Aitor Aretxaga izango da berriro Busturiko EAJren alkategaia
Gogorarazi dute bi agintalditako esperientzia daukala udal kudeaketan. Dagoeneko hasita dauden "proiektu garrantzitsuak" garatzeko eta proiektu berriak martxan jartzeko konpromisoa agertu du.
Aitor Aretxaga Telletxeak Busturiko EAJren zerrendaburu izateko hautagaitza berriztu du, “talde berritu eta ondo prestatuagaz”.
Gogorarazi dute bi agintalditako esperientzia daukala udal kudeaketan. Dagoeneko hasita dauden “proiektu garrantzitsuak” garatzeko eta proiektu berriak martxan jartzeko konpromisoa agertu du. “Ekimen eta proiektu bakoitzean, herritarren eskaera partikularrak hurbileko jarreragaz eta ikuspegi orokorragaz entzutea” izan da bere lehentasuna.
“Udal gobernu modura, erantzukizunez jokatu behar dugu, oinarrizko irizpide orokorrekin. Ezin ditugu auzo guztiak zerbitzu guztiekin hornitu, ezinezkoa da, baina Busturiko auzo guztietan bizi kalitaterik onenaz gozatu ahal izateko proiektuak kudeatzen eta lan egiten jarraituko dugu. Gure konpromisoa da lanean jarraitzea, apurka-apurka, auzo guztietan herritar guztiek hirigintza irisgarria, segurua eta funtzionala izan dezaten”, adierazi du alkategaiak. Izan ere, aipatu du Busturia osatzen duten auzoen dibertsitatea “oso aberasgarria” dela udalerriarentzat, eta, aldi berean, “askotariko arreta behar duela, auzoen beharrizanak desberdinak diralako hirigintzan, ingurumenean edota irisgarritasunean, zerbitzuetan…”. Herriaren nortasuna dibertsitate horretatik sortzen dela nabarmendu du.
Gobernantza da Aretxagak “arreta eta konpromiso bereziz” zaintzen duen beste alderdi bat: “Busturian bizi garen guztiontzat gobernatzeko ardura hartu dugu beti. Horregatik, gure hautagaitzaren funtsezko premia “informazioa ematen duen eta erabakiak korporazio osoagaz” partekatzen duen taldea izaten jarraitzea da. “Gobernu garden, leial eta koherente baten buru izatea da gure funtsezko konpromisoetako bat”.
EAJren gobernuak Busturia “geldiezin, dinamikoa eta errespetatzen duen” herri bat izan dadin lan egin duela aipatu du; “bere historia eta kultura berreskuratu eta zabaltzen duena; berdintasuna, sormena eta parte hartzea sustatzen dituena, kirol zerbitzuekin eta ingurunearen kontserbazioagaz bizitza osasungarria indartzeko baliabideak jartzen dituena; edota, bere landa esentzia babesten duena”. Uste dute horiek guztiak bertan bizi diren pertsonentzat “ongizate iturri” direla.