Benito Barruetaren lanari aitortza, Arrantzaleen Museoan
Artista bermeotarraren azken etapako zenbait estudio, apunte eta zirriborro aukeratu dituzte Arrantzaleen Museoko erakusketan ikusgai jartzeko, "inoiz ikusi gabeak".
Orain arte sekula erakutsi ez diren Benito Barrueta artista bermeotarraren hainbat lan ikusgai daude Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Artistaren jaiotzaren 150. urteurrena eta museoaren 75. urteurrenean baliatuta jarri dute hirugarren solairuan Barrueta paper gainean erakusketa, bere lanaren eta ibilbidearen aberastasuna aitortzeko.Gainera, Arrantzaleen Museoa kokatuta dagoen Ertzilla dorretxean jaio zen Benito Barrueta artista bermeotarra.
Orain arte, Benito Barruetaren obraren hamar bat erakusketa indibidual egin dira eta 50 erakusketa kolektibo inguru penintsulan, Frantzian eta Britainia Handian. Bere lana Arte Ederren Bilboko Museoko, Madrilgo Prado Museoko eta beste instituzio batzuen bildumetan dago. Hala ere, Barrueta paper gainean erakusketak lehen aldiz bildu du artistaren papereko lanen bilduma garrantzitsu bat, orain arte erakutsi gabea, “marrazketa-teknikan zeukan maisutasunaren erakusgarri”. Haren azken etapako zenbait estudio, apunte eta zirriborro hautatu dituzte ikusgai jartzeko. Euskarri umiletan eginda daude –batzuetan bi aldeak erabilita–, haren emazte Leandra Bilbao Gangoitiak gorde zituenak.
Marrazketa “ezinbestekoa”. Andone Narvaez Gofinondo da erakusketaren komisarioa. Haren hitzetan, Barruetaren bizitzan ezinbesteko lekua izan zuen marrazketak; «papera eta arkatza eskuaren luzapen naturalak zituen kasik». Guztiaren gainetik, giza irudiari ematen dion protagonismoa nabarmentzen dela dio: “Marraztu zituen eszenak eta pertsonaiak denborari gailenduko zaizkio beti”.
Madrilen ikasi zuen, hala, Prado Museoko maisu handien eragin sendoa izan zuela dio. XX. mendearen hasieran Parisera joan zen, eta, nahiz eta Montmartreko artista abangoardisten bizilaguna izan, Velazquezen jarraitzaile leial bezain obsesiboa izan zela dio. 1914an Bermeora itzuli zen, eta marrazketa katedra hartu zuen Nautikako eta Arte eta Lanbideen Eskolan. Bizi xume batera egokitu zen, garai hartako zirkulu artistiko eta sozialetatik urrun: “Erretiro horrek intimismo fin batez hornitu zuen bere pintura. Hala, bere ingurune hurkoena proiektatu zuen bere obran, non nagusi ziren barrualdeak, etxeko eszenak, hurbileko pertsonaiak eta paisaiak”.
Barrueta senar-emazteen bizitzako gorabeherek zehazten dituzte erakusketako marrazkien gaiak: “Espainiako gerra zibilaren hasieran, erbestealdi luze eta mingarri bati ekin zioten. Frantziara joanda, ondasun guztiak galdu zituzten. Horrek azaltzen du erakusketako marrazkiak gerraren eta gerraostearen aldikoak izatea. 1938 aldera, senar-emazteek asiloa hartu zuten Saint-Christau bainu herrian. Bermeoko artistak bertan zeuden gerrako errefuxiatuak marrazten zituen. 1940 urtean, Miarritzen bizi izan ziren denboraldi batez, eta garai hartakoak dira burges itxurako figurak. 1943 urtean, erbestetik itzuli ziren, eta beste bi urtez lagunen eta senideen laguntzari esker bizi izan ziren. Garai horretakoak dira Durangon egindako marrazkiak eta etxeko hainbat eszena. Azkenik, Bermeoko Talako etxetik hurbileko eszenak daude, azken bizileku izan zuten senar-emazteek”.
Gerra aurreko aldiari dagokion Barrueta marrazkilariaren testigantza modura, erakusketan bertan ikusgai jarri dituzten hainbat liburutarako egindako ilustrazioak daude.
Utzitako lanak. Jakitera eman dutenez, Bermeoko Barrueta Arte Elkartea arduratu da artistaren lanak zaintzeaz, eta Ertzilla dorretxeko erakusketa osatzen lagundu dute. Gainera, erakusketa osatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoak Leandra josten pintura utzi du, eta Sota familiak Rosalia en Paris liburua. Gainera, zenbait partikularrek utzitako obrak ere badaude ikusgai erakusketan.
Barrueta Arte Elkarteko presidente Pedro Lazpiurrek gogorarazi du duela 72 urte pintura gustuko zuten askotariko bermeotarrak batu zirela Barrueta Arte Elkartea sortzeko: “Orduan bizirik zegoen Benito, eta elkartea sortzeko asmoa zeukatela komentatuta, pozik hartu zuen ideia. Hala, berak bere buruari egindako autorretratua oparitu zion elkarteari. Oso garrantzitsua izan zen elkartearentzako, eta erakusketan ere ikusgai dago”. Barrueta Arte Elkartearentzako “oso garrantzitsua” da Arrantzaleen Museoan ikusgai dagoen erakusketa, eta Bizkaiko Foru Aldundiak erakusketa jartzeko emandako laguntza eskertu du.
Erakusketak Barruetaren marrazkiak eta grabatuak ikusi, sentitu eta bizitzeko aukera eskaintzen duela iritzita, herritarrak zein bisitariak gonbidatu dituzte haren obra zein bera pertsona modura ezagutzera.