Sustabiz Fundazioa sortu dute euskal pilota, arrauna eta herri kirolak sustatzeko
Sustabiz Herri Kirol Zentroa ere aurkeztu dute, eta etzi egingo dute bertan lehenengo ekimena; hain zuzen ere, 39 pertsonek izena eman dute harri jasotze tailerrerako.
Euskal pilota, arrauna eta herri kirolak sustatzeko jaio da Sustabiz Fundazioa. Lehenik eta behin, Busturialdea osatzen duten hogei herrietan, Euskal Herriko kulturan oinarrituta dauden kirol hauei bultzada eta ikusgaitasuna ematea du helburu nagusi. Geroago, baina, Bizkai osora zabaltzea dute asmo. Hala, herri kirolen, arraunaren eta euskal pilotaren bitartez, jaialdiak topaleku sozial bilakatu gura dituzte.
Hiru urteko lanaren ostean, Sustabiz Fundazioa errealitate bihurtu dela azaldu du Jesus Manuel Madariaga presidenteak. Bidea “zaila” izan dela azaldu du, baina atzetik izan duen laguntza handia eskertu du: “Askotan pentsatu dut ez ginela gai izango honaino heltzeko”.
“Bertoko kultura, kirolak eta euskara” bultzatuko dituzte herriz-herri, lehenengo Urdaibaiko herrietatik. Proiektuaren biziraupena luzea izateko, “denen parte hartzea eta laguntza” beharrezkoak izango direla aipatu du.
Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazioko zuzendariak azaldu du asmo horiekin guztiekin aurrera egiteko monitoreak ere badituztela. Hala, Inhar Urruzuno izango da harri jasotzeko monitorea, Bingen Erleaga Iparraldeko herri kirolena, Aitor Etxebarria euskal pilotakoa eta Patxi Egurrola, berriz, arraunekoa.
Hala, Urdaibaiko 20 udalerrietan gazte mailako herri kirol eta euskal pilota topaketak antolatzeko asmoa iragarri dute, eta parte hartzaileek, beraien adinera egokitutako materialak edukiko dituzte. Izan ere, batez ere, gazteengana iritsi gura dute, “euskal kulturaren eta kirolaren arteko harremana barneratzeko”. Horregatik, 6 eta 13 urte bitarteko gazteei zuzendutako jardunaldi parte hartzaileak egingo dituzte.
Egutegi bat egingo dute udal bakoitzagaz harremanetan jarrita, eta, ondoren, aurretiaz egindako “sustapen on” baten bitartez, inguruko eragileekin, ikastetxeekin edota modalitate desberdinetako taldeekin harremanetan jarriko direla diote, antolatzen dituzten jardunaldietan parte hartzea bultzatzeko.
Zentroa Gernika-Lumon. Herri kirolak praktikatzeko Sustabiz Herri Kirol Zentroa sortu dute, Gernika-Lumoko Crossfit Boxan, hain zuzen ere. “Crossfiteko kirolariak badabiltza herri kiroletan, eta emaitza onekin, gainera”, dio Etxebarriak. Hasiera batean honako diziplinak landuko dituzte: harrijasotzea, trontza, lasto jasotzea, lasto botatzea, ingude jasotzea, txinga eroatea, zaku eroatea, orga jokoa, lokotx biltzea eta sokatira. Sokatirako logistika oraindik ere muntatu barik dagoela azaldu du, baina horretan dabiltza. “Ahalik-eta diziplina gehienak” lantzeko asmoa daukatela diote, horregatik, ondo baldin badoa, “aukerak zabaltzen” joateko asmoa badaukate.
Sustabiz Herri Kirol Zentroaren lehenengo ekimena harri jasotze tailerra izango da, eta etzirako (apirilak 22) dago antolatuta. Lehenengo tailer horregaz, zentroa eta bertan eskainiko dituzten diziplinak ezagutara ematea dute helburu. 39 pertsonentzako lekua zegoen, eta bete egin dira. Jakitera eman dute izena eman dutenen artean %90 crossfiteko kirolariak direla. Inar Urruzuno entrenatzaileagaz, hiru gonbidatu egongo dira: Paulo Azpiazu, Lur Errekondo eta Karmele Gisasola (Zelai III). Tailerrean parte hartzeko lekuak bete badira ere, ateak zabalik egongo direla zehaztu dute, interesa daukatenentzat. Bi txanda egongo dira: 11:00etan eta 12:30ean.
Hurrengoa lasto jasotze eta lasto botatze tailerra izango da, maiatzaren 13an (zapatua).
Sustabiz Herri Kirol Zentroko entrenatzaile izango diren Inhar Urruzuno eta Bingen Erleaga entrenatzaile ofizialak direla jakitera eman dute. “Transmititu gura dugu beste kiroletan moduan, herri kiroletan ere, irakaskuntza-ikaskuntza prozesu bat ematen dela. Hala, probatu gura duenak aukera izango du gurean, eta monitoreak egon badaude prestatuta”, azaldu dute.
Sustabiz Fundazioari buruzko webgunea sortu dute: www.sustabiz.eus. Sare sozialetan ere badaude, Facebooken eta Instagramen.