Hiru urteren ostean, Merkatu plaza dantzaz bete dute
Urduri heldu ziren hitzordura, baina dantzaldian zehar urduritasunak baretu eta alkarregaz gozatu zuten. Gernika-Lumoko ikastetxeek alkarregaz zenbait ekitaldi egiten dituzte ikasturtean zehar, eta horietako bat da Eskolarteko Dantzari Eguna. Jendetsua bezain ikusgarria izaten da urtero, eta euriak ere ez du zapuzten dantzari txikien egun handia.
Milaka dantzari eta beste horrenbeste senitarteko batu ziren atzo (apirilak 23) Merkatu plazan. Izan ere, euriaren eraginez, Urbieta futbol zelaiaren ordez, bertan egin zuten dantzaldia. Beste behin, herriguneko aterpea txiki geratu zen, eta, beste behin, urduritasunez, irribarrez, txaloez eta batez ere bizitasunez bete zuten lekua.
Allende Salazar Herri Ikastetxeko, Barrutia Herri Ikastetxeko, Mertzede Ikastetxeko, San Fidel Ikastolako eta Seber Altube Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek txintxo bete zuten irakasleek esandakoa. Gustura aritu ziren dantzan.
Euskal Herriko ia lurralde guztietako dantzak eskaini zituzten; Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako, Behe Nafarroako eta Lapurdiko dantzekin osatu zuten erakustaldia. Ondo etorria emateko, Agintarienagaz hasi zuten saioa, ikurriñak sendo astinduta, eta Ezpata joko txikia izan zen hurrengo dantza. Jarraian, LH 1. eta 2. mailetakoen txanda izan zen. Horiek Makil joko I, Makil joko II, Txulalai, Zapatain dantza eta San Petrike plazaratu zituzten. Gero, Euzko dantza, Arku dantza eta zinta dantza izan ziren, eta Fandagoaren eta Arin-arinaren ostean, Behe Nafarroako Martxagaz borobildu zuten emanaldia. Beste urte batez, udalerriko Gazteak Txistu Taldekoen doinupean aritu ziren, eta Bittor Zarrabeitia udaleko euskara teknikaria aritu zen azalpenak ematen eta umeak animatzen.
Hala, hiru urteren ostean, indartsu, biziberrituta eta betiko ilusioagaz bueltatu da Gernika-Lumoko Eskolarteko Dantzari Eguna. Hezkuntza zentroetan Euskal Herriko tradizioak mantendu eta kultura zabaltzeko egiten den beharraren erakusle da eguna; hainbat aleren artean beste ale bizi bat. Alez ale, ikaslez ikasle, dantzaz dantza herria bizirik dagoelako.