Xabier Ortuzar izango da berriro Guzanen alkategaia Bermeon
Guzan herri plataforma maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko da berriro ere; hamar emakumez eta hamar gizonez osatutako zerrenda erregistratu dute.
Guzan herri plataforma 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztuko da berriro ere, eta Xabier Ortuzar Butron izango da beste behin ere alkategaia. Jakitera eman dutenez, hamar emakumez eta hamar gizonez osatutako zerrenda erregistratu dute.
Guzanek eskerrak eman gura dizkie Bermeon erroldatutako 500 pertsona baino gehiagori, “derrigorrezko bermeak sinatu baitituzte hauteskundeetara LOREG legeak adierazten duen moduan aurkeztu ahal izateko”. Adierazi dute apirilaren 4an udal hauteskundeetarako deialdi ofizialagaz batera hasi zen prozesua “oso aberasgarria” izan dela: “Hasieratik sare sozialen bidez dei eta ohar asko jaso ditugu, hainbat dendari eta pertsonen aldetik. Hala, kolaboratzaileen eskutik, beren sinadurekin, hautagaitza onartzea ahalbidetu dute eta, horrela, hauteskunde deialdi honetarako legezko baldintzak bete ditugu”.
Xabier Ortuzar alkategaiak “ondo” ezagutzen du Bermeoko Udalaren kudeaketa eredua, bi agintalditan zinegotzi taldean egon baita, Guzan plataformaren ordezkari gisa. “Negoziazio ahalmen handia” du, eta Bermeoko talde eta elkarteekin egindako bilera anitzen ondorioz, lehentasuna izango dela nabarmendu du, “arazo estrategikoak konpontzeko komunitate bat sortzea gazte zein adinekoentzat”.
Ekintzaile sozial gisa, bertatik bertara ezagutzen ditu Bermeoren arazoak: “Bizkaiko kostaldeko herria nodo ekonomiko eta kulturalekin gaizki komunikatuta dago, eta bere egungo eta etorkizuneko garapen sozialerako erronka handiak ditu”. Guzan herri plataformak uste du 2023ko hauteskundeak “benetako aldaketarako une giltzarri batean datozela, hirigintza proiektuetan ardaztutako 40 urteko bipartidismoaren ondoren”.
Bermeotarren “benetako lehentasunak” beste batzuk direla diote, “euren seme-alaben heziketaz eta Gaztelugatxek sortutako espekulazio turistikoak jazartutako paisaiaren ingurumen-etorkizunaz kezkatuta daudelako”.