11 urteko hamaika bizipen
1962ko apirilaren 19an irten ziren Aboitiz eta Goitia Lekeitiotik eta maiatzaren 23an ailegatu ziren Melbournera. Bizimodu ona zela eta ez dutela joan izanaren damurik aitortzen dute biek.
Mila Aboitiz 1937ko maiatzaren 10ean jaio zen Mendexan, Leagi (Lia) auzoan. Koldo Goitia 1934ko azaroaren 1ean jaio zen Lekeition.
«Sei urte alkarregaz ibili eta ezkondu ginen. Lekeition bizi ginen. Koldoren anaia, Jose, eta emaztea M. Jesus Goitia ordurako Australian zeuden, eta geuk ere Australiara joatea pentsatu genuen. M. Jeri idatzi nion, eta hark baietz esan zidan, bazeukela lekua behar egiteko eta joateko», dio Aboitizek
Dena prestatu eta 1962ko apirilaren 19an irten ziren Lekeitiotik. Aboitizek oso larri pasatu zuen itsasontzian. «Eguen Santu eguna zen, arratsaldeko ordubietan irten ginen autobusean Hendaiara, otzarak eta pilo bat gauza hartuta; dena. Arratsaldeko seiretan Hendaian trenean sartu eta Bariku Santu gauez heldu ginen Erromara; egarria, gosea, aurpegiak baltzituta… Juan XXIII Aita Santua entzun genuen Pazko egunean. Handik Napolesera joan ginen Australiarako barkua hartzeko. Camberra deitzen zen. Apirilaren 23an irten ginen, eta maiatzaren 12an ailegatu ginen Melbournera. Hiru bikote eta Jon Mikel Zamudio natxituarra joan ginen. Angel Atxurra eta emaztea, Angelita; Eduardo Ugarteburu eta emaztea, Juanita; eta gu biok. Gu hiru androk haurdun».
Melbournetik Sidneyra, Aboitiz, Goitia eta Jon Mikel Zamudio joan ziren, besteak beste leku batzuetan geratu ziren. Bikoteak handik Townsvillera hegazkinez egin zuen bidaia. Hantxe zituzten etxekoak eta lagunak itxaroten. «Handik Home Hillera joan ginen. Etxea Ayr-en geneukan. Lehenengo inpresioa ez zen ona izan; beroa, moskitoak… gero ondo».
«Ayr-en kaina ebateko preferentzia behar zen. Behar egindakoek zeukaten lehentasuna. Harek hartzen zituzten lehenengo. Nik permisoa baneukan, baina preferentziarik ez lehenengotan. Nire lehen beharra plantazioa izan zen. Gero lau urtez kaina ebaki nuen Atxurratarren farman. Eskuz, matxeteagaz, eskuz kargatu… Lehen eguna gogorra… kaina ebatea, eskuak-eta ohitu arte, Gregorio Kareagaz egin nituen hiru korte. Gero italiano bategaz egin nituen beste hiru urte Home Hillen, eta hortik aurrera, kaina kargatzen kamioiagaz errotarako. Kaina amaitzen nuenean, bestelako beharrak egiten nituen: erregadioan, tabako orriak batzen ere egin nuen, mekaniko, herrian…», dio Goitiak.
Mila etxean egoten zen, ez zen senarragaz joaten beste herrietara lanera joaten zenean. Ingeleseko eskolak hartu zituen, eta polito moldatzen zen. «Nik ingeles apur bat, baina italiano hobeto», azaldu du Goitiak.
Sugeak, krokodiloak, kanguruak, koalak… zeudela gogoratzen dira. Behin Aboitizi walloby batek atzetik jarraitu eta haginka egin zion.
Denbora librean hondartzara, arrantzan, batzuk ehizan, festetara, lagunengana… eta dantzara, hoteletara joaten ziren dantzara; inoiz saria ere irabazi zuten. «Umeak mahaipean mantatxu baten gainean ipini eta gu dantzan. Guztiek egiten zuten holantxerik».
Guztira hamaika urte egin zituzten Australian. Ez ziren nazionalizatu. Bizimodua ona zela eta ez dutela joan izanaren damurik aitortzen dute biek. Pozik egon ziren han. Bi seme-alaba izan zituzten: Jon Mikel eta Alasne. Umeak kaskontzen hasi zirenean bueltatzea pentsatu zuten. «Behin hamalau, hamabost urtegaz ez zegoen umeak honantz ekartzerik… Lekeition etxea erosita geneukan… Australian bizimodu ona izan genuen». 1973ko Gabonetan etorri ziren Lekeitiora geratzeko. Harrezkero, Goitiak bidaia bat egin du Australiara semeagaz. Lekeition bizi dira.