Espainiako Gobernuak memoria leku izendatuko du Gernika
Felix Bolaños Espainiako Presidentzia eta Memoria Demokratikoko ministroak Gernika-Lumoko hilerrian esan du "Espainiko ministro moduan, eta, era berean, orain dela 86 urte boterean zegoen eta erasotua izan zen legezko gobernua ordezkatuz, Gernikan egoteagatik harrotasuna sentitzen" duela. Espainiako Gobernuko ministro bat bonbardaketaren urteurreneko ekitaldian egon den lehenengo aldia izan da gaurkoa.
Zallo hilerriko lore eskaintzan egon da Felix Bolaños Espainiako Presidentzia eta Memoria Demokratikoko ministroa, eta Pedro Sanchez Espainiako Presindenteak Senatuan atzo iragarritakoa azpimarratu du, hau da, Memoria Demokratikorako Lege berriagaz bat etorriz izendatuko duten lehenengo memoria lekua Gernika izatea erabaki duela Espainiako Gobernuak. “Bereizketarik gabeko gizarte zibilaren kontrako bonbardaketa lehenengoz Gernikan gertatu zelako izango da izendatuko dugun lehenengo memoria lekua”.
Espainiako Gobernuko ministro bat bonbardaketaren urteurreneko ekitaldian egon den lehenengo aldia izan da gaurkoa. Espainiko ministro moduan, eta, era berean, orain dela 86 urte boterean zegoen eta “erasotua izan zen legezko gobernua ordezkatuz”, Gernikan egoteagatik “harrotasuna sentitzen” duela esan du: “Gaur hemen esan nahi dut bonbardaketan bizia galdu zuten ehunka pertsonetaz gogoratzen garela. Espainiako Gobernutik esan nahi diegu euren memoria presente dagoela gaur; euren memoriaren, aitortzaren, oroitzapenaren emaitza ere badela gure demokrazia. Picassok betikotu zuen sarraski hartatik 86 urte pasatu direnean esan nahi diet ez ditugula ahaztu, euren oroitzapena da gaur gure demokrazia inspiratzen duena. Beste herri batzuetan bezala, Gernikan sufritu zen bonbardaketa basati hark ez zuen helburua lortu. Gaur egun, Espainia aurreratutako demokrazia da, balioak dituen demokrazia, askatasun eta eskubideen demokrazia da”.
Espainiako demokrazia gaur “orduko borrokaren emaitza” dela nabarmendu du: “Eta, noski, demokrazia inoiz ez da zerutik jauzi, demokrazia landu egin behar izan da”. Bolañosen hitzetan, 1936ko estatu kolpeak, 1937ko Gernikako bonbardaketak eta ia 40 urteko diktadurak “ezin izan zuten eragotzi gero etorri zen demokrazia”: “Denok lekua daukagun elkarbizitzan oinarritutako demokrazia daukagu, eta espainiar izateagatik harro sentitzen gara”.
Behin eta berriz esan du “legezko gobernuaren kontra eginez, naziek, faxistek, eta golpistek errurik gabeko ehunka pertsona hil” zituztela, eta gogoratu du Gernikan bezala, Durangon, Eibarren, Otxandion eta Euskadiko eta Espainiako beste hainbat lekutan egin zutela.
Lehendakariaren erantzuna. Sare sozialetan zabaldutako bideoan, Iñigo Urkullu Lehendakariak ontzat jo du Bolaños ministroaren bisita. “Estatuaren partetik justizia errestauratiboko keinuren bat falta dela” adierazi du.
Bonbardaketaren urteurreneko ekitaldietan egotea “urrats positibo bat” dela esan du, eta, era berean, Francoren diktaduratik 45 urte pasatu diren honetan, gaurkoa lehenengo aldia izatea “arraroa” dela.