Zesta-punta profesionalizatuz, pilotari onenen fitxaketekin aurkeztu dute Eraman
Eraman enpresaren aurkezpen ekitaldia egin dute goizean, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. "Eliteko zesta-punta, emakumezkoena eta afizionatuena" ardatz nagusi dituen proiektu "ausarta" aurkeztu dute, zesta-puntari "egonkortasuna eta ikusgarritasuna" emateko helburuagaz.
Gernika Jai Alai Professional moduan etapa bat burutu ostean, Eraman enpresa sortu dute. Marka berri horrekin “orain arteko lanerako gogoari eta moduari eutsiko” diote, baita hasieratik ezarritako helburuari ere: zesta-puntak gure frontoietan susperraldia izatea eta kirol honen profesionalizazioa lortzea.
Zesta-puntari “egonkortasuna eta ikusgarritasuna” emateko helburuagaz, “eliteko zesta-punta, emakumezkoena eta afizionatuena” ardatz nagusi dituen proiektu “ausarta” aurkeztu dute gaur goizean (apirilak 29), Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Enpresa sortzea, “eman beharreko pauso naturala” dela esan du Gaizka Muniategik: “Uste dut pilotarien eskaria ere bazela. Urte guztiko prestakuntza daukate, eta egonkortasuna behar dute” . Hain zuzen ere, agerraldian enpresaren ordezkariek zein puntistek azpimarratu bezala, zestarentzat beste pauso bat da; egonkortzeko eta profesionalizatzeko bide horretan, beste pauso bat eman dute enpresa sortuta.
Enpresaren arduradunen arabera, orain dela 9 urte “tokiko abentura bezala jaio” zena, sektoreko “erreferente nagusi” izatera pasatu da: “Gure proiektua modu naturalean handituz eta eboluzionatuz joan gara, zesta-puntaren beharrek hala eskatu duten heinean”.
“Pilotari onenak” fitxatu dituztela nabarmendu dute; zazpi pilotarik daukate kontratua: Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa gernikarrek, Aritz Erkiaga ispatertarrak, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez zumaiarrek, Jon Zabala markina-xemeindarrak eta Julen del Rio gasteiztarrak. “Beste kirol enpresek bezala, kirol arduradunak aukeratutako pilotari onenak fitxatu ditugu”, esan du Muniategik. Eta, profesionalen zutabe horrekin batera, emakumezkoen eta afizionatuen eskaintza ere bermatu dute: “Iparraldeko zein hegoaldeko gainontzeko puntista profesionalekin zein afizionatuekin kolaborazio-akordioa daukagu torneoak jokatzeko”.
Dauzkaten hiru formatuak “indartu” gura dituzte: Winter Series, Women Winter Series eta ProAm. Besteak beste, emakumezkoen liga sortzeko erronka daukate: “Asmoa da torneo bakarra izan beharrean, hainbat torneo egotea, eta, horrela, euren Jai Alai liga edukitzea”.
Elkarlan honegaz “oso pozik” daudela esan du Erkiagak. Urte osoko kontratuagaz, hileroko soldata bermatu zaie: “Ematen du urte osoan jokatuko dugula, partiduak egongo direla, eta berri oso ona da. Orain arte ez genuen jakiten zenbat partidu jokatu, eta zenbat kobratuko genuen, orain badakigu hemen enfokatu ahal garela urte guztian. Orain arte partiduko kontratuak genituen. Denontzat segurtasuna da, eta ona izango da bai jokoari dagokionez kalitatea igotzeko bai publikoak gehiago gozatzeko”.
Aritz Erkiaga: “Denontzat segurtasuna da, eta ona izango da bai jokoari dagokionez kalitatea igotzeko bai publikoak gehiago gozatzeko”
Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak azaldu bezala, azkenengo urteetan “pauso handi asko” ematen ari dira: “Txapelketetan jendearen erantzuna, enpresa sortzearena, pilotarien segurtasunerako urte guztiko egutegi batean sartzea… Aurrerapauso oso garrantzitsua da hau, eta halako egutegia edukitzea eta urte guztirako txapelketa batzuk ziurtatuta edukitzea are eta garrantzitsuagoa da atzetik datozenentzat; guk gutxigorabehera txapelketa guztietan parte hartuko genuenaren bermea eduki dugu, eta uste dut gazteentzat oso garrantzitsua dela”.
Iñaki Osa Goikoetxea: “Urte osorako txapelketa batzuk ziurtatuta edukitzea are eta garrantzitsuagoa da atzetik datozenentzat”.
Eneritz Lizardi mutrikuarraren ustez, enpresa sortzeak pilotari gehiagori aukera emango die, eta partidu gehiago jokatzeko aukera edukiko dute. “Azkenengo bi urteetan egindako proiektu denak bezala, zesta-puntarentzat aurrerapauso bat da. Otsailean bide bat hasi genuen, eta beti esan dugu bide horri jarraipen bat eman behar zitzaiola, eta hau da jarraipen horren lehenengo pausoa, txapelketa gehiago egitea eta guk ere parte hartze handiagoa edukitzea”.
Eneritz Lizardi: “Otsailean bide bat hasi genuen, eta beti esan dugu bide horri jarraipen bat eman behar zitzaiola, eta hau da jarraipen horren lehenengo pausoa”
Enpresaren sorreragaz, erronka berri bat ere zabaldu zaie, eta profesional izan eta enpresagaz kontratua lortzeko “borrokatuko” direla dio Lizardik: “Noski, hori lortzeko borrokatuko dugu, eta espero dugu hori pasatzea. Guk inoiz ez dugu ikusi etorkizun bat edukiko genuenik, eta gero eta hurrago dagoen aukera bat da, agian, hemendik urte batzuetara bete ahalko duguna. Denok oso gazteak gara; emakumeen artean ni naiz 18 urte dauzkan bakarra. Nesken proiektua aurten hasi da, eta jarraipena eman behar zaio. Lehen pausoak emateko momentu polita da”. Hainbat jaialdi jokatuko dituztelako gogotsu daude, eta uste dute “ikusgaitasun gehiago” izateko balioko diela.
Era berean, Gorka Mugartegi markina-xemeindar gazteak esan du partiduak jokatzeko “gero eta aukera gehiago” dituztela ikusi dutela. “Aurrerapauso bat da profesionalekin jokatu, edo behintzat eurengana hurbiltzen gaudela ikusten gaudelako. Gu ere mundu honetan sartzeko ahalegina egiten dutela ikusteak beharrean segitzeko motibatzen gaitu. Hor jokatzeko maila behar da, eta ez da erraza, beldurra ere sentitzen da. Profesionalekin jokatzeak ikasten joateko balio digu, eta maila igotzen joateko lan egin behar dugu”.
Gorka Mugartegi: “Profesionalekin jokatzeak ikasten joateko balio digu, eta maila igotzen joateko lan egin behar dugu”