Maputxeen gatazka islatuta zarratu du Asel Luzarragak gazteentzako trilogia
'Lurrean Haziak' liburua aurkeztu du gaur Asel Luzarragak, Iraultza eta Zigor bikien azken istorioa.
Uzta Garaia eta Katuak jandakoa liburuen ostean, gazteei zuzendutako trilogiaren azken liburua aurkeztu du Asel Luzarragak: Lurrean Haziak. Traola bilduman eman du argitara lana Elkar argitaletxeak.
Oraingoan ere Iraultza eta Zigor bikiak dira protagonista nagusiak, baina istorioa Euskal Herritik kanpo kokatu du. Idazleak dio beste mundu batean kokatu gura zuela istorioa. Bikien ama argentinarra da, eta aita sailerako asmatu duen Ondarreta herrikoa, euskalduna; hala bi mundu elkarren ondoan jartzeko balio zion ideiak. Amak familia dauka Argentinan, eta hara doaz Aste Santuko oporrak pasatzera. Bertan, ezagutzen ez dituzten amaren lehengusina eta haren semea ezagutzen dituzte: “Euren bitartez, niretzako oso garrantzitsua izan den maputxeen mundua ezagutzen dute”. Izan ere, maputxeen gaztazka islatu du azken abentura honetan.
Abenturak in crescendo doaz. Iraultzak preso amaitzen du maputxe Matxi bategaz batera: “Maputxeen herria bitan banatuta dagoela ikasten dute, baita ere Matxiak zer diren (txamanak, herri zientziaren zaintzaileak, gehienetan andrak), eta zergatik ez dauden Argentinako eremuan. Normalean kontatzen ez diren istorioak ezagutuko dituzte. Estatuen funtzionamendua holako gerretan jendea desagerraraztea da; politika egiteko oso modu ohikoa da. Mota horretako praktikak ezagutuko ditu Iraultzak bere larruan, matxi bategaz egoteagatik”.
flashbackaren teknika erabili du, istorioa Iraultza bahituta hasten baita: “Bahituta hastea gura nuen. Gero, atzera egiten da bidaia eta abenturan zelan sartzen diren kontatzeko, bahiketara iritsi arte, horren atzetik dagoena ikusteko”.
Luzarragak gogorara ekarri du 2020an sortu zela sail hau egiteko ideia, pandemia hasi aurretik. “Nire liburu guztien artean unibertso literario bat osatzen nabil, danak daude elkarri lotuta. Konturatu nintzen eraikitzen nenbilen mundu literario horretan, baneukala gazteei zer kontatu, eta hiru istorio hauek etorri zitzaizkidan burura. Hala, bikien bitartez, bizi dugun gizarte demokratikoaren oinarriei begi kritikoekin begiratzeko sorta bat bururatu zitzaidan”. Liburu bakoitzean, hortaz, bikien bitartez, oinarri batzuk ukitzen ditu.
Lehenengo liburuan jabetza pribatua eta “horren atzen dagoen kapitalismoa” zalantzan jarri gura izan zituen. Bigarrenean, berriz, “sistema politikoa eta demokrazia” jarri zituen zalantzan, eta zientzia ere aipatzen zen. Oraingoan, urrunago dagoen “baina gure ongizate materialaren benetako oinarria den beste kontinenteen arpilatzea” dakar, “kolonialismoa eta herri indigenen zapalkuntza”. “Oso harro gaude euskaldunok Europako indigenak garelako, baina beste geografietako indigenekin ez gara bereziki oso abegikorrak izan; kolonizatzaileak izan gara. Hori moduren batera bistaratu gura izan dut. Izan ere, gazteei erakutsi gura izan diet gu horrela bizi bagara, munduko beste toki batzuetan horrela bizi direlako dela. Bikiek errealitate horri aurpegi eman beharko diote”, dio Luzarragak.
Musikak ere badu garrantzia “handia” trilogian: “Nire lehenengo liburutik musika aipamen asko daude. Musika askotan bitartekari ona da istorioa kontatzeko, eta musikan bertan bilakaera bat ere badago. Iraultza hasieran, antireggaetonero hutsa da, eta azken liburuan konturatzen da reggaetoiaren barruan badaudela reggaeton alternatiboak ere. Taldeen abestien bitartez ere, istorioa kontatzen da. Lotuta dago gertatzen direnekin eta pertsonaien aldaketekin».
Amaiera, baina, ez du aurreratu gura izan, baina, esan duenez, liburuaren izenburuagaz lotura dauka: «Gazteentzako saila amaitu bada ere, agian Iraultzak eta Zigorrek munduari kontatzeko daukaten guztia ez da hor amaitzen”.
Burua gazte dutenentzat. Antxiñe Mendizabal editorearen esanetan, gazteei zuzendutako liburu “oso egokiak” dira, “abenturak, maitasuna eta gizartearekiko begirada kritiko eta konprometitua” jasotzen baitute. Eurentzako 2erakargarriak” izan daitezkeelakoan dago.
Mugak ezabatzea gustuko du Luzarragak, zentzu guztietan; “mapetako mugak zein adinaren mugak”. Horregatik, gazte literatura Luzarragaren ustez, burua gazte duen edonorentzako eginda dago: “Burua gazte izatea oraindik pentsatzeko eta sentitzeko asko daukagula sentitzea da niretzat. Holan zabalik daukagun bitartean, burua gazte daukagu”.