Talak itxura berritua izango du
Eserleku berriak jarri, mahaiak eta iturria berritu dituzte, eta horma-irudi bat margotzen dabiltza.
Talak “irudi berria eta itxura berritua” izango du. Udal arduradunek azaldu dutenez, “herritarren atsedena bultzatu eta udalerri bizigarriagoa sustatzea” dute asmo, altzariak berrituz eta “elkartzeko eta gozatzeko espazio hobeak eskainiz”.
Herritar asko batzen den lekua da Tala. Batez ere, adineko pertsonak batzen direla diote udaletik, hortaz, inguru horretako hiri-altzariak, erabiltzaileei egokitutakoak izan behar direla diote, “diseinuari dagokionez, irisgarritasunari buruzko araudia kontuan hartuta”. Hala, 43.700 eurotik gora bideratu dituzte 3 metroko luzera duten 29 eserleku handi, 1,75 metroko lau eserleku ertain eta 60 zentimetroko beste bi eserleku txiki jartzeko. “Gazte, familia eta baita ere adinekoen eskakizunei erantzuten dion jarduna” dela adierazi dute: “Ekintza horrek haien atsedena, erabilera eta gozamena bultzatzen ditu, eta, aldi berean, herritarren bizikidetza hobetzen du”. Lanak hasita daude, eta datozen asteetan amaituko dituzte.
Gainera, “eremua egokitzeko eta erabiltzaileei aisialdiaz gozatzeko leku ezin hobea” eskaintzeko, barbakoen guneko mahaiak berritu ditzute, iturria aldatu dute, eta laster belargunea egokituko dutela aipatu dute.
Altzari berriez gain, Tala bidean kokatua dagoen Osasun Mentaleko Zentroko harresian horma-irudi bat margozten ari dira. Irudiok Bermeoren “garapen soziala eta ekonomikoa” irudikatuko dute, eta “gure ondarea balioan jartzeko beste urrats bat” dela azaldu dute: “Horma-irudiek kresalak hautsitako hormak apaintzeaz gain, helburu pedagogikoa dute. Izan ere, Tala bide politean paseoan dabiltzan bermeotar eta bisitariek gure arrantza kulturaren garapena ikusi ahalko dute, txalupetatik hasita, gaur egungo Alakrana edo Donienera heldu arte”. Horma-irudiak egiteko stencil teknika erabiltzen ari dira.
Jakitera eman dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko –Lan eta Enplegu Sailaren bitartez– eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioko Inklusio eta Gizarte Aurreikuspenerako Helburu eta Politiken Idazkaritza Nagusiak sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan jaio den laneratze proiektu baten baitan egiten ari dira lanak.