Eugenio de Andraderen 'Mar de setembro' poema liburuaren itzulpena argitaratuko du Ibarrangeluko Udalak
28 poemaz osatutako liburua da eta Koldo Izagirre idazle eta itzultzaileak euskaratuko ditu.

Euskal Herrian bidaiatu bitartean idatzitako poema liburua da Mar de setembro, eta Ibarrangeluko Udalak aurten argitaratuko du itzulpen-lana. Hain zuzen ere, Koldo Izagirre idazle eta itzultzailea ari da zeregin horretan. Busturialdeko lekuei buruzko hainbat poema daude, tartean Lagari buruzko bat.
Aurten 100 urte beteko dira Eugenio de Andrade (1923-2005) poeta portugaldarra jaio zenetik. XX. mendeko poeta portugaldar “garrantzitsuenetako bat” da bera: “Eta ez da gutxi esatea, Portugalgo poesiaren garrantzia kontuan hartuta”. Gutxienez 27 poema liburu argitaratu zituen, eta bere lana 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da. Esate baterako, horietako bat Maite Gonzalez Esnalek euskaratu zuen Uraren bezpera.
Ibarrangeluko Udaletik azpimarratu dute Mar de setembro poema liburuak herriarekin “harreman berezia” daukala. 1961ean argitaratutakoa da, hain zuzen ere, urte hartan Euskal Herrira egindako bidaiaren ostean, eta bidaia hartako bizipenetan oinarrituta dago. “Badakigu Euskal Herriko lagun batekin bidaiatu zuela, eta Busturialdean egon zela, liburuan eskualdeko herriak aipatzen direlako (Bermeo eta Gernika); Ibarrangelun ere egon zen, zehazki, Lagako hondartzan, eta poema bat idatzi zuen orduan, hondartzan kokatutakoa: Cançáo escrita nas areias de Laga (Lagako hareetan idatzitako abestia). Lagak arrastoa utzi zuen beragan, handik zenbait urtetara bertan kokatutako beste poema bat idatzi baitzuen”, azaldu dute.
Eugenio de Andrade poeta portugaldarrak 1961ean argitaratu zuen Euskal Herrira egindako bidaiaren bizipenetan oinarritutako liburua
28 poemaz osatutako “liburu laburra da, baina sakona eduki aldetik”. Paisaiak eta maitasunak garrantzi handia dute liburuan, ia bat bihurtzeraino. Paisaiak poetaren barne munduaren berri ematen dio irakurleari, eta une horretan bizitzen ari zena islatzen da haren bidez: “Gure tamainako herriak ez dira normalean idazle handien poemetan agertzen, ez da erraza horrelako zerbait topatzea, eta horregatik izan zen berri ona jakitea Andradek bi aldiz idatzi zuela Lagari buruz bere bizitzan”.
Udal arduradunek jakinarazi dutenez, Andraderen lanean aditu den Arnaldo Saraiva, Eugenio de Andrade Fundazioaren buru izandakoa, izan da bide honetan lagundu eta poema horien garrantziaren berri eman diena. Ibarrangeluko Udalak argitaratuko duen liburuak, itzulpenaz gainera, haren poesiaren garrantzia kokatuko duen hitzaurre bat ere izango duela aurreratu dute.