Autismoaren Espektroko Nahasmenari buruzko jardunaldia antolatu du Amatea Elkarteak
Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna da apirilaren 2a (domeka), eta aurkezpenak eta solasaldiak egingo dituzte, eguerdian, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan.
Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna da apirilaren 2a (domeka), eta Busturialdeko AmaTea elkarteak antolatuta, Autismoaren Espektroko Nahasmenari buruzko Bermeoko I. jardunaldia izango da Nestor Basterretxea aretoan. 12:00etatik 14:00ak aldera arte aurkezpenak eta solasaldiak egingo dituzte.
Elkartea aurkezteaz gain, Bermeoko Eleizalde Ikastolagaz daukaten proiektua eta Brownie egitasmoa (Urdaibaiko lehenengo laguntza-txakurren proiektua da) azalduko dituzte. Martin Montes aholkulariarekin solasaldi informatiboan ere batuko dira, eta besteak beste, Urdaibaiko egoera azalduko du.
“Txakurrekin egindako terapiak zelan funtzionatzen duten eta txakur horiek umeen zein familien bizitza zelan hobetu dezakaten azaltzera etorriko dira. Era berean, Eleizalde Ikastolagaz daukagun proiektua ere nabarmentzeko da; aldaketa txiki eta errekurtso gutxi batzuekin, umeen eta familien bizitzak asko hobetu ditugu. Eredu hori Bermeoko zein eskualdeko hezkuntza zentroetara zabaltzea gura dugu”, azaldu dute AmaTea elkarteko kideek.
Besteak beste txakurrekin egindako terapiak zelan funtzionatzen duten eta Urdaibaiko txakurra-laguntzen lehenengo proiektua azalduko dituzte
Hain zuzen ere, sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta pedagogia egin asmoz, aste honetan Bizkaiko ikastetxeetan gaia lantzeko materiala bidali diete, eta bihar zerbait urdina eroatea proposatu diete. Berton Bermeoko Merkatarien Elkarteak ere bat egin du, eta bihar globo urdinak ipiniko dituzte komertzioetan.
Lau urteko ibilbidea. Autismoaren Espektroko Nahasmena daukaten umeen zenbait gurasok osatutako laguntza edo babes taldea da AmaTea elkartea. 2019tik ari dira lanean, eta orain eratu dute elkartea. Sarea osatzea da euren asmoa: “Lau urte daramatzagu jendea batzeko zereginean. Eskualdean oso ahaztuta gaude, gure erreferentziazko lekua Galdakao Barrualdeko Haur eta Nerabeen Osasun Mentaleko Zentroa da. Ez daukagu ezer, Osakidetzatik baliabide eta bitartekoak oso mugatuak dira. Zonaldean baditugu psikologoak eta logopedak eta Gernikako Ospitalea daukagu, baina hemendik kanpo joan behar dugu”. Errekurtso propioekin dabiltza eta eurek kudeatzen dituzte; gurasoek informazioa partekatzen dute, eta Busturialderako errekurtsoak eskatzen dituzte: “Orain arteko estatistiken arabera, 100 umetatik batek zeukan autismoa, eta azken ikerketek diote 36 umetatik batek daukala. Zonalde honetan intzidentzia altua dago. Adibidez, Bermeon, Gernikan eta Lekeition kasuen gorakada nabarmena ikusi dugu. Ume eta nerabe horiek komunitate honen parte dira, eta ez diskriminatzea eskatzen dugu”. Esan dutenez, “diagnostiko asko ematen ari direnez, egoera ikerketzen” ari dira.
Osakidetzako baliabide eta bitartekoak “oso mugatuak” direla esan dute, eta eskualdean zerbitzua jasotzea da euren eskaera nagusietako bat
Ohorezko sakea, Urbietan. Bestalde, Autismo Euskadi elkartearekin lankidetzan, SD Gernika Clubak ere egun horregaz bat egin du, eta Autismo Euskadi elkarteko kideek eta familiek ohorezko sakea egingo dute zapatuko partiduan. Gernika-Lumoko taldearen eta CD Alfaroren arteko partidua 18:00etan hasiko da Urbietan.