Erroxape Abesbatzak 25 urte daramatza kantuaz gozatzen
25. urteurrena ospatzeko kontzertu berezia eskainiko du etzi Erroxape Abesbatzak; 20:00etan izango da Santa Eufemia elizan. Hamar kantuz osatutako errepertorio zabala prestatu dute, mota askotako kantuekin.
Esti Arrizabalagaren zuzendaritzapean, ahotsak lantzen, fintzen eta, batez ere, kantuaz gozatzen 25 urte daramatza Erroxape Abesbatzak. Hala, urteurren berezi hori ospatzeko kontzertu berezia antolatu dute. Etzi (apirilak 28) izango da, 20:00etan, Santa Eufemia elizan.
Arrizabalagak gogorarazi du Erroxape Abesbatza sortu aurretik, Miren Cusumanogaz taldetxo bat sortuta zeukatela ekintza puntualetan parte hartzeko: “Santa Ageda bezpera batean kantuan entzun nuen taldea, eta musika egiteko altxor polita zela iritzita, Musika Eskolatik eurengana hurbildu ginen, eta taldea sortzeko ideia gustatu zitzaien”. Lehenik eta behin, tailer bat antolatu zuten, eta 1997-1998 ikasturtean hasi ziren Erroxape Abesbatza modura, izen bera daukan Emakumeen Taldeko kideek osatuta eta udalaren musika eskolaren baitan. 1998ko ekainean eman zuten lehenengo kontzertua, Kasinoan.
34 emakume zeuden hasieran, eta haietatik zazpi taldean daude oraindik. 33 emakumek osatzen dute abesbatza egun.
Abesbatzaren zenbait berezitasun aipatu ditu zuzendariak: “Errepertorio guztia buruz kantatzen dute, eta hori sekulako garaipena da. Kantarien prestutasuna ere nabarmentzekoa da, gogo itzela eta ilusio handia dauzkate, eta horrek lana arintzen du. Urteetako lanagaz eta bakoitzaren ahalmena kontuan hartuta, teknika apur bategaz, lortu dugu kalitatea handitzea ere. Euren buruagaz oso kritikoak dira, autokritika egiteko ahalmena badaukate”.
Astean behin batzen dira, eta ordu bat inguruko entsegua egiten dute. Halere, kontzerturen bat hurbil daukatenean, astean birritan batzen dira: “Ez da arazorik egoten”.
Errepertorioari dagokionez, gauza desberdinak lantzen dituzte, pianoagaz lagunduta. Hasierako etapan Bego Pereira ibili zen pianoan, eta 2012tik Inma Anasagasti dabil.
Arrizabalagarentzat “esperientzia polita eta berezia” da Erroxape Abesbatzaren zuzendaria izatea: “Zuzendu ditut eta zuzentzen ditut koruak, baina Erroxape Abesbatza talde beroa eta hurbila da, oso maitakorrak dira. Gogo handiagaz etortzen dira, eta ilusioa ez zaie falta. Eurak ere beti esaten dute abesbatza energia bonba bat dela eurentzat. Uste dut elkar elikatzen dugula. Talde bat 25 urte gogo eta ilusio barik mantentzea zaila da, eta honetan soberan dago. Ikasteko eta kantatzeko gogoz etortzen dira entseguetara”.
Erroxape Abesbatzak hamar kantuz osatutako errepertorio zabala prestatu du etzirako. Bi ahotsetara, unisonoan, a capella eta pianoagaz lagunduta ariko dira kantuan. Estilo desberdinetako kantuak prestatu dituzte, gainera; hala nola, Bermeoko herri kantak, euskal kantak, pop estiloa, mundu zabaleko folkloreko kantuak… Abesbatzetik igaro diren kantari ohiekin batera, Bermeoko herri kantu bat eskainituko dute amaieran. Azken kantu horretarako, 45 kantari elkartuko dira agertokian, “ilusio handiagaz”. Kontzertuan musikari laguntzaileak edukiko dituzte: Anasagasti pianoan, Iban Ibarretxe txirula eta ttun-ttunagaz eta Edorta Izarzugaza perkusioan.
Euren errepertorioko kantuak zein berriak aukeratu dituzte, 40 minutu inguruko kontzertua eskaintzeko. “Ilusio handiz” prestatu dute, eta herritarrak animatu dituzte bertaratzera, “gozatzeko” kontzertua izango dela nabarmenduta.
Erroxapek kanturako behar den oinarrizko teknika lantzen du eta, horrez gain, gorputz mugimendua ere sartzen du, koreo- grafia desberdinak eskainiz. Emakumeek zortzi-hamar kontzertutan parte hartzen dute ikasturtean, eta 25 urte hauetan taldea herriko kultur agendan presente egon da: Gabon kon- tzertua, Santa Agedako kalejira, meza abestuak, Emakumeen Eguneko ekintza, zaharren egoitzan entzunaldiak, San Juan Egunean, Txistu Alardean… Horrez gain, abesbatzen artean elkartruke kontzertuak ere antolatu dituzte urtero, eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak (EHME) antolatutako Musikaldi guztietan parte hartu dute.