"Diskriminatuta egon gara, gure lana ikusezina izan da; orain, ikusgai bihurtu da!"
Espainiako Senatuak saregile, neskatila eta paketatzaileen lan baldintzak duintzeko eta diskriminazioa amaitzeko neurriak jasotzen dituen Arrantza Lege berria onartu zuen martxoaren 8an.
Zer suposatu du zuontzat Arrantza Legea onartzea?
Ana Rosa Ispizua: Hainbeste urteetako borrokaren ostean, ikaragaz eta urduri joan ginen martxoaren 8an Espainiako Senatura. EAJko senatari Jose Maria Cazalisek bultzatuta, 2015. urtean ere saiakera bat egin zen, baina ez zuen aurrera egin, eta berriro berdina gertatzearen beldur ginen. Eguna luzea izan zen, ni neu Madrilera joan nintzen, eta goiz-goizetik atera ginen Bermeotik; bozketa ez zen arratsaldera arte egin, oso urduri egon ginen. Gure lekutik ezin genuen txalorik eman, baina gure erara ospatu genuen. Lorpen handia izan da, historikoa. Hala, saregileek, neskatilek eta paketatzaileek lau urte lehenago hartu ahalko dugu erretiroa, koefiziente murriztailea 0,15 izatea lortu dugu. Amaieran, Espainiako ministroa gu zoriontzera hurbildu zen, lortutakoagatik. Idurre Bideguren EH Bilduko senatari bermeotarrari eta bere lantaldeari eskerrak eman gura dizkiet, berriro ere gaia senatura eroateagatik eta eman diguten babes guztiagatik.
Bego Patiño: Nik neuk, erretiroa hartu nuen joan den urtean, hala eta guztiz ere, sasoia zen. Oso pozik nago beste emakume guztiengatik.
Noiz eta zelan hasi zineten borrokan?
A.R.I.: Urte asko eta asko dira. Bermeoko Neskatila eta Saregin Autonomoen Elkartea, Ondarruko Neskatilen Elkartea eta Saregin eta Kai Neskatileen Euskadiko Elkartea batzen dituen Itsasoko Emakume Langileen Eus-
kadiko Federazioa 2014an sortu bazen ere, batez ere, Gipuzkoako elkartetik eskatzen ibili izan diren gauza bat da, federazioa sortu aurretik ere.
B.P.: Diskriminituta egon gara, gure lana ikusezina izan da, lan asko eta asko egin badugu ere; eta, orain, ikusgai bihurtu da! Sasoia zen.
Lanbide guztietan gertatu modura, geurean ere hobekuntzak egon dira, baina, denetan egon diren moduan.
Amorrua ematen al du zuen lana gutxiesteak?
B.P.: Amorru handia ematen du, bai. Etsairik handiena, gainera, etxean bertan izaten genuen. Beti ikusi gaituzte gizonen laguntzaile modura, gu ez gara laguntzaileak, guk geure lana daukagu. Eta gure lana ez badago, itsasontzia ez dago prest arrantzan joateko. Lan desberdinak dira bata eta bestea, baina biak lanak. Etxean bertan gure lana horrela ikusten bazen, imajinatu kanpotik.
A.R.I.: Orain dela gutxi komentatu didate norbaitek idatzi duela gaur egun neskatilek eta saregileek apenas daukagula lanik. Egia da, gaur egun, ez dela nire amaren sasoiaren moduan lan egiten. Nire ama otzarekin joaten zen buruan, bata bestearen gainean jarrita. Nik neuk, otzarak ez ditut ezagutu, baina bai mota guztietako kutxak. Lanbide guztietan gertatu modura, geurean ere hobekuntzak egon dira, baina, denetan egon diren moduan. Egia da, gaur egun, ez daukagula zertan egun guztia portuan eman beharrik, telefonoak ere baditugu, eta itsasontziak portura sartzeko daudenean deitu egiten digute, eta orduan joaten gara portura.
Lanbide honegaz hazi zarete.
A.R.I.: Hala da, bai. Nire inguruko guztiek itsasora begira lan egiten zuten, eta ni ere 14 urtegaz hasi nintzen. Saregile lehenengo, eta horretarako beharrizan gutxiago egon denean, neskatil. Lehen, egun guztia ematen genuen portuan, ez genekien itsasontzia noiz sartuko zen, eta goizean goiz amantala soinean jarri eta portura joaten ginen. Itsasontzi asko zeuden orduan, eta hiruzpalau saregin ginen itsasontzi bakoitzeko. Gure itsasontzirako sareak josten ez bagenituen, beste batentzako egiten genuen, bata besteari laguntzeko prest geunden.
