Rosa Mari Sanchezek bere lanak ekarri ditu Bermeora
Hiru hamarkadaren ostean, Nestor Basterretxea aretoko hormak bete ditu Rosa Mari Sanchez artistak bere lanekin. Domekara bitartean bisitatu daiteke erakusketa, 19:00etatik 21:00etara.
Tamaina eta mota askotako lanak ekarri ditu Rosa Maria Sanchez Nuñez artistak Bermeora, eta horiek guztiak Nestor Basterretxea aretoan jarri ditu ikusgai. Erakusketa domekara bitartean bisitatu daiteke, 19:00etatik 21:00etara.
Kordobakoa (Andaluzia, Espainia) da jaiotzez, baina umetatik Gernika-Lumoko bizilaguna izan da, eta gaur egun, Muxikan bizi da. Herri asko eta askotan bere lanak erakusten ibiltzen bada ere, denbora asko zeraman Bermeon erakusketa jarri barik, dioenez, 30 urte inguru, eta egunotan Nestor Basterretxea aretoan dago bisitariei edozein azalpen emateko prest.
Sanchezek pot-pourri bat ekarri du Bermeoko erakusketara. Alde batetik, aurreko urteetan egindako zenbait lan eta Bermeon ikusi ez direnak ekarri ditu; esaterako, Gernika Gogoratu izena duen 2×2 metroko tamaina duen lana: “Bonbardatutako Gernika eta gaur egungoa islatzen ditu. Lehiaketa baterako egin nuen, baina ez nituen oinarriak ondo irakurri eta tamaina handiagoan egin nuen. Lehiaketan sartu ez, baina handik kanpo erakutsi zuten. Udalen bat edo beste interesatuta dago lanean, baina ez Gernika-Lumokoa. Banabil alkateagaz geratu guran, baina ez dut lortzen”.
Bestetik, Bermeoko paisaiak eta itsasoagaz lotutako irudien lanak ere badaude Nestor Basterretxeako hormetan zintzilikatuta, tamaina desberdinetan egindakoak, gainera. Sanchezen lanetan, gainera, asko agertzen dira perretxikoak: “Perretxikoak batzen joatea asko gustatzen zait, eta horiekin egindako lan asko ere baditut”. Eta, eguzkiloreak marraztea ere gustuko du.
Lehiaketetan. Durangaldeko Artisten Elkarteko kidea da Sanchez, eta horiekin ibiltzen da erakusketa desberdinetan. Duela bi urte, Durango Uria Arte Lehiaketan, elkarteak emandako Herriko Saria jaso zuen, eta lan hori ere ekarri du bermeotarrek ikusi dezaten. Lehiaketa ugaritara aurkeztu ditu lanak. «Zaletasunez egiten ditut lanak, eta ez naiz horretaz bizi, baina hara eta hona ibiltzen naiz lanekin, eta hortaz denbora asko ematen diot», dio artistak.
Azaldu duenez, urte asko daramatza margotzen, autodidakta dela nabarmenduta. Olioa erabiltzen du gehienbat, baina, Bermeoko erakusketarako luma-muturrez egindako zortzi lan ere egin ditu. Eta teknika mistoez egindako pare bat lan ere baditu erakusketan. Abstrakziorako joera ere badauka zenbaitetan, eta erakusketan ikusi daiteke.
Bermeorako bere lanen lagin bat baino ez du aukeratu, “etxea lanekin beteta baitauka”. Gaur egun, jendea ez dela erakusketara bertaratzen dio Sanchezek. Joera asko aldatu dela aipatu du. Hala, bide berriak aurkitu guran, sare sozialetan hasi da bere lanak erakusten. Instagramen aurkitu daiteke, rosarte60 izenpean.