"Zailena publikoa ondo kontrolatuta edukitzea da"
Madrileko Magia Institutuko ikaslea da Julen Goikoetxea. 15 urteko gaztea 7 urtegaz murgildu zen mundu miresgarri horretan. Magia sortzeaz gain, biolin eta gitarra elektriko jotzailea ere bada, eta Segundo Olaeta Musika Eskolako Herriz Herri kontzertu zikloan bi zaletasunak uztartzeko aukera eman dio.
Zelan hasi zinen magia egiten? Zaletasuna umetatik al datorkizu?
Arinago magiagaz harremana eduki edo magia ikusi arren, 7 urte eduki arte ez nintzen hasi magia egiten. Mago Sun etorri zen Gernikara, eta irten nintzenean, amari esan nion magia egiten ikasi nahi nuela.
Non ikasten da magia?
Magia Borras jolasagaz eta halako kaxekin hasi nintzen, umeen jolasekin, eta handik urtebetera, Youtuben hasi nintzen magia ikasten. Hiruzpalau urte geroago, online ikastaroak egitea erabaki nuen. Batez ere Domina la magia Youtubeko kanala ikusten nuen. Kanal horren jabea Borja Monton magoa da, izen eta ospea dauka Espainian eta Latinoamerikako parte batzuetan.
Zer ikasi duzu ikastaro horietan?
Truko oso onak ikasi nituen online egindako ikastaroetan. Adibidez, Alberto Montalvo magoaren bi ikastaro egin nituen: maila ertaineko magia kurtsoa eta maila aurreratukoa. Horietako trukoak oso interesgarriak izan ziren, eta egin ditudan ikastaro denetatik berarenak gustatu zaizkit gehi-
en. Kartekin truko ikaragarriak ikasi nituen, eta gaur egun askotan erabiltzen ditut.
Orain, formakuntzaren batean al zaude?
Madrileko Magia Institutuan nabil, eta oso interesgarria da. Monton da institutuko zuzendaria. Bi urteko formakuntza da, eta bigarren ikasturtea egiten ari naiz. 30 irakasletik gora daude, tartean nazioarteko sariak jaso dituztenak, prestigio handia daukate. Bideo batzuen bidez ikasten dugu. Erraza da bertan ikastea, bost maila daude eta bakoitzean bederatzi bat modulu. Astero bideo bat, klase bat desblokeatzen zaigu, eta formulario txiki batzuk betetzen ditugu. Urte amaieran graduazioa izaten da, eta bertan erakustaldiak egiten ditugu. Jende berria ezagutu, eta oso ondo pasatzen da.
Zer egin zenuen iazko abenduan?
Ondo joan zen, baina azken orduko arazotxo bat izan nuen. Berba egin ostean, musika hasi behar zen, eta musikagaz jarraitu behar nuen karten trukoa egiten. Musikak atmosfera magiko batera eroaten zaitu, era batera edo bestera, gehiago sentitzen duzu musikagaz, eta justu egun horretan nik aukeratutako musikaren ordez, beste bat jarri zidaten; inprobisatu egin behar izan nuen. 30 segundoko isilunea sortu zen, eta apur bat txarto pasatu nuen, apur bat estutu egin nintzen. Baina publikoak ondo sentiarazi ninduen. Musika eta magia osagarri oso onak dira; gauza bisualak erakusteko ez da berba egiterik behar.
Zelan igarotzen da ikustetik ikastera? Ikusitakoa zelan praktikatzen da?
Apur bat zaila da, eta txikia zarenean frustrazio handia sentitzen duzu, gauza bat irteten ez zaizunean, asko desesperatzen zara. Baina oinarria dominatuta daukazunean, dena errazagoa da. Oinarriak jakinda, truko bat ikusten duzunean jakin dezakezu zelan egin.
“Magia berez magikoa da”
Zein da zure espezialitatea?
