Bermeo Tuna Forum "hitzordu historikoa" izango dela diote
Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Deklarazioa aurkeztu eta Munduko Atun Hirien Aliantza sinatuko dute Bermeon bertan, datorren eguaztenean.
Bermeo Tuna World Capital elkarteak (BTWC) antolatu duen Bermeo Tuna Forumean bilduko da datorren astean nazioarteko arrantza sektorea, «atunaren jasangarritasunerako sinergiak sortzeko». Horren baitan, Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenaren proposamena aurkeztuko dute, eta, gainera, Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatuko dute. Ignacio Serrats BTWC elkarteko presidentearen esanetan, hitzordu “historikoa” izango da, “nazioarteko bi konpromiso ekitaldi horretan ofizialduko baitira”.
Bermeo Tuna Forumak munduan erreferente diren erakundeetako, zientzia-organismoetako eta enpresetako ordezkariak bilduko ditu datorren martitzenean Bilboko Euskalduna Jauregian goiz eta arratsaldez egingo diren jardunaldietan. Horietan sektoreko erronkak eta beharrak izango diituzte mintzagai. Hainbat izango dira hitzaldi eta mahai inguruetan parte hartuko dituzten hizlariak. Bermeo Tuna Forumerako leku guztiak beteta daudela azaldu dute.
Martitzenekoa eztabaidarako eta hausnarketarako foroa izango da, “munduarentzat eta Bermeorentzat garrantzitsua den sektore baten biziraupenerako sinergiak sortzeko beharra mahai gainean jartzeko balioko du”. Mundu osoan eragin handiena duen sektore ekonomikoetako bat dela esan du gaur BIlbon egindako aurkezpenean Bittor Oroz nekazaritza eta arrantza sailburuordeak: “Bizkai, Araba eta Gipuzkoan bakarrik zuzeneko 1.700 lanpostu sortzen ditu eta zeharkako 3.000 inguru, urtean 1.550 milioi euro fakturatuta; beraz, kopuru eta inpaktu ekonomiko oso garrantzitsuei buruz ari gara, eta sektore estrategikoa dela ulertzen dugu, berrikuntzara, elikagaien garapenera eta abarretara eramaten baitu”. Bermeo horren adibide dela nabarmendu du: “Udalerri horrek tunido tropikalen munduko harrapaketen %10 egiten du, eta atunontzi izoztaileek 400.000 tona arrantzatzen dituzte urtean”.
Jardunaldiaren baitan, Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Deklarazioa aurkeztuko dute. Bermeo Tuna Forumeko presidente Helena Orella izango da, hain zuzen ere, deklarazioa aurkezteaz arduratuko dena: “Munduan atunaren balio-kate osoan inpaktu eta eraldaketa sozioekonomikorako gaitasuna duten eragileek partekatutako konpromisoak bildu gura ditu jardunaldiak, ekosistemak babestu asmoz. Uste dugu sektorearentzat erreferentziazko dokumentu bilakatuko dela”.
Azkenik, Munduko Atun Hirien Aliantza aurkeztuko dute. “Hirietatik gobernatzeko modu berri bat aurkeztuko dugu, Nazio Batuen 2030 Agendagaz eta bere Garapen Jasangarriko hamazazpi Helburuekin guztiz konprometituta dagoena”, zehaztu du Orellak. Ekitaldi honek elementu “oso garrantzitsu” bat duela nabarmendu du Orozek, “GJHak arrantza sektorearen iraunkortasunarekin zuzenean lotzen dituen lehena izango delako”.
Munduko Atun Hirien Aliantzaren sinadura ofiziala Bermeon bertan egingo da datorren eguaztenean, eta Bermeo eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoarentzat hitzordu “historikoa» izango dela esan du BTWC elkarteko presidenteak. Gogorarazi du eguaztenean sinatuko dituzten konpromisoak 2022an aurkeztu zituztela Madrilen eta Lisboan, Atunaren V. Biltzar Nazionalean eta Ozeanoen Mundu Konferentzian.