Bermeoko udal gobernuak esan du agintaldiko konpromisoak "bete" dituela
Bizi kalitatea, aberastasuna eta jarduera ekonomikoa, itsas nortasuna eta kudeaketa estilo propioa izan dira Bermeoko Udalaren ardatz nagusiak agintaldi plana aurrera eroateko.
Duela lau urte, 2019-2023 agintaldirako 50 konpromiso biltzen zituen programa aurkeztu zuen Bermeoko udal gobernuak, eta esan dutenez, konpromisoak “bete” egin dituzte. “Jarduketen %76ak betetze maila osoa edo oso altua dute, %14k maila altua, % 6k erdi maila eta bi ekintza bakarrik ezin izan dira bete edota betetze maila baxua daukate”, adierazi dute.
“Zalantzarik gabe, oso agintaldi konplexua izan da. Izan ere, azken lau urte hauetan ia bi urteko COVID-19ak eragindako pandemiari, inoiz bizi izan ez den gerra bati eta prezioen igoerari aurre egin behar izan diegu. Hala eta guztiz ere, eta faktore horiek guztiek aurreikusitako ekintzen gauzatzea baldintzatu duten arren, egoerara egokitzen jakin izan dugu eta 2019an gure bizilagunei egin genizkien promesak betetzen jarraitu dugu, gure konpromisoak betetzeko gai izan gara” adierazi du Aritz Abaroa alkateak.
Gogorarazi du bizi kalitatea, aberastasuna eta jarduera ekonomikoa, itsas nortasuna eta kudeaketa estilo propioa izan direla Bermeoko Udalaren ardatz nagusiak agintaldi plana aurrera eroateko. Herritarren bizi kalitatea hobetze aldera, 24 ekintza proposatu zituzten. “Aurreikusitako ekintzen ia %80 gauzatu dira, bakarra geratu da egin barik”. Hala, bizi kalitatea hobetzeko ardatzaren barruan, hainbat ekintza abiarazi dituztela esan dute, “udalerriaren garbitasuna hobetzeko, hirigintza eraldaketa errealitate bihurtzeko, Alde Zaharra hobetzeko, aisialdia eta kirola sustatzeko, beharrizana daukatenei zerbitzu onenak eskaintzeko eta Bermeo lotura onak dituen udalerria izateko”.
Alkateak gaineratu du udalak agintaldian “jarduera ekonomiko berriak sortzeko, ekiteko, berriztatzeko eta enplegu aukera berriak sortzen dituzten enpresa konprometituak bultzatzeko” lan egin duela.
Agintaldiaren hasieran planteatutako hamalau ekintzetatik hamabi “%70 baino gehiagoan” bete direla zehaztu dute. Hurrengoak nabarmedu dituzte: eskualdeko garapen ekonomikorako plana egitea, eskualdeko hainbat entitate eta enpresa traktoregaz UBai abiaraztea, Lokalbide programa, ekintzaileentzako hobari fiskalak aplikatzea eta sektore gastronomikoa eta tokiko produktua Michelin sukaldariekin posizionatzeko lana.
“Parte hartzea oinarri”. Azkenik, Bermeo “nortasun propioa, euskalduna eta mundura irekia” dagoen udalerria dela esan du alkateak. Ildo horretan, gobernu taldeak parte hartzean oinarritutako “kudeaketa gardena” sustatzeko apustua egin duela gaineratu du. Hala, “ahalik eta kalitate handiena” lortu asmoz, hamabi ekintza planteatu zituzten, eta horietatik bederatzi ia %100ean gauzatu dituzte. Bermeoko ondare materiala eta immateriala sustatzeko jarduerak, Bermeo Zabaltzen aplikazioa martxan jartzea, herritarren lehentasunei eta beharren identifikazioari buruzko inkestak egitea edo bermeotarren euskararen erabilera sustatzeko programa nabarmendu dituzte.
Oraindik lanean. Udal gobernuaren arabera, hori guztia posible izan da “kudeaketa eraginkor eta zorrotz bati esker”. Konpromisoak betetzeaz gain, diotenez, udalaren “egonkortasuna arriskuan jartzen zuten gai historikoak konpontzeko udalak banketxeekin zuen zorra erdira baino gehiago murriztu” dute eta “inbertsio ahalmena laukoiztu”.
Oraindik, baina, “lanean jarraitzen” dute, agintaldia maiatzera arte luzatzen baita, eta martxan dauden proiektu asko daudela gogorarazi du alkateak.
Bermeo “bidezkoagoa, solidarioagoa eta modernoagoa” eraiki guran lan egin dute: “Agerikoa da Bermeo hirigintza eraldaketan eta bizilagunentzako zerbitzuen hobekuntzan murgilduta dagoela, neurri handi batean erakundeen arteko lankidetzari eta gobernu taldeak akordioak lortzeko duen gaitasunari esker. Hobetzeko tartea ere badago, eta lanean jarraituko dugu egunez egun”.