B.P.: Ni ere 13 urtegaz hasi nintzen portuan lanean, Ana Rosa modura, sareak josten eta behar zenean, neskatil ere bai. Lan asko eta asko egin dugu. Eguraldi txarragaz ere, ontzian bertan edo gero portuan lurrean jesarrita sareak josten eman ditugu orduak eta orduak. Gerora etorri ziren eserlekuak. Nik hasieran ez nuen gura horiek erabili, lurrean lanean jarraitzen nuen. Baina probatu nuenean konturatu nintzen askoz ere erosoaga lan egiten zela eserlekuan. Izterrentzako hobea zen, baita ere lepoarentzat.
Gaur egun portua berdina ez bada ere, asko eman didate itsasoak eta portuak. Zailtasunak zailtasun, berriro ere lanbide bera aukeratuko nuke.
Esperientzia bai, baina neskatil edo saregile lanbidea aitortzeko ikasketak egin behar izan dituzue.
A.R.I.: Hala da, txikitatik portuan lanean ibili eta gero esan ziguten gure lanbidea aitortzeko titulua behar genuela. Biak egin genituen, hortaz, Bermeoko Nautikan. Neskatilek saregileek baino gutxiago kotizatzen dute gaur egun ere.
B.P.: Hainbeste urte lanean egon ostean, eskarmentua gura beste izan, baina titulazioa eskatzen ziguten, eta hori ere egin beharra eduki genuen. Ondarroara joaten ere ibili ginen hiru hilabete.
Ibilbide gogorra bai, baina berriro errepikatuko zenukete.
A.R.I.: Nik ez daukat dudarik. Gaur egun portua berdina ez bada ere, asko eman didate itsasoak eta portuak. Zailtasunak zailtasun, berriro ere lanbide bera aukeratuko nuke.
B.P.: Bizitza osoa eman dut honetan, diru asko ere egin genuen sasoi batean. Hilabete batez kontserba enpresa batean lanean ibili nintzen, eta laster konturatu nintzen ez zela niretzat. Portua gustuko dut, eta berriro aukeratuko nuke.
Zerbait botatzen duzue faltan?
B.P.: Gure aurretik portuan gogor lanean ibili ziren emakume horien guztien lana ezagutarazi eta balioan jartzeko, ondo egongo litzateke herrian kale, plaza edo eskulturaren bat jartzea, euren omenez. Ondarroan, esaterako, badago. Portuan bertan, lehen inguru horretan egiten zen lana azaltzen duen informazio panel bat jartzea ere ondo legoke, herriko beste leku batzuetan egin den modura. Emakume asko eta asko bizi izan dira gurean itsasotik eta portuan, eta hori balioan jarri beharko litzateke.
Gobernuak belaunaldien arteko erreleboa bultzatu gura du. Sareak josten ikasteko ikastaro bat antolatu dute Orion; bederatzi pertsonek izena eman dute.
Zenbat zaudete Bermeoko elkartean?
A.R.I.: Gaur egun 11 pertsona gaude, baina 30 pertsonatik gora egon gara. Gertatzen dena da jendeak ez duela ardurarik gura, eta mahaiko kide ez izateagatik elkartea utzi dutela. Bego eta biok gabiltza presidente eta presidenteorde karguak ordezkatzen azkenengo bost urteetan.
B.P.: Federazioko batzarretara ere joan beharra daukagu. Hala, denon izenean gu ari gara borrokan.
Etorkizuna ikusten diozue lanbideari?
A.R.I.: Zenbat eta itsasontzi gutxiago, sareginak eta neskatilak ere gutxiago. Sareekin lanik ez dagoenez, urpekarientzako birziklatutako sareekin poltsak egin izan ditugu, itsasoko hondakinak batu ditzaten. Ecoembesentzako boltsak ere egin ditugu. Aldaketa handia beharko litzateke lehengora bueltatzeko, eta ez da bide hori ikusten. Gobernuak belaunaldien arteko erreleboa bultzatu gura du. Sareak josten ikasteko ikastaro bat antolatu dute Orion; bederatzi pertsonek izena eman dute. Ez dute gura katea amaitzea, pena handia izango litzateke.
B.P.: Espainiako erregin ohi Sofiak ere Malagako (Andaluzia, Espainia) Malagetan guk egindako sareekin egindako poltsetako bat izan zuen esku artean, argazki bat bidali ziguten. Sareginak Gipuzkoan daude gehienak, eta Kantabrian, Santoñan eta Colindresen ere badaude. Ondarroan, esaterako, azken bostek batera hartu zuten erretiroa, duela hiru urte inguru.