Bermeoko Mugimendu Feministak "benetako konpromiso politikoa" eskatu du
Argi daukate feminismoa dela bidea; modu horretan, kalitatezko berdintasun politikak eskatu dizkiete Bermeoko Udala osatzen duten alderdiei, zenbait eskaera eginez.
“Benetako konpromiso politikoa” eskatzeaz gain, kalitatezko berdintasun politikak eskatu dizkiete Bermeoko Udala osatzen duten alderdiei, eta horiek guztiak beteko dituztela ziurtatzeko idatzizko konpromisoa sinatzea eskatu dute.
Hauteskundeak ate joka daudela nabaria dela dio Bermeoko Mugimendu Feministak: “Diskurtsoak doitzen hasita daude, programak osatzeko titular erakargarriak bilatzen, urtean alboratutako mugimenduetako kideei deiak luzatzen…”. Hala, horren guztiaren aurrean, “benetako konpromiso politikoa” eskatzen dute. Uste dute alderdien lana dela herritarrak “berdintasuneko eta diskriminaziorik gabeko baldintzetan” bizitzeko eskubidea bermatzea. Hala ere, gogorarazi dute Berdintasunerako lehenengo udal planean zehaztutako ekintzen gauzatzea “ez zela %50era iritsi”, eta bigarren udal plana ere “ez dutela” bete.
Bermeoko Mugimendu Feministaren ustez, feminismoa da bidea: “Genero ikuspegia, ikuspegi intersekzionala eta giza eskubideen ikuspegiak ezinbestekoak dira gurean”. Udala osatzen duten alderdien ardura dela uste dute “beharrezko bizkortasun eta eraginkortasunez jardutea, ekintzen jarrera aktiboa eta ekintza horiek ezarritako epean betetzeko konpromisoa edukitzea, horretarako behar diren baliabideak sortzea eta berdintasun politiken jasangarritasuna bermatzea”.
Eskaerak. Hori guztia kontuan hartuta, “kalitatezko berdintasun politikak” eskatu dizkiete. Hala, Bermeoko II. Berdintasun Planaren ebaluazioa eta 2023. urteko diagnostikoa kontuan hartuta, III. Berdintasun Planaren diseinua, jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egitea eskatu diete: “Oraingoan berdintasun plan integrala, erreala eta bideragarria eskatzen dugu. Horretarako, teknikari kualifikatu baten lidergotza eraikitzeko beharrezko lan profila sortzeaz, arreta presentziala eskaintzeaz, lanpostu publiko bat esleitzeaz, proiektuak ondu eta garatzeko aliantzak sortzeaz ari gara”.
Beste alde batetik, berdintasun zerbitzua integrala izan dadin, baldintzak sortu eta horiek “lehenbailen martxan jartzea” gura dute. Udal eta herri mailako esku hartze arloetan dauden diskrimazio egoerak identifikatu, eta horiek desagerrarazteko neurri zehatzak diseinatu eta inplementatu behar direla uste dute, baita ere, berdintasun gaietan sentsibilizatzeko eta prestakuntza emateko ekimenak planifikatzea. Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko eta haien bidelagun izateko udal protokoloa eta udal zerbitzuen beharra dago mugimendu feministaren iritziz, eta berdintasuna lortzeko, erakunde publiko eta pribatuekin partaidetza eta lankidetza bideak ezartzearen aldekoak ere badira. Gainera, Ahalduntze Feminista sustatzeko baliabideak, espazioak eta prozesuak bultzatzeko, aurrez aurreko zerbitzua eskaintzea eskatzen dute.