"Gure sistema produktiboa modu jasangarrian aldatu nahi dugu"
Elika Fundazioko profesionalek elikadura sektorekoei aholkularitza teknikoa eta zientifikoa ematen diete eta elikaduraren kate osoaren plana koordinatzen dute. Arantza Madariaga zuzendariak fundazioaren lanez, elikadura katea osatzen dutenen errealitateaz, egungo araudiaz, arriskuez, elikagaien xahuketaz eta bestelako ardurez hitz egin digu.
2001ean ze hutsune edo gabezia betetzeko sortu zen Elika?
Behi eroen krisialdian ikusi zen beharrezkoa zela Euskadin instituzio bat edukitzea, gaiari buruzko aholkularitza teknikoa eta zientifikoa emateko sektoreari eta administrazioei. Denontzat berria izan zen, eta oso gogorra; eragin handia eduki zuen sektorean, eta gero ere, urte askotan egon ziren ondorioak. Halakoen aurrean, erantzuna da garrantzitsuena, eta hori ganoraz emateko adituak behar dira. Behi eroen krisialdia inflexio puntua izan zen elikaduraren segurtasun arloan.
Lantaldea nortzuk osatzen dute?
Elikan daude albaitariak, biologoak, agronomoak, elikagaien teknologia arloko adituak… pertsonal teknikoa da, informazioa eguneratuta duena. Ebidentzia zientifikoa ematen dugu, txosten eta iritzi teknikoak. Elikadura produkzioan eskumena duten administrazioei zein sektoreari aholkularitza ematea da gure lana. Enpresa handiek badituzte teknikari adituak, baina gure %80 txikiak dira, ez dira gai teknikari propioak edukitzeko. Plan onen gidak, infografiak… asko egiten ditugu, aditu teknikoak ez direnek erraz ulertzeko, sektoreari lana errazteko. Legediak geroz eta gehiago eskatzen du, eta kontsumitzaileak ere geroz eta exigenteagoak dira.
“Legediak geroz eta gehiago eskatzen du, eta kontsumitzaileak ere geroz eta exigenteagoak dira”
Hasierako eta egungo lan ildoak berberak dira?
20 urtean gehien egin dena da elikadura segurtasunaren kultura hedatzea, kate osoaren eragileen artean. Horiek barneratuta daukate elikagaien segurtasunaren beharra, badakite hor dagoela gakoa. Elikaduraren segurtasunak bi ardatz ditu. Batetik, trazabilitatea: jakitea nondik datorren janaria lehen unetik azkenengora, kate osoa kontrolatzea. Bestea autokontrola da: eragileek ekoizpen beharren kontrola edukitzea. Bi gauza horiek bermatuta egon behar dira gauzak ondo joateko. Arriskua zero izatea ezinezkoa da, baina horiek arduraz eroanda, eta behar hori barneratuta badago, arrisku gutxiago dago, eta arriskuak txikiagoak izango dira.
Araudia oso zorrotza da?
Legedia gero eta exigenteagoa da, eta gehiena Europatik dator. Elikagaiak asko mugitzen dira, munduko edozein lekutatik datoz, eta edozein momentutan ditugu. Europara sartzeko produktuek neurri zorrotzak betetzen dituzte. Horrek lasaitasuna ematen du, gure eskuetara, dendetara, merkatuetara datozen produktuak seguruak direla jakiteko balio baitu. Azken 20 urteotan sistema seguruago egin da. Orain segurtasunari beste hitz batzuk gehitu zaizkio: elikadura osasuntsua eta jasangarria. Gure lana, aholkularitza eta proiektuak guzti horietara egokitzen joan gara.
Koordinazio lanetan ere bazabiltzate?
Estrategia asko daude eta, adibidez, Elikadura Katearen Kontrolaren Euskal Plana koordinatzen dugu. Gure sistema produktiboa modu jasangarrian aldatu nahi dugu; helburua da jendeari janaria bermatzea, baina modu jasangarrian. Horrek aldaketa asko suposatzen ditu; trantsizio momentuan gaude, eta trantsizioa egiten lagundu behar diogu sektoreari. Hurreko salmenta koordinatzen ere bagabiltza, merkatuetan jendeak lasai erosteko bertako produktuak. Hurbileko salmenta bultzatzen dugu; produktuak seguruak eta kalitatezkoak izatea.
