Zazpi urteko oroitzapen hunkigarriak
Tomas Armaolea: "Sabin Balanzategik kostazain lagun bat zuen Lucindan, eta hark arrainentzako tranpak jartzen zituen. Beragaz joaten ginen"
Tomas Armaolea 1931ko maiatzaren 20an jaio zen Amona baserrian (Gernika-Lumo). Sei neba-arreba izan ziren. Operacion Canguro zelakoan joan zen Australiara. «Hau ez zegoen ondo, eta Australiara joateko aukera etorri zen, Urberuaga ibili zen jendeari esaten eta apuntatu egin ginen, eta 1958ko ekainaren 24an irten ginen Gernikatik, herriko eta inguruko hainbat lagun. Lehenengo, Astelarrako auzoan egin genuen geldialdi bat, beste bost lagun batzeko, eta Donostiara joan ginen. Gaua bertan pasatu eta, biharamunean, Hendaiarantz.
Trena hartu eta Frantzian zehar bidaiatu ostean, heldu ginen Italiara. Triestetik atera ginen Toscana itsasontzian. Itsasontzia zaharra eta mistoa zen, eta geldialdi ugari egin behar izaten zituen deskargak eta kargak egiteko. 40 egun barruan», dio Armaoleak. Zorabioak lagun, 40 egunen buruan heldu ziren Brisbanera.
Kanpamentu batera eraman zituzten, eta handik astebetera, taldeak egin eta bakoitza herri batera bidali zuten. Hainbat herrikok osatzen zuen bere taldea. «Gu zortzi ginen, eta Inghamera bidali gintuzten. Ondarroako Badiola anaiak, Markinako Eusebio Alberdi, Aramaioko Astondoa anaiak, Carmelo Askarai, Jesus Uriguen eta neu».
Blanco anaien farman hasi zen lanean, kaina ebaten. Hasiera gogorra egin zitzaion. «Blancotarrak sizilianoak ziren. Kaina ebaten eskuak bigun eta sarri odoletan edukitzen genituen; besoak ere bai, lepoz kargatzen genuen eta. Kainak melaza botaten zuen, eta zegoen beroagaz, azala ere erre. Baina, eutsi hantxe».
Eguna argitu orduko hasten ziren kaina ebaten, eta arratsaldeetan kargatzen zuten bagoietara. Lan gogorra inon bada. Tonako kobratzen zuten. Bizikletan joaten ziren solora. «Aurretik behar egindakoen bizikleta zaharrak topatu genituen bertan, eta ugazabak herrira eraman, konpondu, piezak ipini… eta harexekaz joaten ginen solora, kanpetxetik urrun zegoen eta. Carmen Emaldia zen gure sukaldaria», gomutatzen da.
Pasadizo bat ere gogoratzen du: «Hamabost egun inguru ostean, kainabera mozten genbiltzala, Blanco anaiek esaten ziguten italieraz: uno ancore. Ez genuen ezer ulertzen, eta Felix Jaiori, ogia ekartzen zigun okinari galdetu genion ea zer esan nahi zuen. Hark barrezka, beste pertsona bat zetorrela esan nahi zuela azaldu zigun. Lehen justuan sartzen ginen zortzi kanpetxean eta, beste bat? Munitibarko Iñaki Zubiaga izan zen».
Hurrengo urtean Balanzategitarrenean hasi zen lanean. Kaina sasoia amaituta, Armaolea tabakora joaten zen Texasera eta. Urte bitan Mareebara eta Dimbulahra ere joan zen. Garai hartan Ford auto handi zahar bat zeukan, eta haregaz astero Dimbulahtik Mareebara joaten ziren. «Tabakoan barreneko hostoetatik hasi, eta gero eta gorago, kentzen, kentzen… landarea eskeleto geratzen zen. Hostoak pilatu, sortak egin, makila baten eskegi lotuta eta labean sartzen ziren. Lehortu ondoren, sailkatu egiten genituen. Lurrunaz bigundu lehenengo, eta mahai batean ipini eta gradiatu».
Wollongongeko Australian Iron Steelworks galdaketa fabrikan ere lan egin zuen. Ordurako, beste auto bat zuen, Volkswagen Kakalardoa.
Asteburuetan, hotelera lagunekin egotera, ondoko farmetara, frontoira, eta inoiz arrantzara ere joan zen. «Sabin Balanzategik kostazain lagun bat zuen Lucindan, eta hark arrainentzako tranpak jartzen zituen. Beragaz joaten ginen. Gu hantxe, kostazainaren itsasontzitxoan, gabarran, ibiltzen ginen. Barramundiak, black bream-ak eta kolore argi-argiko arrain asko harrapatzen genituen».
Kaina ebaten, tabakoan eta galdaketa fabrika batean lan egin zuen Armaoleak, besteren artean. Txapelketa eta lehiaketetan ere parte hartzen zuen
Herriko jaietan egiten ziren lehiaketetan inoiz parte hartu zuen Armaoleak. 1959an, Antonio Mendioleak Inghamen soka-tira antolatu zuen; talde batean, italiarrak eta euskaldunak; bestean, jugoslaviarrak eta australiarrak. Armaolearen taldeak irabazi zuen. Garaikurra, garagardo-kaxa bana eta hamarna libra eman zizkieten. Hurrengo urtean kaina kargatze lehiaketa bat antolatu zuten. Sei parte hartzaile aurkeztu ziren, eta Armaolea bigarren geratu zen. Trevonneko frontoian esku pilotan ere jardun zuen sarritan. «Horien ostean, hurrengo urterako Show eguna prestatzeko egunero etortzen zen Antonio Mendiolea azukre kaina plantaziora. Lana amaituta genuenean eta kanpetxean dutxa hartuta, Antonio etortzen zen, eta guztiak Mendioleatarren etxera joaten ginen entrenatzera». Hunkituta gogoratzen ditu une haiek.
Italiera eta ingelesa ikasi zituen. «Zapatutan herrira joaten ginenean, garagardo batzuk edan, eta beti hartzen nuen eleberriren bat astean irakurtzeko. Gaur egun ere sarri irakurtzen dut ingelesez, baina hiztegiaren laguntzagaz. Hainbeste urtetako praktika ezagaz, galdu egin dut».
Zazpi urte egin eta etxera bueltatu zen. «Ez neukan oraindik etortzeko esperantzarik, ze Wollongongen pare bat lursail erosi nituen etorkizun ona zutelako, baina aita bakarrik geratu zen etxean, eta erregutu egiten zidan etortzeko, eta etorri egin nintzen». Gernika-Lumoko Idurgo fabrikan hasi zen lanean.
Pozik gogoratzen ditu Australiako urteak. Gernika-Lumon bizi da.