Kultura Megalitikoaren Europako Egunagaz bat eginez, hitzaldia eta bisita gidatua izango dira Busturian
Historiaurrean Busturialdean izan ziren hileta ohiturei eta errituei buruzko hitzaldia emango du Juan Carlos Lopez Quintana Agiri Elkarteko arkeologoak eguenean (apirilak 27), eta Katillotxuko nekropoli megalitikora eta Sorbituagako menhirrera bisita gidatua egingo dute domekan (apirilak 30).
Agiri Arkeologia Elkarteak eta Busturiko Udalak Kultura Megalitikoaren Europako Egunaren harira hitzaldia eta bisita gidatua antolatu dituzte. Apirileko azkenengo domekan ospatzen da egun hori.
Informazioa zabaltzeagaz batera, ondarea babestearen eta kontserbatzearen garrantzia nabarmentzeko helburua daukate jardunaldiek.
Juan Carlos Lopez Quintana Agiri Elkarteko kideak emango du hitzaldia eguenean (apirilak 27). Historiaurreko hileta-praktikak Urdaibain zelan garatu ziren aztertuko dute, irudiekin lagunduta. “Hemen dauzkagun monumentuekin adibideak emango ditugu. Jende asko sartzen zen ehorzketa kolektiboko hilobietatik, bakarkakoetara zelan aldatu zen ikusiko dugu, eta baita Historiaurre amaieran gorpuak errausten hasi zirela ere, hau da, gorpuak erre eta bestelako erritu bategaz lurperatzen hasi zirela”, azaldu du arkeologoak.
Hitzaldia domekako bisita gidatuaren “atarikoa” izango da, bi jarduerak zelanbait “osagarriak” baitira. Katillotxu gailur-lerrotik ibilbide zirkularra egingo dute domekan (apirilak 30). Iparraldetik igoko dira eta hegoaldetik jaitsi Harribieta mendi-lepora. Bost trikuharri bisitatuko dituzte: “Bost dolmenetatik bi induskatutakoak dira. Batez ere 2004 eta 2008 urteen artean induskatutakoei buruzko azalpenak emango ditugu, eta horietan zer agertu zen, zelako hileta-praktikei dagozkien eta zelan kontserbatu ditugun azalduko dugu, bai eta monumentu horien garrantziaren zabalkundea zelan egin dugun ere”. Hain zuzen ere, ondare horiek babestearen garrantzia azpimarratuko dute: “Ondare horiekiko errespetua eta zaintzeko kontzientzia eta sentsibilizazioa eduki behar dugu”.
Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoa: “Batez ere 2004 eta 2008 urteen artean induskatutakoei buruzko azalpenak emango ditugu”
Izan ere, Katillotxu I trikuharrian pintaketak agertu berri dira eta Agiri Arkeologia Elkartetik eta Mundakako Udaletik horiek gaitzetsi zituzten barikuan, “ondare historikoaren aurkako erasoak direlako”. Quintanak esan duenez, horiei buruz ere berba egingo dute: “Pintaketez gain, hobiratzeak ere egin dituzte, txakurrak lurperatu dituzte, eta horiek debekatuta daude. Dolmenek hileta erabilpena eduki zuten orain dela 3.000-5.000 urte, baina gaur egun ezin dute erabilera hori izan”. Zehaztu du Euskal Herrian zein Europan zabaltzen ari den zerbait dela: “Jendeak errautsak botatzen ditu halako lekuetan, Historiaurreko monumentuak dauden lekuetan, baina ezin dira horietan bota. Horrelako monumentuetan dauden lurrek gaur egun oraindiño atera ezin dugun informazioa daukate, baina etorkizunean informazioa lortu ahalko da horietatik. Informazio hori kutsatzen ari dira. Lehen pentsaezina zen neandertalen hezurretatik DNA lortzea, hori lortu da, eta harrigarria bada ere, azkenengo urteetan neandertalek zapaldutako lurzoruetatik DNA ateratzea lortu da”. Quintanak gogoratu du kultur ondareei dagokien “gorengo babesa” daukatela monumentu horiek, Interes Kulturaleko Ondasunei dagokiena, alegia.
Arkeologia taldekoek azaldu dutenez, Kultur Megalitikoaren Europako Egunaren testuinguruan aurtengorako “ekitaldi txiki batzuk” antolatzea erabaki zuten, eta urtero zerbait egitea da euren asmoa.
Apirilak 27, eguena:
- 19:00. Juan Carlos Lopez Quintana Agiri Elkarteko kidearen Hileta ohiturak eta erritualak Busturialdeko Historiaurrean, V.-I milurtekoen artean hitzaldia, Altamirako Kultur Etxean.
Apirilak 30, domeka:
- 09:00. Bisita gidatua Katillotxuko nekropoli megalitikora eta Sorbituagako menhirrera, Agiri Arkeologia Elkartearen eskutik. Altamirako Plazatik irtenda.
- Erreserbak: Altamirako Kultur Etxean. 94-617 10 04 (09:00etatik 11:30etara eta 16:00etatik 20:00etara).