“Orain segurtasunari beste hitz batzuk gehitu zaizkio: elikadura osasuntsua eta jasangarria”
Zein erakunde eta eragilegaz aritzen zarete lankidetzan?
Ekosistema honetan agente pila bat daude; zailena da koordinazioa egitea. Gobernu barruan gaude, baina hark ez daukan erraztasuna dugu, hurbil gaude. Harreman zuzena daukagu eragile, erakunde publiko, sindikatu, elkarte, kluster, eragile pribatuekin… eta Elikadura Segurtasunaren Europako Institutuko aditu taldean gaude. Harreman eta ezagutza handiak ditugu, eta hitzaldiak eman eta mahai inguruetan parte hartzen dugu.
Kontsumitzaileekin ere harremana daukazue?
Hartu-eman zuzena daukagu. Urtean behin, martxoan, kontsumitzaile elkarteekin dugun taldea batu eta errepasoa egiten dugu: zer izan den nabarmenena aztertzen dugu, arazo gehien eman duena. Kontsumitzaileen ardurak aztertzen ditugu, eta esandakoaren arabera, gure webean informazioa lantzen dugu. Kontsumitzaileak infoxikazioa (gehiegizko informazioa) jasaten du. Edozeinek dauka komunikatzeko aukera, eta mezu arriskutsuak daude. Ez da elikadura, osasuna da, eta jendea ez da konturatzen edozeinen aholkuak ezin direla segitu. Ardura handia daukagu, ikusten dugulako jendeak informazio asko eta formazio gutxi duela. Gure helburua da kontsumitzaileak erreferente moduan ikustea.
“Kontsumitzaileak infoxikazioa (gehiegizko informazioa) jasaten du; edozeinek dauka komunikatzeko aukera, eta mezu arriskutsuak daude”
Elikagaiak alferrik galtzea da kezketako bat.
Aspaldian elikagaien xahuketaren estrategia lantzen ari gara. Pedagogia asko egin behar da. Txikitatik jendeak kontzeptuak argi edukitzea lortu nahi dugu. Eskoletan eta institutuetan hitzaldiak eta tailerrak ematen ditugu, eta unibertsitateetan ere ibili gara; pila bat formakuntza egiten ditugu gazteentzat, eta zaila da feedback-a lortzea. Elikadura jasangarria lortzeko gure ongizate zonatik irten behar dugu, eta ohiturak aldatu, eta hori zaila da. Aldaketa norberarentzat eta inguruarentzat zein ekonomikoki onuragarria izango dala jendea konbentzitzea zaila da.
Ze irtenbide atera dituzue?
Xahuketaren kontrako estrategia batzuk ematen ditugu: janaria zelan berrerabili, izozten ikasi… Sarean eta webean bideoak ipintzen ditugu. Adibidez, dendara joan aurretik erosketa planifikatzea baliagarria da. Ohitura hartu behar da, txipa aldatu. Horrela kontsumituko duzuna bakarrik erosiko duzu. Elikadura orekatua izateko, zer jaten duzun kontrolatuta edukita ez duzu janaria alferrik galduko, eta behar duzuna bakarrik erosita, aurreztu egingo duzu.
Supermerkatuetan janari asko alferrik galtzen al da?
Alferrik galtzeko beldurra denek dute, supermerkatuek ere bai. Eurek ere ez xahutzeko estrategia daukate; iraupen data heltzen dela ikusten dutenean, eskaintzak egiten dituzte. Arazoa bezeroari pasatzen diete, eta eurei iraungitzen zaizkie. Ohitura onen eta osasuna bermatzearen kultura izatea garrantzitsua da; ikastetxeeetan zein etxean landu behar da. Ostalaritzako umeen menua ere aipatzekoa da. Kopuru txikiagoan, baina zergatik ez dute txikitatik ikasten besteen moduan jaten? Adituek diote horiek kendu behar direla, normalean ez direlako osasuntsuak.
“Aspaldian elikagaien xahuketaren estrategia lantzen ari gara; xahutzen diren kopuruak handiak dira, eta ekidin daitezke”
Non xahutzen da gehien?
