'Ortube' arrantzontziak nabigagarritasun baldintzak berreskuratzeko hitzarmena sinatu dute
Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak eta Itsasmuseumek bi urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, arrantzontzian bertan.
Ortube arrantzontziak nabigagarritasun baldintzak berreskuratu ditzan, bi urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak eta Itsasmuseumek. Gaur batu diraontzian bertan hitzarmena sinatzeko. Bi urteko epean arrantzontzia uretan ikusi gura dute.
Bermeoko Udalaren jabetzakoa da Ortube; Bizkai, Araba eta Gipuzkoan bizirik dirauten egurrezko tamaina handiko azken hiru ontzietako bat da. Ortube Ontziaren Lagun Elkartea 2016ko udan hasi zen Ortube zaharberritzeko lanak egiten. Hitzarmena “garrantzitsua” dela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak, eta elkarlana balioan jarri gura izan du: “Elkarlanari esker sortu den hitzarmena da, eta elkarlanari esker lortuko dugu helburu amankomuna”.
Hitzarmenaren bitartez ondarearen berreskurapena lortuko dutela adierazi du: “Ondare material eta immateriala balioan jartzeko pauso garrantzitsua ematera gatoz; izan ere, Ortubek gure izana eta izena ordezkatzen ditu. Bermeo eta bere garapen sozial eta ekonomikoa betidanik egon dira itsasoari lotuta, eta Ortubek ibilbide hori ordezkatzen du».
2016tik Ortube zaharberritzeko eta berreskuratzeko lanetan ari diren boluntarioen lana goraipatu gura izan du Abaroak: “Euren esfortzuagatik eta konpromisoagatik posible izan dira orain arteko aurrerapausoak”. Hitzarmena, gainera, eurak egindako ibilbideari “aintzatespena” ere badela aipatu du.
Ondarea berreskuratzea udal gobernuarentzat “ezinbestekoa” dela nabarmendu du alkateak: “Gure sustraiak zeintzuk diren argi eduki behar dugu, zer nolako etorkizuna gura dugun argi edukitzeko, eta Ortubek ikaragarrizko balioa dauka”.
Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok esan duenez, aldundia 2018an hasi zen arrantzontziaren mantentze lanekin laguntzen: “Aldundi gisa gure lana da, gure eginbeharra da ondarea zaintzea, kasu honetan, itsas ondarea. Ortube berreskuratzeak zelakoak ginen gogoraraziko digu berriro, baina herri eta lurralde moduan eboluzionatzeko, hobetzeko eta egokitzeko dugun gaitasuna ere erakutsiko digu”. Bilbaoren esanetan, Ortube “ez da ontzi bat gehiago”, haren atzetik emakume eta gizon askoren bizipenak daude, ondare immateriala ere berreskuratuko dela nabarmenduta.
Berreskuratze lanak amaitzen dituztenean, Arrantzaleen Museoak emango die zabalkundea arrantza ontzian antolatzen diren ekimenei.
Zaharberritze lanen azken fasearen zuzendaritza teknikoa, berriz, Itsasmuseumek egingo du Erainen, museoaren erriberako arotzeriaren ezagutza-poloaren bitartez. Hala, Itsasmuseumek proiektuaren zerbitzura jarriko ditu zaharberritze akademikoaren irizpide teknikoak, erriberako arotzeria tradizionalean urteetan eskuratutako ezagutzak eta diziplina anitzeko giza taldea, “urte askotako ibilbidea duena esparru eta sektore desberdinetan”. Itsasmuseumeko zuzendari Jon Ruigomezek esan du mota horretako proiektuek aukera ematen dietela “urteetan sortutako jakintza praktikan jartzeko eta partekatzeko, baina baita ere gure itsas historiaren inguruan ikasten eta lankidetza sare bat eraikitzen jarraitzeko”.
Orain arte egin modura, Ortube Ontziaren Lagun Elkarteko boluntarioek jarraituko dute berreskuratze lanak egiten. Hasieratik proiektua gauzatzeko erakundeetatik eduki duten laguntza eskertu du elkarteko presidente Juan Andres Diez de Ulzurrunek. Bermeoko ontziolan egin den ontzirik handiena dela esan du, eta antxoa zein hegaluzea arrantzatzera ateratzen zela gogorarazi.
Egun, motorra konpontzeko lanak egiten dabiltza, “orduko motorra egin zuten enpresaren oinordekoak”. Zaharberritze lanak %85ean aurreratuta daudela esan du: “Sei urtek askotarako ematen dute, astiro bagoaz ere”.