Printzipioz, kartekin egiten dut, baina beste batzuetan, ikuskizunen bat egiteko eskatuz gero, beste magia mota batzuk egiten ditut, adibidez, sokakaz eta bolagaz. Horiek beste era bateko trukoak edo beste efektu batzuk dira, magia de salon edo magia en escena bezala ezagutzen direnak. Kartomagia da gehien gustatzen zaidana, kartekin egindako magia. Beste pila bat modalitate daude, aukera asko daude. Pila bat truko dakizkit, errepertorioa handitzen-handitzen joan naizenez, denak gogoratzea ez da erraza, batzuk ahaztu egiten dira, erosten dituzun beste batzuk kaxoian geratzen dira…
Zer da zailena?
Beharbada, zailena da publikoa kontrolatzea eta ondo kontrolatuta edukitzea; zure gorputz espresioagaz ardurak edo tentsioa kentzea eta lasaitzea, eta publikoa ere horrela sentiaraztea lortzea da zailena. Mix direction deritzon metodoa erabiltzen da arreta desbideratzeko, publikoa distraitzeko. Hasieran hori lantzea ez zen erraza izan niretzat, baina, orain, ondo moldatzen naiz, gehiago ezagutzen naizelako eta publikoa adi mantentzeko zer egin dezakeedan hobeto dakidalako eta baita nik publikoak ikustea nahi ez dudana ez ikusteko ere.
Erreferenterik badaukazu?
Erreferenteetako bat Monton da. Beragaz institututik aparteko formakuntza berezi bat egiten nabil, Maestro deitzen dena. Norbera hobeto ezagutzeko balio du, truko bat zein ikuskizun bat zelan sortu ahal dezakezun irakasten dizu. Magia munduan zeure identitatea aurkitzeko balio du.
Zer da magia zuretzat?
Asko erabili dudan eta asko lagundu nauen tresna bat da magia; txikitatik oso lotsatia izan naiz, gaitasun sozialak ez neuzkan, eta magiak, modu batera edo bestera, gehiago zabaltzen eta lagun gehiago edukitzen lagundu dit. Uste dut magia berez, bere horretan, magikoa dela. Magiagatik izan ez balitz, ez nituzke egun ezagutzen ditudan pertsonak ezagutuko, eta ez nintzen izango gaur egun naizen pertsona.
“Musika eta magia osagarri oso onak dira”
Segundo Olaeta Musika Eskolako Herriz Herri kontzertu zikloan erakustaldiak egiten ari zara. Zelako esperientzia da?
Aurtengoa lehenengo urtea da. Segundo Olaetan Orkestran eta Komboetan nago, eta Orkestratik irten zen ideia, txelo irakasleak animatu ninduen. Bolaren eta sokaren trukoak prestatu nituen, eta arrakasta handia eduki dute, jendeari asko gustatu zaizkio. Batzuetan apur bat urduri sentitzen naiz; bolaren trukoa Foruko kontzertuan estreinatu nuen publikoaren aurrean, eta oso urduri jarri nintzen. Trukoak daukan mekanismoa da egiten duzun heinean gastatu egiten dela, eta aldatu egin behar duzula, eta gastatu eta jarraitu ezin izateko beldur izan nintzen. Zorionez, ez zen ezer gertatu eta publikoak gozatu egin zuen. Lehenengo kontzertuan baino gehiago gozatu nuen bigarrenean eta, gainera, horretan, Muxikako publikoak gehiago gozatu zuela sentitu nuen. Hori txaloekin asko ikusten da.
Musikaria ere bazara, zelan uztartzen dituzu magia eta musika?
Segundo Olaetan 2014-15 ikasturtean hasi nintzen biolinagaz, eta 2015ean hasi nintzen magia egiten. Gitarra elektrikoagaz orain lau urte hasi nintzen. Asko gozatzen dut. Gurasoak musikariak eta musika irakasleak dira, ama abeslaria da eta aita bateria-jotzailea. Horregatik, jaio nintzenetik artista genea eduki dut. Biak uztartzea apur bat zaila da. Denboraldi batzuetan biolinagaz edo gitarra elektrikogaz egoten naiz, beste batzuetan magiagaz bakarrik eta beste batzuetan, uztartu egiten ditut.
Magia ikuskizun bat non egitea gustatuko litzaizuke?
Lizeo Antzokian gustatuko litzaidake eta gerora, Bilbora edo beste leku batzuetara joatea. Gutxika-gutxika hasi eta prestigioa hartzen joan nahi dut.