren giza garapen iraunkorrari laguntzeko konpromisoa dugun hiriak gara. Hala, jarduera horrek ingurumenean eta gizartean duen eragina saihestu, prebenitu, arindu eta konpontzeko tresnak behar ditugu. Horretarako, beharrezkoa da agente eta erakunde guztien inplikazioa”.
Atunaren arrantzagaz lotura daukaten beste herrialde batzuk ere badaudela aipatu dute. Horregatik, aliatuak batzen jarraitzea da horien helburua, bai Atunaren Munduko Hirien Aliantzarako eta baita ere Atunaren Jasangarritasunaren Aldeko Nazioarteko Adierazpenagaz bat egiteko. Ignacio Serrats Bermeo Tuna World Capitaleko (BTWC) presidenteak esan du badakitela Bangkok eta San Diego hiriek eta Azore uharteek ere aliantza sinatu gura dutela.
Aliantza sinatu ostean, Talara joan dira, bertan eserleku berezi bat jarri dute Bermeo Tuna Forum eta gaur sinatu den Atunaren Munduko Hirien Aliantza oroitzeko.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.