Umeen segurtasun sistemak kontrolatuko ditu Bermeoko Udaltzaingoak
Asteon egingo dituzten kontrolak herriko leku desberdinetan egingo dituztela jakitera eman dute.
Bermeoko Udaltzaingoak informazio eta prebentzio kanpaina berria abiarazi du. Oraingoan, ibilgailuetan erabiltzen diren umeen segurtasun sistemak behar bezala erabiltzen direla ziurtatu gura dute, eta horretako kontrolak egingo dituzte asteon. Aipatu kontrolak herriko leku desberdinetan egingo dituztela jakitera eman dute udal arduradunek.
Urtean zehar udaltzainek egiten dituzten kanpainen helburua da da istripuak saihestea edota hauek egotekotan zaurituen kopurua txikitzea eta, horretarako, besteak beste, haurrak lotzeko sistemak, segurtasun uhalaren erabilera, ibilgailuen egoera… begiztatzen dituzte.
Aste Santuaren aurretik egindako kanpainan, herritarrek segurtasun uhala ondo erabiltzen dutela egiaztatzen ibili ziren, oraingoan, txikienen txanda izango da. Aipatu gura izan dute istripu gehienak bidaia laburretan gertatzen direla, eta, horregatik, “ezinbestekoa” dela uste dute, une oro, haurren segurtasun sistema erabiltzea, eta behar bezala erabiltzen dela egiaztatzea.
“Sistemak behar bezala erabili behar dira bere funtzioa bete dezaten, umeen tamaina eta pisua kontutan hartuta. Gure helburua da jendeak ondo erabiltzen dituela ikustea eta informazioa eta laguntza eskaintzea”, adierazi dute. Hala, kontzientziazio kanpainak araudiak eskatzen duenagaz bat egiten dela egiaztatzeko balioko duela aipatu dute, “txikienen segurtasuna bermatuz”.