"Ikuspegi eta begirada anitzez" osatutako egitaraua prestatu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak
Astrako sirena Pablo Gonzalezen bikote Oihana Goirienak piztuko du, eta Pasealekuko sirena, berriz, Martxoak 3 Elkarteak.
Apirila hilabete esanguratsua dute Gernika-Lumon; bonbardaketaren urteurrena gogoan izaten dute. Eta urteurrenaren eguna apirilaren 26a (eguaztena) bada ere, aurretik hasita eta egunaren ostean ere, ekitaldi ugari izaten dituzte. Gaur eguerdian, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrena gogoan izateko prestatu duen egitaraua aurkeztu du, eta berritasunekin ere badator.
Egitaraua aurkezteko eguna gaurkoa izatea “ez da kasualitatea”, gainera. Izan ere, 1939ko apirilaren 1a izan zen “Francok dena amaitu zela” adierazi zuen eguna, eta orduko adierazpen horiek jarrita hasi dute gaurko agerraldia. “Ederki asko dakigu Gernikan egun hartan ez zela ezer amaitu; gure herria suntsitu zuen altxamendu militarrak gauza askori hasiera eman baitzion egun hartan: diktadura, zapalketa, eskubide urraketa eta gezurraren inposaketa, besteak beste”, azaldu dute.
Esan dutenez, bere burua herri bizitzat duenak, “memoria bizia jasoa” izan behar du; “are gehiago, bere historia garaikidean hainbesteko egunerokotasuna duen tragedia pairatu badu”. Horregatik guztiagatik, gaur egun ere, “egia, aitortza, memoria eta justizia” aldarrikatzen jarraitzea dagokiela adierazi dute.
Beste urte batez, eragile asko batu dira, eta egitarau zabala prestatu dute: “Ikuspegi eta begirada desberdinetatik ekarpen anitzak bildu ditugu, eta zinez poztekoa da hainbeste ekimen eta hain zabalak izatea. Hala, gure memoria poliedrikoa elikatzeko balia ditzagun”.
Hala, apirilak 18an (martitzena) hasi eta maiatzaren 3ra (eguaztena) bitartean, mota askotako ekitaldiak egongo dira Gernika-Lumon. Beste urteetako hainbat gauza mantendu, baina berritasunak ere badaude aurtengo egitarauan. “Beste begirada bat ematen saiatzen gara, memoria modu anitzean ulertzeko eta bonbardaketa efemeride batean soilik ez geratzeko”, azaldu du Ibon Meñikak. Hala, aipatu du, aurten udalerriko Drogeria Amutiok 75 urte betetzen dituela, eta “denda baten historiaren bitartez herriko historiaren kontakizuna” egin daitekeela iritzita, apirilaren 28an (barikua), 19:00etan, Domingo Alegria Plazan, bere ospakizuna izango du; besteak beste, bertsolariak eta kontzertuak egongo dira.
Bestetik, duela urte batzuk Jon Rementeriak egindako Gernika Bizirik abestiaren bideoklipa aurkeztuko dute apirilaren 23an (domeka). “Beste dimentsio bat” ematen saiatuko direla esan du Meñikak. Ross dantza eskolako dantzariek parte hartuko dute, eta Begira Produkzioko Larraitz Zuazo ari da bideoklipa egiten; “buru-belarri” ari dira lanean.
Bonbardaketaren egunean bertan, sirena-hotsa entzungo dute herritarrek 4 minutu ekimenaren bitartez. Azaldu duenez, sirenari eta 4 minutu ekimenari “bestelako parte hartze eta bestelako esangura” bat bilatzen dabiltza, eta aurten “berezia” izango da sirena nortzuk piztuko duten. Astrako sirena, Lobekena, Pavel Gonzalezen bikote Oihana Goirienak piztuko du; “Pabloren kasua hartuta, guk bizitako gerra beste leku batzuetan ere badagoela eta gatibutza eta askatasun eza oraindik ere existitzen direla gogoraraztea da asmoa”. Bestetik, Gernika Batzordearen Pasealekuko sirena pizteaz Gasteizko Martxoak 3 Elkartea arduratuko da. Gasteizen 1976ko martxoaren 3ko gertakizunetan greban zeuden langileen batzar baketsu bat desegiten saiatzean, espainiar polizia armatuaren ekintza hiltzailearen ondorioz hildako edo kaltetutako pertsonek eta haien senideek osatzen dute elkartea. Memoriari buruzko lana egiten ari dira azken urteetan, eta eurak gonbidatu dituzte sirena piztera. “Uste dut nahiko esanguratsua dela Oihana Goirienak eta Martxoak 3 Elkartekoek sirena piztea. Argi geratzen da zer den guretzako Gernikaren memoria gogoratzeko eguna; ez dezala izan solik iraganeri begiratzen dion zer edo zer, baizik eta orainari eta etorkizunari begiratzen diona”, nabarmendu du Meñikak.
Gernikako bonbardaketaren 86. urteurren honetan, gainera, Gernika Garretan kale antzerkia bueltatuko da. Hain zuzen ere, Foru plazan izango da apirilaren 26an bertan, 21:00etan hasita; jarraian, leku berberetik hasita egingo dute kandelekin ibilbidea.