Komunitatearen beharretara
2015ean hasi ziren, baina 2018ra arte ez zuten Arriguri kooperatiba elkarte txikia sortu. Arriguriren izena dagoeneko "ezaguna" dela badakite eta mugitzen diren munduan "bidea eginda" daukatela.
Gatibu, Merina Gris, Eñaut Elorrieta, Maren, La M.O.DA, Izaro, Zea Mays… Abeslari eta musika talde asko eta askoren abestiei irudiak jartzeagatik ezaguna da Arriguri. Kooperatiba elkarte txikia da, ikus-entzunezko ekoiztetxea. Bideoklipak egiteagatik “oso ezagunak” badira ere, horretara mugatu ez eta mota askotako lanak egiten dituzte.
Xabi Ojinaga bermeotarra da arduradunetako bat. Dioenez, batez ere, bideoak zuzentzeko interesa daukate Arrigurin, “sormenezko zuzendari izateko, baina, ekoiztetxea eduki beharra” dagoela dio, “horretarako industriarik ez baitago hemen”.
2015. urtean sortu zuten Arriguri: “Hasieran jende gehiago ginen, diziplina desberdinetakoak. Jendea sasoi hartan hasi zitzaigun bideoak enkargatzen, eta horretan egon ginenok edota horregaz zerikusia genuenok geratu ginen taldean, eta urte batzuetara, 2018an, hain zuzen ere, sortu genuen Arriguri kooperatiba elkarte txikia”.
Atzera begiratuta, Ojinagak hastapenak «ez zirela zailak» izan dio; “ez genuen proiektuak lan modura ikusten, orduan ez zen zaila izan. Hasierako lan horiek bidea zabaldu ziguten, eta horien eraginez, beste batzuk etorri dira, eta urteekin ere gure dinamika ez da aldatu. Sekula ez gara joan lan bat bilatzera”. Ha-
la, ateak jotzeko beharra “inoiz ez dutela” eduki azaldu du. “Gustura” daude, eta “oso eskertuta”, baina dioenez, euren lanak egiteko espazioa galdu dute proiektuz-proiektu ibili baitira.
Arriguriren lehentasuna inoiz ez dela «ekonomikoa» izan dio Ojinagak «gustukoa» duten hori egitea baino: «Horren guztiaren gainetik, gure komunitateari balio ahalko dion gauzak egitea gustatzen zaigu. Aurrekontua galdetu baino lehenago galdetzen dugu, esaterako, abestia euskaraz izango bada. Gainera, ez da gure buruari behartzen diogun zerbait, modu horretara ateratzen zaigu, hori delako interesatzen zaiguna».
Urgatzentzat hasi. Arriguriren lehenengo lana Ojinaga bera taldekide den Urgatz musika taldearentzako egindako bideoklip bat izan zela gogoraratzen du, 2014an: “Hasierako lan horiek gure taldearentzako bideoklipak egiten ikasteko izan ziren, momentu hartan ikusten genuen beharrizana zen”.
Ordutik, baina, gauzak asko aldatu direla dio, baina euren kasuan «patroi berdina» jarraitzen dutela uste du: “Kooperatiba sortu eta bi hilabetera Gatiburentzako bideoklip bat egin genuen. Hasi eta Euskal Herriko talde indartsuenetako batek deitzen dizunean konturatzen zara gorago ez dagoela zereginik. Hau da, ergel batzuk garela eta hor geratuko garela betirako, ez garela aberastuko eta bide horretan jarraitu behar dugula. Hortaz, nire sentsazioa ez da gauzak asko aldatu direnik. Bideoklipak egiten jarraitzen dugu lehen egiten genuen modura, geure buruarentzako, esate baterako, Etxekalterentzako edo Xsakari laguntzen bere bideoetan. Horregatik, bai, suposatzen dut bilakaera aldatu egin dela, baina nire kasuan ezin dut hori esan, ez daukat sentsazio hori”.
La M.O.DA. Espainiako «talde famatuenetako» batentzako egindako lana ere hor dago: “Sasoi hartan pentsatu genuen merkatu horretara iristeko aukera edukiko genuela, baina Gaztela Leongo unibertsitateko ikasleen elkarrizketetarako deiak baino ez ditugu izan gradu amaierarako lanak egiteko edo praktikak eskatzen. Hortik, hortaz, ez zaigu merkatu hori zabaldu, eta nik neuk, egia esan, interesik ere ez daukat”. Izan ere, mugitzen diren munduan “gustura” daude: “Komunitate honen beharrizanei erantzuna ematen diogun heinean, gustura gaude”.
Arriguriren izena dagoeneko “ezaguna” dela badakite, eta mugitzen diren mundu horretan bidea eginda daukate: “Egindako lanek eroan gaituzte honetara, lanean, gainera, inplikatuak gara eta pasionalak”.
Besteengandik desberdina. “Mimoz eta ganoraz” lan egiten dute, eta sorkuntzaren pauso txikienari ere garrantzia emanda eraikitzen dituzte piezak. “Obsesiboki” sartzen dira lan bakoitzean. “Esan beharra daukat nik neuk ez dudala obsesio hori hasieratik eduki, baina nire kideek bai, eta ikasi egiten da lehenengoagaz ez konformatzera eta xehetasun guztiak kontuan hartzera”. Hala, lan bakoitzean “pasioz eta obsesioz” inplikatzen dira. “Berdin digu zeinek deitzen digun. Esaterako, merkatari elkarte batentzako bideo bat egiteko, esaten digutenari kasu egitea baino, kontuan izaten dugu esaldi bat gehiago euskaraz sartzea. Eta, lana zaila bada edo interes gutxikoa bada, saiatzen gara beste era batera kontatzen. Ikerketa lana ere badago atzetik, beti saiatzen gara-eta gure lana besteengandik desberdina egiten. Lan denei bere puntua bilatzen saiatzen gara”, dio. Norentzako lan egiten duten baino, emaitzari garrantzia ematen diote, eta horretarako, lan bakoitzari “buelta asko” ematen dizkiote, batez ere prozesuan.
Arriguri bideoklipak egiteagatik bereizten dela uste du. Hala ere, Ojinaga «gusturago» egoten da publizitateak edo dokumentalak egiten. Egin dituen bideoklip guztien artean zaila egiten zaio bat aukeratzea, baina, La M.O.DArentzat egindako bideoklipak nabarmendu ditu: “Diskoa osatzen zuten abestientzako bideoklipak egitea eskatu ziguten. Niretzako pieza bakarra moduan funtzionatu zuten, nahiz eta bost bideoklip izan ziren”.
Uste du heldu dela momentua euren istorioak kontatzeko, baldintzatuta egon barik. “Orain arte mezuak zabaltzeari interesa aurkitu diogu, eta mezu horiek zelan bideragarri egin emaitzik-eta politenagaz. Orain, fikzio munduan zer edo zer sortzeko beharrizana sortu zaigu. Ibilbide laburragoa dutenak ere filmak egiten ikusi ditugu, baina horretarako diru laguntzak behar dira, eta orain arte ez gara horretan sartu. Lauzpabost enkargu esku artean edukitzera ohituta gaude; bata amaitu eta beste bat hartu, burua altxatu barik”. Hortaz, etorkizunera begira, “proiektu luzeagoak” eta “publiko zabalago” batengana heldu daitezkeen lanak dituzte buruan: “Idearen bat badaukagu buruan”.