Etxean xahutzen da gehien. Jateko moduan dauden elikagaien erdia etxeetan xahutzen da Euskadin; plateretan sobratzen dena. Xahutzen diren kopuruak handiak dira, eta ekidin daitezke.
Eta tabernetan eta jatetxeetan?
Uda aurretik ostalariekin eta merkatariekin kanpaina bat egingo dugu. Lan egiteko ohiturak aldatzea gakoa da. Adibidez, ostalaritzan hobe da amaitu ostean gehiago gura duten galdetzea. Eskatzetik irteten dena ezin dute erabili, eta hor asko galtzen da. Pintxoekin ere ematen du zenbat eta gehiago eduki, taberna hobea dela. Gomendatzen diegu saldu ahala ateratzea, barruan daudenak babestuta daude eta. Bezeroek ere aurreiritziak baztertu behar dituzte. Adibidez, fruta motzak erosteko ahaleginak egin dira, merkeago salduta, eta jendeak aurreiritziak ditu.
Bertoko produktuei balioa ematen zaie?
Pandemian elikadura sektorea oinarrizko izendatu zen, konfiantzako harremanak sortu ziren, eta aurrerapauso hori galtzea pena da. Sarri prezioa ikusten da, eta atzean dagoen balorea ez. Bertoko produktuaren, bertoko baserritarren aldeko diskurtsoak ditugu, baina, gero, merkeenera goaz. Batzuetan ezin delako da: bertoko produktu ekologikoak garestiagoak dira, atzean dagoen beharragatik. Badakigu produktu ekologikoak ezin ditugula denok erosi, baina ahal duenak erosi ditzala. Jantoki kolektiboetan bertoko produktuak sartzeko lanketan ere aspalditik gabiltza Hezkuntza Sailagaz eta plataformagaz. Diru beragaz gauza hobea lortzea ez da erreala, horiek ezin dira eskaini prezio berean. Nahiko genuke horrela izatea, baina ezinezkoa da.
Elikadura burujabetasuna bermatzea posiblea al da?
Egungo kontsumo ohiturekin ezinezkoa da. Ezin dugu nahikoa ekoitzi. Hemen lehengai gutxi ditugu, eta denetarik jan gura dugu. Bi milioi pasatxo pertsonentzako elikadura ezin dugu hemen ekoi-
tzi, ez dugulako baserritarrik, lurrik, klimarik… Egun, munduan inork ez du burujabetasunik. Beharrak askoz ere handiagoak dira. Lehen lurrak ematen zienagaz konformatzen ziren. Orain, adibidez, frutetan jendeak aniztasuna gura du. Gure lurrak ematen duenagaz jende gehiagorengana heltzea lortu beharko genuke. Gaur-gaurkoz, ardo, arrain-kontserba eta arrautzetan gara autosufizienteak; lehen bietan, esportatzaileak gara. Okelaren %70 kanpotik dator. Ukrainako gerrak ere eragin du. Oso dependenteak gara, ez bakarrik Euskadi, Europa ere bai. Garia Ukraina eta Errusiatik datorkigu, eta lehengai nagusia da oinarrizko elikagaiak izateko. Kolpea hartu dugu, prezioak igo dira… Besteen eskuetan gure etorkizuna laga dugu.
“Egungo kontsumo ohiturekin elikadura burujabetasuna ezinezkoa da”
Benetan osasuntsu elikatzen gara eta gure kontsumoa arduratsua da?
Ez, datuek bestelakoa diote. Adibidez, estatistikek erakusten dute plater prozesatuak geroz eta gehiago saltzen direla. Horiek gehigarri asko (gatza, azukrea…) dituzte, iraupen data luzea eta zapore goxoa izateko. Krisialdian txarrago jaten da, produktu merke asko saltzen dira, marka zuriak ere bai, baina horiek ez dute zertan txarrak izan. Dirua ondo kudeatu eta ondo jan daiteke. Elikadurak osasunagaz du zerikusia, eta uste dut ez garela konturatzen. Ohitura txarrak ditugu, erosotasuna dago gure osasunaren aurretik. Aitzakia da ez dugula denborarik. Osasuna bermatzeko ez daukagu denborarik? Osasunaren zati handia gure ohiturak dira. Modak ez dira ezerezetik sortzen, interesa duten lobiak daude atzean. Beganoena ere moda da. Kontraesanak ditugu, eta begiratu beharko genuke ea kontsekuenteak garen. Janariak eurak ez dira txarrak; egiten duzun erabilera da txarra. Ohiturak aldatu eta oreka bilatu behar da.
