Bermeo, dantzari txikien bilgune
Bermeoko Alkartasuna, Galdakaoko Andra Mari eta Erandioko Uztargi dantza taldeetako dantzari txiki eta gazteak izan ziren protoganista zapatuko dantza elkartrukean.
Jolas eta dantzaz betetako eguna izan zen zapatua Bermeon. Alkartasuna Dantza Taldeak antolatuta, umeen dantza elkatrukean batu ziren 4 eta 15 urte bitarteko 136 dantzari. Eguraldia lagun, eguna “oso ondo” joan zela diote antolatzaileek, “denak gustura” ibili zirela nabarmenduta.
Bermeoko dantzari txiki eta gazteekin batera, Galdakaoko Andra Mari eta Erandioko Uztargi dantza taldeetako dantzariek lagundu zuten udalerria girotzen. Jolasekin hasiera eman zioten egunari, eta kalejiran ibili ziren gero, bazkaltzera joan aurretik. Portuan eta Lameran geldialdiak egin eta dantza “labur, dibertigarri eta alaiak” egin zituzten.
Arratsaldean, ekitaldi nagusia egin zuten Lameran. Atal desberdinetan banatuta, hainbat dantza plazaratu zituzten bertaratutakoen gozamenerako.
Hurrengo hitzordua Galdakaon daukate, ekainaren 4rako jarri dute.