Jardueraz beteta dator Arrantzaleen Museoaren 75. urteurrena
Arrantzaleen Museoa kokatuta dagoen Ertzilla dorretxean jaio zen Benito Barrueta artista bermeotarra duela 150 urte; hala, museoaren 75. urteurrena baliatuta, irailera bitartean, 'Barrueta paper gainean' erakusketa jarri dute ikusgai.
1948. urteko abuztuaren 18an ireki zituen ateak Bermeoko Arrantzaleen Museoak. 75 urte beteko dituen honetan, goitik ospatu gura dute eta datozeen hilabeteetarako jarduera ugari antolatu dituztela azaldu dute gaur Arrantzaleen Museoan bertan.
Lorea Bilbao Ibarra kultura diputatuak esan du Arrantzaleen Museoa “bakarra” dela: “Bakarra da munduko museoen artean, osotasunean zuzenduta baitago euskal arrantzaleen historia, bizitza, tradizioa eta ofizioa alderdi askotatik erakustera. Bere kontakizunaren bidez, ezagutzera ematen ditu haien bizitza eta ekanduak, haien gremio-erakundeak, ontziak eta denboran zehar arrantzarako eta arraina merkaturatzeko denboran zehar erabili dituzten teknikak”.
Museoko zuzendari Aixa Gaztelu Argintxonak eman du urteurrena ospatzeko dituzten asmoen berri. Datozen hilabeteetarako, Gure ondarea ezagutzen: arrantza atzo eta gaur izenburuko hitzaldi zikloa antolatu dutela esan du, Juan Antonio Apraiz Koiote Merkataritza-nabigazioko kapitainak, itsas ikerlariak eta dibulgatzaileak koordinatuta. Denetara, zazpi hitzaldi izango dira, eta Euskal Herriko arrantzari buruzko galderei erantzuna ematea dute asmo: “Nork? Zer? Norekin? Nola? Zertarako?”
Apirilaren 26rako (eguaztena) antolatu dute lehenengo hitzaldia; horretan, itsasoko ondare inmaterialaz mintzatuko dira, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondareko Zerbitzuko burua den Alberto Santanagaz.
Hurrengo hilabeteetan (maiatza, ekaina, uztaila, urria, azaroa eta abendua), hainbat gai jorratuko dituztela azaldu du, hala nola, itsasoko langileak, kofradiak, arrainak, ontzigintza, arrantza-sistemak eta kontserba industria. Horretarako, arlo eta gai desberdinetako adituek parte hartuko dute. Hitzaldiekin batera, proiekzioak eta bisitak egingo dituztela aipatu du Gazteluk.
75. urteurrenaren programazioaren baitan, maiatzaren 18an (eguena), Beñat Gerekaren Itsasoak pizten gaitu proiekzioa eskainiko dute; “dokumental hori euskaldunek itsasoarekin duten harremanari buruzkoa da”. Ekainean, berriz, itsasoari buruzko bertsoak eta gastronomia egongo dira. Uda betean, uztailaren 4, 5, 6 eta 7an, tailerrak egingo dituzte, “non museoa bera, dorrea, piezak eta 4 eta 7 urte bitarteko haurrak izango dira protagonistak”.
Jarduera guztietarako aurretiazko erreserba egin behar da arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz edo 94-688 11 71 telefono zenbakira deituta.
75. urteurrenaren egunean bertan, abuztuaren 18an (barikua), “itsasoa, dantza tradizionala, antzerkia, musika eta historia uztartuko dituen ekitaldi bat egingo da jai giroan, Bermeon.
Horrez gain, datozen hilabeteetan liburu eta katalogoen argitalpenak, txokolatada eta beste hainbat ustekabe ere izango dira direla jakitera eman du. Programazio osoa, hala ere, www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean kontsultatu daiteke.
Benito Barruetari buruzko erakusketa. Arrantzaleen Museoa kokatuta dagoen Ertzilla dorretxean jaio zen Benito Barrueta artista bermeotarra duela 150 urte; hala, museoaren 75. urteurrena baliatuta, gaur (martxoak 31) hasi eta irailera bitartean, Barrueta paper gainean erakusketa bisitatzeko aukera egongo da museoaren hirugarren solairuan. Andone Narvaez Gofinondo da erakusketaren komisarioa.
Museoak “gure historia ikertu eta hedatzeko” guneak direla esan du gaurko aurkezpenean kultura diputuak: “Gure kultura transmititzeko funtsezko elementuak dira musoak. Oraingoan, Arrantzaleen Museoak gure historiaren eta nortasunaren beste alderdi bat ezagutaraziko du berriro: Barruetaren lanaren handitasuna erakutsiko du, artista horren ibilbidearen ikuspegi desberdina eta zabalagoa eskainiz, Barrueta paper gainean aldi baterako erakusketaren bidez. Horrekin, museo honek berriro ere lagunduko du ezagutza sortzen eta lurraldeko kultura transmititzen, eta hala Bizkaiaren hazkunde sozial eta kulturalaren funtsezko parte gisa kontsolidatzen da”.
Barrueta paper gainean erakusketak Arrantzaleen Museoan batzen du artistaren papereko lanen “bilduma garrantzitsu” bat, “orain arte erakutsi gabea, marrazketa teknikan zeukan maisutasunaren erakusgarri”. Haren azken etapako zenbait azterketa, apunte eta zirriborro hautatu dituzte erakusgai jartzeko: “Euskarri umiletan eginda daude –batzuetan bi aldeak erabilita–. Haren emazte Leandra Bilbao Gangoitiak zituen horiek gordeta”.
Bermeoko Barrueta Arte Elkartea arduratu da artistaren lana zaintzeaz, eta Ertzilla dorretxeko erakusketa osatzen lagundu du. Gainera, erakusketa osatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoak Leandra josten pintura utzi du, eta Sota familiak Rosalia en Paris liburua, biek aldi baterako. Gainera, zenbait partikularrek utzitako obrak ere ikusgai daude.