Kontsumitzaileak badaki zer erosten duen?
Ez dugu formaziorik. Produktu batean gehiengoa marketina da. Benetako informazioa txiki dago, ez ikusteko, eta ez daukana, handi-handi. Baina kontsumitzaileak produktuak daukana jakin behar du, ez ez daukana. Etiketei buruzko informazioa ematen dugu; horiek ulertzen ikasi behar da, jakiteko zer erosten duzun, nondik datorren, zer daukan… Adibidez, webean etiketa ereduak ditugu, ekoizleek zer ipini jakiteko eta kontsumitzaileek jakiteko gauza bakoitzak zer esan nahi duen. Botiken prospektuak irakurtzen ditugu, etiketak zergatik ez? Ez dago ohiturarik. Elikagaiak medikamentuak dira; osasunerako onak edo txarrak izan daitezke.
“Estatistikek diote plater prozesatuak geroz eta gehiago saltzen direla”
Zelan murriztu daitezke arrisku biologiko eta kimikoak?
Euskadin zentro teknologikoak ditugu ikerketak egiten: zelan murriztu behien metanoa, zelan erabili fitosanitario gutxiago… 2030erako munduan 8.500 milioi pertsona egongo gara, eta egun baino %70 gehiago ekoiztu beharko da. Hori egin ahal da elementu kimiko barik? Horiek sortu ziren uztak eta ekoizpenak bermatzen laguntzeko, jendeari elikadura bermatzeko. Horri buelta ematen gaude, kimikoak gero eta gutxiago erabiltzea baita helburua. Europatik datorren estrategia da horiek %50 gutxitzea. Ez da erraza. Legea zorrotza da, dena dago kontrolatuta.
Alor horretan zer egiten duzue?
Arriskuen ebaluazioa eta analisia egiten ditugu. Klima aldaketak eragina dauka, genetikoki birusak aldakorrak direlako, eta globalizazioagaz animaliak, elikagaiak zein jendea mugitzen da. Kontigentzia planak dauzkagu; prebentzio lana egin behar da: ikertu, ikusi eta ikasi behar da, eta sektoreagaz eta instituzioekin prestatu. Beti gaude arriskuari aurrea hartzen, erantzun azkarra emateko. Europan desagertuta egon diren animalien gai-
xotasun batzuk berriro etortzen ari dira. Adibidez, urtero, azarotik otsailera arteko hegaztien migrazioak bertotik pasatzen ziren, eta adi egoten ginen, hegazti-gripea ekarri zezaketelako. Prebentzio-neurriak hartzen ziren, adibidez, bio-segurtasuna ustiategietan. Orain, urte osoan dago hegazti influentza, eta maiatzetik kontigentzia plana aktibatuta dago. Momentuz lortu dugu ustiategietara ez heltzea. Klima aldaketaren eraginez, birusa mutatu da, eta askotariko hegazti basatiak egon daitezke kaltetuta. Lehen ahateak, antzarrak… izaten ziren, eta hartu-emana zeukatenei eragiten zieten, orain putreak, ubarroiak, kaioak… eduki ditugu, eta lantzean behin, hilda topatzen dute baten bat. Aspaldiko partez, momentu honetan dena aktibo daukagu, ez bada basurdeek ekartzen duten txerri-izurria, hegazti-influentza da, eta, orain, 1960tik desagertutako ardi-baztanga agertu da Espainian (ardiei aho bueltan puxika antzekoak sortzen zaizkie, ezin dute jan eta ondorioz, esne gutxiago sortzen dute). Gabonetan foku bat hasi zen Andaluzian, eta Gaztela Mantxan egon berri dira foku batzuk. Han oso arduratuta egon dira Mantxako gaztagatik. Zergatik etorri denari buruz teoria desberdinak daude, baina ez da erreza jakitea nondik etorri den.
“Arriskuen ebaluazioa eta analisia egiten ditugu, eta kontigentzia planak dauzkagu”